Bik musika jo, eta beste guztiek dantza

Jokin Etxanizek eta Aimar Olaizolak Aitor Elordiren eta Jose Javier Zabaletaren nagusitasuna nabarmendu dute, baina zehaztu dute beste zazpi bikoteak «oso berdinduta» daudela, eta azken jardunaldira arte «lehia estua» egongo dela.

Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta, ligaxkan lortutako zazpi garaipenetako bat ospatzen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Elordi eta Zabaleta alde batean utzita...»; Jokin Etxaniz (Bergara, Gipuzkoa, 1970) Aspeko zuzendari teknikoa eta Aimar Olaizola (Goizueta, Nafarroa, 1979) Baikoko kirol zuzendaria esaldi berarekin hasi dira aztertzen binakakoaren lehen ligaxkaren aurreneko itzulia.

Aspeko bi pilotari horiek osatutako bikotea beste guztien gainetik ibili da: zazpi partida jokatu ditu, eta zazpiak irabazi ditu. Nagusitasunez aritu da: 11 tanto baino gutxiago egin dizkiote lehiako.

Ezustean hartu du Etxaniz bera ere; batez ere, Elordik. «Lau eta erdikoan erakutsi zuen sasoi betean zegoela, baina, estelarren bat bakarrik jokatutakoa zen, inoiz ez halako txapelketa garrantzitsu eta luze bat. Zalantza genuen ea nola moldatuko zen. Baina ikusgarri ari da; ez zaio sumatzen lehen aldia duela; beteranoa dirudi». Zabaletarekin, ordea, ez du ustekabekorik izan. «Jartzen diozun bikotekidea jartzen diozula, beti dago faboritoen artean. Oso ondo ari da, baina uste dut hobeto aritu daitekeela. Itxaropen handia dugu bikote horrekin».

Elordiren eta Zabaletaren lanak ez du harritu Olaizola. «Azken urteetan agerian geratu da Zabaleta ondo baldin badago alde handia egiten duela. Eta hari Elordi bezalako errematatzaile oso ona jarriz gero... Nik hasieratik argi izan dut bikote faboritoetako bat dela».

Ados daude biak Elordi eta Zabaleta «koska bat gainetik» ibili direla, baina biek azpimarratu dute «txapelketa luzea» dela, eta «gorabehera asko» egon daitezkeela. Biek gogoratu dituzte ikusgarri hasi eta bidean geratu direnak; adibidez, Olaizola eta Mikel Beroiz, 2012an: lehen ligaxkako hamalau partidak, eta finalerdietako ligaxkako lehena irabazi zituzten, baina galdu egin zituzten hurrengo biak, eta ez ziren aritu finalean. «Pilotariak pertsonak dira, eta gorputzek gorabehera asko izaten dituzte: orain larri dabiltzanak indartsu ibil daitezke gero, eta aldrebes». Halere, uste dute Elordik eta Zabaletak «bideratuta» dutela ligaxkako lehen postua.

Eta lehen postutik behera, zer? «Parekotasun handia dago; lehia estua egongo da azkenera arte», nabarmendu dute biek. Hori dio ere sailkapenak: bigarren postutik [Unai Laso eta Ander Imaz] azkenekora [Erik Jaka eta Aitor Aranguren] hiru garaipen soilik daude.

Aspe Baiko baino baino gehiago izan da: hamasei partida jokatu dituzte bi enpresetako bikoteek elkarren kontra, eta 11 irabazi ditu Aspek, eta bost Baikok. «Pozik» daudela dio Etxanizek, baina segituan zehaztu du «arantza» dutela Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak osatutako bikotearekin: azken-aurrenak dira, bi garaipenekin. «Ez daude sasoiko, eta larri samar ibili dira; horregatik, erraz galdu dituzte partidak [11 tanto lortu dituzte batez beste galdu dituzten bost neurketetan]. Zenbait egunetan ez dira izan lehiakorrak». 2020an txapela irabazi zuten elkarrekin, baina, Etxanizen arabera, lehen egindakoak ez du balio. «Sasoiko badaude, bikote gogorra dira, baina, egun, ez daude sasoiko. Itxaropena dugu gora egingo dutela. Azkar egin behar dute, bestela, zail izango dute».

Sasoiko jartzen ari dira

Lau garaipen dituzte Aspeko beste bi bikoteek: Peio Etxeberriak eta Beñat Rezustak, eta Jokin Altunak eta Xabi Tolosak. Aurrenekoek behetik gora egin dute: lehen hiru partidak galdu ostean, irabazi egin dituzte hurrengo laurak; Baikoko bikoteen aurkakoak. «Ari dira jokoan sartzen. Lehen partidetan ere hortxe ibili ziren, baina azken orduko huts batzuengatik galdu zuten. Eta horrek buruari erasaten dio. Baina lehen garaipena lortzeak mesede handia egin zien». Etxanizen iritziz, Elordiren aldean, Peio Etxeberriari sumatu zaio lehen aldia duela. «Denok dakigu nola jokatzen duen Peiok: ez da begira geratzen; askotan, berdin zaio nor duen atzean. Hasieran, presioa nabaritu zuen pixka bat, baina lasaitu egin da, eta hobeto ari da. Bikote gisa ere hobeto ari dira. Gai dira edonori irabazteko».

Gorabehera gutxiago izan dituzte Altunak eta Tolosak. «Nahiko erregular aritu dira. Jokinek ez zituen lehen bi partidak jokatu, eta Danelek [Elezkano] ordezkatu zuen, ondo ordezkatu ere; puntu bat lortu zuten. Kosta egiten da haiei irabaztea; oso langileak dira. Gainera, Jokin sasoiko dago, eta horrek arriskutsu egiten ditu».

Olaizolak, berriz, «ontzat» jo du euren pilotariek egindakoa. «Pozik» dago, sasoiko jartzea falta zitzaienak ari direlako jartzen. «Unaik eta Anderrek gora egin dute; konfiantza handiagoz ari dira, eta azken bi partidetan oso ondo jokatu dute. Uste dut eutsiko diotela. Peña eta Jon [Mariezkurrena], ordea, indartsu hasi ziren, baina azkenaldian duda gehiago izan dituzte [hiru garaipen dituzte, baina azken hiru partidak galdu dituzte]; gainera, biek izan dituzte eskuko arazoak. Baina ziur naiz hobeto egin dezaketela; konfiantza handia dut haiengan».

Mikel Urrutikoetxeaz eta Jon Ander Albisuz, berriz, esan du «bikote ederra» egiten dutela, baina falta zaiela biek partida berean ondo aritzea. Azkenik, argi du Jakak eta Arangurenek gehiago merezi izan dutela.«Oso lehiakorrak izaten ari dira: Erik udan baino hobeto ari da; Aranguren, berriz, oso ondo ari da; gorakada handia izan du azken bizpahiru hilabeteetan. Hura nabarmenduko nuke gure pilotarien artean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.