Historikoa izan daiteke 2025. urtea euskal pilota selekzioarentzat. Ondo bidean, badirudi estreinakoz ofizialki lehiatuko dela ezkerparetan, urteetako borroka eta aldarrikapenen ondoren. Besteak beste, Nazioen Liga jokatuko da Gernikan (Bizkaia), zesta puntako elite mailako gizonezkoetan zein emakumezkoetan, maiatzaren 31n hasi eta ekainaren 6ra bitarte. Eta azken orduko atzera-bueltarik ez badago, euskal selekzioa partaide bat gehiago izango da.
Zehazki, iazko abenduaren 28an izendatu zuten Euskadiko Euskal Pilota Federazioa nazioarteko federazioko eskubide osoko kide, Iruñean egindako bozketan. Geroztik lurrikara izugarria izan du pilota munduak, batez ere Espainiako Pilota Federazioak auzitara eraman duelako gaia, Euskadiko Euskal Pilota Federazioa eta Nazioarteko Pilota Federazioa salatuta. Oraintxe Kirola Arbitratzeko Epaitegian (TAS) dago gaia, Lausanan (Suitzan), eta ezin jakin daiteke noizko emango duen erantzuna. Bien bitartean, euskal selekzioak bere bidea egingo du, eta dagoeneko ofizialtasunari begira lanean ari dira arduradunak. Historiari begiratu bat eginda, kronologia batean laburbildu du BERRIAk azken hilabeteek zer eman duten.
1980tik 2000ra: aurrekari historikoak
Urteetan, euskal pilotariek Espainiako eta Frantziako banderen mendean jokatu behar izan zituzten nazioarteko txapelketa ofizialak. Lehen aldiz, 80ko hamarkadan sortu ziren kirol eta gizarte eskakizunak, euskal selekzioak ordezkaritza izan zezan. Txapelketa ofizialetako ordezkaritzetan euskal pilotariak ziren gehienak, eta pilotari asko ez ziren eroso sentitzen Espainiako edota Frantziako elastikoekin.
2000tik 2014ra: lehen pauso sinbolikoak
Aitortza ofizialik izan ez arren, euskal pilota selekzioak lagunarteko lehen partidak jokatu zituen, eta halakoak oso baliagarriak izaten ziren euskal identitatea indartzeko eta instituzioen arteko eztabaida sustatzeko. Lagunarteko partida horietan bistaratzen zen jendea oso gogotsu zegoela euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzeko. Indar soziala gero eta handiagoa zen. Esaterako, 2014an lagunarteko lau jaialdi antolatu zituen Euskal Pilota Federazioak, euskal selekzioaren eta Mexikoren artean: Hernanin (Gipuzkoa), Amurrion (Araba), Beran (Nafarroa) eta Zaldibarren (Bizkaia). Mexikok munduko txapeldun izan berritan bisitatu zuen Euskal Herria, eta, estreinakoz, halako jaialdiak antolatu ziren, Nazioarteko Pilota Federazioaren oniritziarekin. Helburua, hauxe: luze gabe ofizialtasunari bide egitea.
2018an: berrantolaketa estrategikoa
Euskal Pilota Federazioak barne antolaketa hobetu zuen, batez ere gaitasun tekniko eta juridikoei begira, eta lehiaketa sistema propioa egonkortu zuen, jomugan hartuta ofizialtasuna irits zitekeela luze gabe.
2022ko abenduaren 30a: Espainiako Kirol Legea
EAJk eta PSOEk egindako akordio baten ondorioz, Espainiako Kirol Legea onartu zuten, eta 48.2 artikuluak honela dio, besteak beste: autonomia erkidego batean kirol bat historikoki errotuta badago, erkidego horretako federazioak parte har dezakeela nazioarteko txapelketetan. Horrek atea irekitzen die pilotari eta surfari. Ofizialtasuna lortzeko, Nazioarteko Federazioak gehiengo osoz hala bozkatzea faltako litzateke, baina lehen baldintza hori lortuta, euskal pilota selekzioaren itxaropena bizitu egin zen.
2023ko martxoaren 6a: integrazio eskakizuna NPFri
Denborarik galdu gabe, Euskal Pilota Federazioak integratzeko eskakizuna egin zion Nazioarteko Pilota Federazioari, eta formalki bi akordio sinatu zituzten: euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko borondatea agertzea jendaurrean, eta martxan jartzea eskubide osoko kide izendatzeko tramite guztiak. Astebete geroago, EEPFk ofizialki eskaera egin zion nazioartekoari, eta martxan jarri zuela prozesua komunikatu zion Espainiako Kirol Kontseilu Gorenari. Horretarako beharrezkoak ziren dokumentu guztiak igorri zituzten Madrilera.
