Sevillak (Espainia) omen duen kolore berezia gorria dela sinetsirik egin dute Iruñetik harainoko bidea Osasunaren milaka zalek, Espainiako Kopako finala ikusteko. Zenbaitek atzo egin zuten joaneko bidaia, baina, egiazki, gaur eta bihar ailegatuko da —edo ari da ailegatzen— olatu gorriaren parte handiena. Trenez, hegazkinez zein errepidean. 25.000 gorritxo inguru espero dira bihar Sevillako kaleetan; horietako 21.000 inguruk zuzenean ikusiko dute Real Madrilen kontrako partida, Cartuja estadioan.
Finalaren bezperan, autobus mordoa atera da Iruñetik Sevillara. Zehazki, Sadar zelaiaren paretik abiatu dira lehenak, 09:30ean. Halere, artean 09:00ak ere ez zirenean, jadanik betea zen ingurua. Haur, gazte eta heldu, denak ziren zain, gorriz jantziak gehien-gehienak. Eta, horien artean, Lucrecio Lukin. Osasunako Beteranoen Kirol Elkarteko presidentea eta taldeko atezain ohia da Lukin—zortzi urtez izan zen jokalari, 1960ko hamarkadan—, eta, oraingo aldian, seme eta ilobekin doa taldea animatzera. Ilobek sekula ez dute ikusi Osasuna final bat jokatzen, baina berak ederki oroitzen du orain dela hemezortzi urtekoa. Zuhurtziak bultzaturik, ez da ausartu esaten Osasunak orduko hartan baino aukera gehiago dituen kopa etxeratzeko, baina argi du ezin dela galdutzat eman: «Irabazteko aukerak ditugu. Inolako aukerarik ez dutenak dira honaino iritsi ez diren taldeak, bidean gelditu direnak».
Izatez, gorritxo gehienak aldarte antzekoarekin daude biharkoari begira. Baikor, eta argi izanik ez diotela beldurrik sufrimenduari. Are, Antsoaingo (Nafarroa) gaztetxo kuadrilla bat kantuan ari da indarrez eta pozik, kopa dagoeneko haiena balitz bezala. Lepoei lotuak dituzte bandera gorritxoak, kapak balira bezala.
Gaztetxoek Iruñeko Txantrea auzoko lagun talde bat dute haiei begira. «Gu gozatzera goaz, besterik ez», esan du talde horretako Mertxe Eliasek, eta iradoki du emaitzari buruz ez dutela askorik hausnartu. Ordea, semeak xaxatu egin du, eta, orduan bai, egia osoa kontatu du, lotsak bazter utzita. «Konturatu gara hartu dugun autobusarekin ez garela garaiz iritsiko garaipena Udaletxe plazan ospatzera», aitortu du. Iruñeko Udalak esan du biharko 19:15ean eginen dela ospakizuna, Osasuna garaile bada.
Noaingo (Nafarroa) aireportuan ere sumatu da finalaren eragina. 13:00 aldera, zuzenean Sevillara doan hegazkina atera da gaur. Horixe hartu du Amaia Indabek, «festa giroan». Argitu du epaileak neurketaren hasiera adierazi baino askoz lehenago hasi dela finala, eta, beraz, baita hark eragindako jaia ere. Halaber, sinetsia dago Osasunak abantaila handi bat duela Real Madrilen aldean. «Ez dut uste finala guk adinako ilusioarekin jokatuko dutenik, eta hori nabaritu egingo da».
«Sevillak goxo har gaitzala»
Trenak ere gorri izan dira finalaren bezperan; lepo izan da, beraz, Iruñeko tren geltokia. Esaterako, hantxe eman dute tarte bat Ana Zaratiegi eta Ane Martinez ama-alabek . «Urduri, baina pozik, Baina batez ere urduri». Trenera igo aurretik kontatu dutenez, garaiz ibili dira bai tren billetea bai hoteleko gaua hartzeko. «Oso», izatez. «Sevillako hotela Betisi irabazi bezain laster hartu genuen; trena, Ibañezek Athletici gola sartu eta ziztuan. Osasunaren gola, eta klik ordenagailuan», kontatu du Zaratiegik.
Zaratiegi eta Martinezen aurreikuspen berarekin jokatu izanez gero, akaso tren berean leudeke Leyre Lezaun eta bere senideak ere —anaia eta koinatua—; baina ez zen hala gertatu. Dena dela, ederki moldatu dira, eta karabanan egin dituzte helmugara arteko kilometroak. Gasteizen alokatu dute, Iruñean hartzea baino puskaz merkeagoa baitzen. «Egindagoak eginda, orain bai, Sevillak goxo har gaitzala».