Bidegurutze berberaren lau bidexka dira Joxean Fernandez Matxin (Lampre), Bingen Fernandez (Garmin), Josu Larrazabal (Trek) eta Patxi Vila (Tinkoff). Lau euskal herritar World Tourrean, atzerriko lau talde erraldoitan, pedalei eragin gabe, aginduak eman eta eman. Euskaltel desagertuta, ikurrinaren kolorea falta zaie maila nagusiko pedalkadei —Movistar da Euskal Herriko talde bakarra—. Baina atzerrian ez dira ahaztu euskal harrobiarekin. «Geure ariman sartuta dago txirrindularitza; gure kulturaren parte da». Garmineko zuzendariaren hausnarketa da hori. Ez dago beste sekreturik.
Patxi Vila (Bera, Nafarroa, 1975) izan da nazioarteko tropelaren azken fitxaketa. «Azken bi urteotan lanean ibili naizen bizikleta marka, Specialized, Tinkoff taldearen bizikleta hornitzailea da, eta harreman polita sortu zen bion artean». Ezezkoan zegoen nafarra. «Ez neukan asmorik zuzendari izateko». Baina ondo pentsatzeko eskatu zioten. «Eta ezinbestean eman nien baiezkoa». Taldeak Kilimanjarora egin berri duen «bidaia aberasgarritik» bueltan, «esperientzia polita» izango dela sinetsita dago beratarra. «Koskatxo bat gehiago izango da bizi-abentura honetan». Specializedekin egiten zuen «alor tekniko hutsa» alboratu, eta «alor teorikoari, praktikoari, eta giza alorrari» heltzea tokatuko zaio orain. «Bi aldeek adostuta», urtebeterako kontratua sinatu du. «Gero gerokoak».
Astronauta, futbolari, mediku... Neska-mutikoek antzekoak aipatzen dituzte nagusi direnean zer izan nahiko luketen galdetuta. Baina, kirol zuzendari ere bai? «Ez, ez; nire kasuan, ez». Bingen Fernandezek (Bermeo, Bizkaia, 1972) bat egin du Vilarekin. «Lionel Marie nire zuzendari izandakoak eskatu zidalako eman nuen pausoa». Bermeotarrak 2009an hartu zuen erretiroa Cofidisen, eta 2010ean ekin zion Garmin-Slipstreameko zuzendari lanari. Bost urteko esperientzia dauka, beraz, eta 2016ra arteko kontratua dauka sinatuta.
Umetako ametsak hizketa gai hartuta, beste muturrean kokatu dira Josu Larrazabal (Orozko, Bizkaia, 1981) eta Joxean Fernandez Matxin (Basauri, Bizkaia, 1970). «Kadeteetan jada asko gustatzen zitzaidan zuzendari lan hori», hasi du azalpena Larrazabalek. «Eta entrenatzen ari ginen batean, ordurako profesionaletan zebilen bati esan nion huraxe zela nire ilusioa». Oso zaila zela nahi nuen hura eta beste bideren bat hartzeko, argia izan zen erantzuna ere. «Baina, beste bide batetik bada ere, txirrindulari profesionala izan gabe ere, Euskadi Fundazioak eman zidan aukera umetako ilusioa gauzatzeko». Azken bi urteak RadioShack eta Trek artean eginda, beste bi urterako kontratua da orozkoarrak.
Matxinek ere oso umetatik zekien bizikleta gainean ez baina, auto barruan zeukala etorkizun oparoagoa. «Betidanik gustatu izan zait zuzendari lana. Txirrindulari gisa ez nuen irabazten nahi adina; buruarekin lehiatzen nintzen hankekin baino gehiago». Gazte batentzat seinale txarra da hori. Gogoan dauka nola joaten zen Carlos Matxin bere lehengusuaren lasterketak ikustera. «Eta ordurako nahiago izaten nuen autoan joatea, mendateren batean txirrindulariak ikustea baino». Abentura horietako batean, orduko Hueso taldearen hotelean igaro zuen gau bat. «Eta erabat iltzatuta geratu zitzaidan momentu hura». 1992an hasi zen txirrindulari-zuzendari lanetan, CHCS taldearen harrobian —CHCS desagertu egin zen berehala—. Larunbatean, bizikleta gainean, eta igandean, autoan sartuta. Horrela ibili zen lehen urte haietan Matxin. 23 urte geroago, abenduaren 31ra arteko kontratua dauka Lamprerekin, eta datozen egunetan da Italiara joatekoa, lotura hori luzatu edo ez erabakitzeko.