2023ko uztailaren 29a: Mexikoko bozketa, ezerezean
Nazioarteko Pilota Federazioak ezohiko batzar orokorra antolatu zuen Mexiko Hirian, estatutuen erreforma bati buruz eztabaidatzeko eta Euskadiko Pilota Federazioaren onarpena bozkatzeko. Azken unean, bozketa gai zerrendatik kanpo uztea erabaki zuten, nazioen ikuspuntuak ez zetozelako bat. Kolpea hartu zuten Mexikora joandako euskal ordezkariek, baina aitortu zuten baikorrak zirela epe laburrera begira.
2024ko irailaren 18a: integrazio eskakizuna, bigarrenez
Horregatik, urtebete geroago berriro ere eskubide osoko kide izateko eskaria egin zion EEPFk nazioartekoari. Federazioko kideek lanketa handia egin zuten urte horretan, bozketa batean baiezkoa ateratzeko helburuarekin. Euskal instituzioen babesa zuen eskariak.
2024ko abenduaren 28a: egun historikoa
Bigarrenean bai: nazioartekoak batzarra egin zuen Iruñean, eta onartu zuen Euskadiko Euskal Pilota Federazioa eskubide osoko kide izatea. Horretarako, bi herenen gehiengoa lortu zuen, eta, babes horri esker, urte luzeetako helburua bete zuten euskal ordezkariek. Espainiak eta Kubak ez zuten bozkatzeko aukerarik, zigortuta zeudelako. Bi herrialde horiek berehala jakinarazi zuten bide judiziala hartuko zutela erabakia atzera botatzeko. Aitortza horrek ez zuen zapuztu euskal ordezkarien poza, mugarri historikoa ezarri berri zutelako.
2025eko urtarrilaren 16a: apelazioaren aurkezpena
Hitza betez, Espainiak eta Kubak helegitea jarri zuten Kirola Arbitratzeko Epaitegian, zera inpugnatzeko: estatutuen erreformaren legezkotasuna, bozketaren balioa eta Euskadiko Pilota Federazioaren onarpena.
2025eko urtarrilaren 18a: Javier Conde, Espainiako presidente
Bi egun geroago, presidentea aldatu zuen Espainiako Pilota Federazioak. 34 urteko ibilbidearen ondoren, Javier Garcia Angulok amaitutzat eman zuen bere lana, eta Javier Condek ordezkatu zuen. Condek Nafarroako Pilota Federaziotik egin zuen jauzia Espainiakora, eta hauteskunde kanpainan zera adierazi zuen: zubiak eraikitzeko prest zegoela. Hasieran, haren jarrera euskal selekzioaren aldekoa izango dela zirudien, baina ekintzek kontrakoa adierazi zuten. Ez zuen kendu helegitea TASetik, eta gogor jo zuen ofizialtasunaren kontra, etengabe. Jarrera horrek ezustean hartu zituen euskal ordezkariak.
2025eko urtarrilaren 25a: Joxemari Mitxelena irabazle
Urak harrotuta egon arren, lau urtean behingo hauteskundeak iritsi zitzaizkion Euskadiko Euskal Pilota Federazioari, eta Joxemari Mitxelena buru duen hautagaitzak irabazi zuen, Enaitz Olaetaren hautagaitza 47 eta 30 garaituta. Mitxelena lau urtez diruzain lanetan aritua zen aurrez, eta ilusioz heldu zion erronka berriari. Kargua hartu bezain laster, gutun bidez jaso zuen TASeko salaketaren xehetasunen berri.
2025eko urtarrilaren 27tik otsailaren 6ra: bileraz bilera
Hauteskundeetako bozketaren emaitza barneratzeko denborarik gabe, bilerei heldu zien Mitxelenak. Besteak beste, batzarra egin zuen Xavier Cazaubon Nazioarteko Pilota Federazioko presidentearekin. Biek hitzartu zuten eskutik joan behar zutela prozesu horretan, biak zirelako salatuak. Gainera, kontuan hartu behar da urtebeterako probaldian dagoela Euskadiko Pilota Federazioa, eta ezin duela nolanahi jokatu. Cazaubonekin ez ezik, Conderekin ere bildu zen Mitxelena, baina bilerak ez zuen fruiturik eman. Bere interesak defendatu behar zituela adierazi zuen Espainiako Federazioko presidenteak.
