«Bikain ari da orain»

Realaren atepea zaintzeko, Rulliren aldeko apustu sendoa egin du Donostiako klubak, eta argentinarra oso ondo ari dela uste du Alberto Lopez talde txuri-urdineko atezain ohiak. Okerrak anekdota huts besterik ez direla dio.

Geronimo Rulli, belauniko, burumakur, San Mamesen, Athleticen aurkako derbian gola jaso ondoren. LUIS TEJIDO / EFE.
jon eskudero
Donostia
2017ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Denetariko iritziak topa daitezke Geronimo Rulli (La Plata, Argentina, 1992) Realeko atezainaren lanaren inguruan. Sare sozialei begiratu bat ematea aski da zaleen usteak irakurtzeko. Askoren esanetan, Realak izan dezakeen atezainik onenetakoa da, eta luzerako nahiko lukete Donostian. Ordea, kontrakoak ere baditu, eta horiek ez dute uste hain atezain eraginkorra denik ere; are gehiago joan den igandean Vila-realen aurka 0-1 galdu eta gero, urduri eta sendotasunik gabe aritu baitzen. Huts larri bat egin zuen lehenik, Bakamburi ahoko zuloan utzi baitzion baloia, eta goiko jokaldietan ere konfiantzarik gabe aritu zen. Hori gutxi ez, eta esan berri du amets duela etorkizunean Manchester Cityn jokatzea, eta, horregatik, kritikak egin dizkiote.

Zenbat buru hainbat aburu izaten direnez, denetariko usteei kasurik egin ez, eta presio horri gain hartzen ikasirik daude gaur egungo futbolariak. Benetako iritzi baten bila jo du BERRIAk, eta Alberto Lopez (Irun, Gipuzkoa, 1969) Realeko atezain ohiaren hitzak bildu ditu. Albertok hamazazpi denboraldi egin zituen elastiko txuri-urdina jantzita, 377 partida ofizial jokatu zituen guztira, eta ondo baino hobeto daki zer den Realeko atezaina izatea. «Talde batean dagoen posturik zailena da». Eta, hala eta guztiz ere, uste du Rulli lan ona egiten ari dela. «Taldearen maila berean ari da: ongi. Iragan sasoian, gorabeherak izan zituen, baina orain bikain ari da. Klubak apustu handia egin du haren alde, eta ez dago gehiago eskatzerik». Albertoren esanetan, hanka sartze batzuk egin ditu argentinarrak, baina hori «oso ohikoa» da. «Atezain batentzat oso garrantzitsua da defentsako lerroan ahalik eta aldaketa gutxien egitea entrenatzaileak. Rullik gehiago sufritu du Iñigo Martinez jokatu ezinda egon denean, baina, oro har, ondo ari da. Vila-realen kontrako hutsak anekdota besterik ez dira».

«Atezain osoa» da Rulli, Albertoren arabera. Hego Amerikako atezain gehienen modura, «abila da atepean», eta «gehiago sufritzen du» goiko jokaldietan edo baloia oinetan duenean. «Gaztea da, baina nortasun handikoa. Kale edo bale egin, hotz jokatzen du beti, eta hori eskertzekoa da».

Atezain ohiak azpimarratu du Rulliri esker «puntu asko poltsikoratu» dituela Realak. «Ezinbesteko jokalaria izan da askotan, eta garrantzitsuena zera da: taldekideen konfiantza osoa duela. Denek sinesten dute harengan. Lan ona egiten ari den seinale da».

Lan on hori, Realak ez ezik, gainerako taldeek ere ikusi egiten dute, eta Albertok normaltzat jo du Manchester City ate joka etorri izana. «Halako talde handi baten eskaintzari uko egitea oso zaila da. Pentsa, klubari ere ongi etor dakioke jokalaria eramatea, arrazoi ekonomikoengatik». Horregatik, kontu horiek ahaztu, Rullik eginiko adierazpen gatazkatsuak albora utzi, eta orain arte bezala jarraitzea litzateke egokiena. «Denboraldi honetan jarri behar du begirada Realak, eta Europara itzultzeko gogor lan egin. Hurrengo sasoian Rulli joaten bada, zer egingo den? Bada, beste bat fitxatu, eta kito. Merkatuan egongo da nahi adina aukera. Baina, Rullik bezala, beste edozein jokalarik ere badu arriskua Reala uzteko». Gainera, Albertok ez du uste Rullik Donostia utzi nahiko duenik. «Europarako sailkatuz gero, pentsatzen dut gure artean segituko duela».

Ez harrobi, ez lehiakortasun

Hala izango ez balitz, zuzendaritzak merkatua aztertzeari ekin beharko lioke, atezain ohiaren esanetan. Besteak beste, azken urteetan harrobia ez baita ari nahi bezalako fruituak ematen. Garai batean, sakratua zen Realak etxeko atezaina izatea. Hain zuzen, aldaketa hori Albertok berak jasan zuen. Javier Clementeren konfiantzarik ez, eta Mattias Asper fitxatu zuen Realak. «Polemika handia sortu zen; askok ez zuten ulertzen kanpotik nola ekar zezaketen atezain bat». Asperrek ez zuen bide luzerik egin, eta Albertok jokatu zuen ia beti. Hurrengo sasoian,ordea, Sander Westerveld herbeheretarrak kendu zion postua, ia behin betiko.

Salbuespenak izan diren arren, Westervelden garaitik, atzerriko atezainek izan dute pisu handiena Realean, eta Albertok harrobiaren falta sumatzen du. «Zubietan, jendea gogor ariko da lanean atezainekin, ziur, baina niri pena ematen dit lehen taldean jokatzen inor ez ikusteak. Kopan ere Rullik jokatzea deigarria izan da. Gustatuko litzaidake harrobiak fruitu gehiago ematea». Oraingoz, ez da hala gertatzen, eta horrek berekin dakar ia lehiakortasunik ez izatea Rullik. Lasaitasun gehiegi eman dakioke horrek? «Ez dut uste. Batzuk badira lehiakortasuna behar dutenak bere onena emateko, baina beste batzuk, ez. Rulli horietakoa da, eta, oso saiatua denez, hazten jarraituko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.