Hizkuntzak, beharrezkoak
Iritsi berria izaki, Vilak badauzka beldurrak eta ezinegonak. «Dena daukadalako ikasteko. Eta horrelakoetan beldur edo zalantza pixka bat izaten da beti». Baina eduki ditzakeen ispilurik egokienetako hiru dauzka parean. «Hizkuntza eta kultura kontuak izan ziren zailenak lehen urtean», onartu du Bingen Fernandezek. «Matthew White txirrindulari gisa eta Lionel Marie zuzendari lanetan neuzkan ondoan, eta asko lagundu zidaten hasiera hartan». 2010ean Garminen eskaintza onartu zuenean, «ingeles maila ona» zeukala argitu du bermeotarrak. «Baina maila ona eta perfekzioa ez dira gauza bera». Adibide batekin azaldu ditu lehen lasterketetako komeriak: «Ingelesez gurpila nola esaten den ez badakizu, adibidez, hor hasten zara nahasten 'bizikletak eramaten dituen bi gauza borobil horiek, bueltaka ibiltzen direnak...'. Ez du batere laguntzen esaldiak luzatu behar horrek».
Matxinek ere ez du izan zalantzarik. «Hizkuntzarena da gogorrena. Italiara joan nintzen lehen aldian kosta egin zitzaidan helarazi nahi nuen guztia helaraztea, eta oraindik ere kostatzen zait». Nahikoa ondo menderatzen ditu ingelesa, frantsesa eta italiera. «Baina ez da gauza bera jatetxe batean menua eskatzea edo agindu zehatzak ematea». Aholkuak jasota, eta pausorik zailena hizkuntzarena dela entzunda, Vilaren oinarria ez da txar-txarra. «Euskaraz gain, gaztelania, frantsesa, ingelesa eta italiera menderatzen ditut. Teknikoki nahikoa prestatuta nagoela uste dut, baina zuzendari izatearen osotasun hori praktikan jartzeak eragiten dit errespeturik handiena». Zuzendari lanetan nolakoa izan nahiko lukeen ere argitu du beratarrak. «Txirrindulari gisa nire zuzendaria izatea nahi izaten nuen hura. Une gogorretan asko eskertzen dira hitz batzuk; lasterketa amaituta, lasaitasun une bat behar izaten da... Xehetasun txiki horiek kontuan hartzen saiatuko naiz».
33 urte betetzear dela, Larrazabalena da kasurik bereziena. «Euskaltelen sei urte igaro ondoren, Luca Guercilena garai hartan RadioShackeko prestatzaileen burua zenak deitu zidan». Bere ondoan nahi zuen bizkaitarra. «Prestatzaile gisa». Baina txirrindularitzan nekez egiten du bakoitzak lan bakarra. «Prestatzaile eta bigarren kirol zuzendari gisa hasi nintzen lanean». Baina Guercilenak manager lanari heltzearekin batera egin zuen gora Larrazabalek. Prestatzaileen burua da orain. «Eta kirol zuzendaria ere bai, hala egokitzen denean». Prestatzaile lanaren arabera egituratzen du urteko egutegia. «Egin beharreko kontzentrazioen arabera». Gutxi-asko, badaki nondik nora ibiliko den 2015ean. «Murtzia, Almeria eta Andaluzian hasiko naiz; Paris-Niza eta Volta gero; eta Giroko azken bi asteak, Tourra, Vuelta eta Munduko Txapelketa azkenik». Ondorioa? «115-120 egun etxetik kanpo».
Matxinek mugara eraman du etxetik kanpo igarotzen duen egun kopurua. «Abenduko kontzentrazioekin hasita, 276 egun pilatu ditut aurten!». Bingen Fernandezek, berriz, «150-180». Onartu du «egun asko» direla. «Eta okerrena da etxera itzulitakoan hurrengo probak prestatu behar izaten direla; ez dago aukerarik buruari atseden emateko». Esperientzia berria izaki, Vila oraindik ez da hasi egun horiek kontatzen. «Baina azken bi urteotako lanak indar eta denbora asko eskatu dit. Bi urte zoragarri izan dira, baina lan honekin egun gehiago igaroko ditut etxean».