Bilera emankorra egin zuten EEPFk eta Espainiako Kirolaren Kontseilu Gorenak otsailaren 6an. Jose Manuel Rodriguez Uribesek esku zabalik hartu zituen euskal ordezkariak Madrilen, eta adierazi zuen prozesu guztia legearen barruan eginda zegoela eta ofizialtasunak aurrera jarraitzen zuela.
2025eko otsailaren 12tik 19ra: Nazioen Liga prestatzen
Euskal selekzioaren ofizialtasunak estreinaldiko eguna hitzartu zuen: maiatzaren 31. Hain zuzen, EEPF Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Diputazioarekin bildu zen, eta adierazi zuten euren esku hartuko zutela Nazioen Liga antolatzea. Euskal Pilota Federazioak babes osoa jaso zuen hasieratik euskal alderdi politikoen aldetik, eta denen arteko lanketan hasi ziren. EITBrekin ere bilera bat egin zuten Nazioen Liga emititu ahal izateko.
2025eko otsailaren 26a: TASen dirua jartzea
Ofizialtasuna bere bidea egiten hasteaz batera, TASeko helegiteak aurrera egin zuen, eta EEPFk 13.400 euro jarri behar izan zituen. Horrez gain, Suitzako abokatu bat hartu zuen, erroak Euskal Herrian dituena, prozesuaren xehetasunei gertutik erreparatzeko.
2025eko martxoaren 3a: Baionara begira
Euskadiko Euskal Pilota Federazioa nazioartekoarekin bildu zen Baionan, txapelketa ofizial batean parte hartu ahal izateko kirol baldintzak hitzartzeko. Bertan hainbat kontu ere bazeuden erabakitzeko: batez ere, nork ordezka dezakeen euskal selekzioa. Soka luzea ekarri zuen gaiak, eta, momentuz, hitzartu zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erroldatuta dagoenak baino ezin joka dezakeela euskal selekzioan. Nafarrei ate bat irekita utzi zaie: haiek ere hiru urtez Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan erroldatuta egotea.
2025eko martxoaren 12a: erabateko haustura
TASeko salaketari dagokionez, Kirolaren Kontseilu Gorena ahalegindu zen gauzak bere onera ekartzen, eta Madrilen bildu zen Espainiako, Euskadiko eta Nazioarteko Pilota Federazioetako arduradun juridikoekin. Ez zen akordiorik lortu, Espainiako ordezkariek ez zutelako onartu nahi euskal selekzioaren parte hartzea. Horrek haserrea sortu zuen batez ere nazioartekoan, eta astebete geroago deitutako bilera bertan behera utzi zuen. Gainera, mahai gainean jarri zuen Espainiako Federazioa nazioartetik kanporatzeko aukera.
2025eko martxoaren 17a: egunkariaren azala
Espainia ez zen besoak gurutzatuta geratu, eta, asteburuan futbol ligarik ez zegoela baliatuta, Espainiako kirol egunkari ospetsu batek pilota kontuei heldu zien. Azalean bertan eman zuen ofizialtasunaren aurkako aldarria. Albisteak oihartzun zabala izan zuen, eta presioa jasan zuten Euskadiko Euskal Pilota Federazioko kideek. Dena den, egun bat geroago, Rodriguez Uribesek euskal selekzioaren alde hitz egin zuen publikoki, eta adierazi posible zela euskal selekzioak Nazioarteko Pilota Federazioak antolatzen dituen txapelketetan parte hartzea.
2025eko martxoaren 20a: GRABNI, ordezkari denekin
Azkenean, nazioartekoak erabaki zuen Espainiako Pilota Federazioa ez zigortzea, argudiatuta pilotariek galduko luketela arduradun baten erruz. Ondorioz, Euskadiko Euskal Pilota Federazioak antolaturiko GRABNI txapelketan ere ordezkari guztiak biltzen dira azkenean, Nafarroa eta Errioxa barne.
Etorkizunera begira, zer?
Egunez egun albisteak sortzen ari dira, baina gauza bat dago argi: ofizialtasunak aurrera jarraitzen duela eta Nazioen Ligan partaide izango dela euskal selekzioa. Dena den, TASen eskuetan dago gaia, eta ikusi beharko da zer eta noiz erantzuten duen. Txarrenera jota Espainiako Federazioari arrazoi emango balio, batzarreko bozketa berriz egin beharko litzateke.