Andy eta Frank Schleck, Fabian Cancellara, Alberto Contador, Dan Martin, Ryder Hesjedal, Rui Costa... Zaleen begietara munstroak dira gehientsuenak. «Baina eguneroko lanean ohartzen zara pertsona arruntak direla». Larrazabalek onartu du Samuel Sanchezek, bere garaian, eta Schleck anaiek eta Cancellarak, ondoren, «errespetu handia» sortu ziotela hasieran. «Baina, aldi berean, euren ondoan ikasi nuen arrunt-arruntak zirela. Pentsa litekeen baino askoz samurragoa da eurekin lan egitea».
Laguntasunari muga jarriz
Kontzentrazioak, lasterketak, posta elektronikoak, deiak... Lotura berezia sortzen da zuzendarien eta txirrindularien artean. Baina zuzendaria izan al daiteke txirrindulariaren laguna? «Bai, zalantzarik gabe». Vilak eta Matxinek segundo erdi bat ere ez dute behar izan erantzuteko. «Lagun izate horrek asko erraztu izan dit txirrindulari bakoitzari daukan baino pixka bat gehiago ateratzen». Matxinen esana gehiago zehaztu du Vilak. «Laguna izan daiteke, eta izan behar du. Benetako lagunek gauza gogorrak esaten dizkiote elkarri, eta zuzendariak ere hala egin behar du».
Bingen Fernandezek eta Larrazabalek baina txiki bat gehitu dute erantzunean. «Batzuetan izan daiteke laguna», hasi da bermeotarra. «Baina beste batzuetan muga jarri behar da. Lasterketa lasterketa da. Kito. Handik kanpora bai, handik kanpora izan daiteke laguna». Orozkoarraren hitzetan ere jakin egin behar da gauzak bereizten. «Lasterketan gauza asko esan behar izaten zaizkio txirrindulariari, komunikazioak oso argia izan behar izaten du, eta ez bazara gai ondo bereizteko, akatsak egin ditzakezu».
Elkarri gauza asko esan behar horretan, zuzendarientzat ezinbesteko tresna bihurtu da entzungailuarena, inguruan nahikoa eztabaida sortu duen arren. «Baina zein kiroletan ulertzen da zuzendariak ezin duela eduki inolako komunikaziorik kirolariekin?». Larrazabalek erantzun egin die entzungailuarekin lasterketak «lotuago» egoten direla esaten dutenei. «Garapenaren ondorio da hori. Entzungailurik gabe ere berdin-berdinak izango ziren lasterketak; txirrindulariek azken orduan joko zituzten erasoak». Bizkaitarraren hitzetan, «berdintasun handia» dago gaur egun tropelean. «Garai batean denak ez ziren profesionalak, alde handiak egoten ziren, eta horregatik izaten ziren lasterketak eroagoak». Lau zuzendarien iritzia bere eginda, Matxinek itxi du eztabaida: «Entzungailuaren alde ez dagoen zuzendaria ez da zuzendaria, taxi gidaria da. Komunikazioaren aroan gaude, ia denok daukagu sakelakoren bat, eta txirrindularitzan atea itxi nahi diogu komunikazioari. Ez dauka inolako zentzurik».
Txirrindulariaren psikologo, aholkulari, entrenatzaile, zaintzaile, lagun, etsai... Hori guztia da kirol zuzendaria. Matxinen kontratu kontuak argitu zain, «eta lehiakortasuna oinarri hartuta», 2015ean nazioarteko bidezidor banatan bihurguneak hartu eta hartu ibiliko dira Euskal Herriko lau zuzendari. Ezkutuan beti, baina munstro handien garaipenen eta porroten zati handi bat eurena ere badela barneratuta.
Bihurguneetako psikologoak
Euskal Herriak kolpea hartu zuen iaz Euskaltel desagertuta, baina, Movistarren egituraz gain, 2015ean lau euskal zuzendari ariko dira lanean nazioarteko puntako lau taldetan: Josu Larrazabal (Trek), Patxi Vila (Tinkoff), Joxean Fernandez 'Matxin' (Lampre), eta Bingen Fernandez (Garmin).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu