Bihotzean eramango du

Lau urtez Lagun Aroko entrenatzailea izan ondoren, hunkituta utzi du taldea Pablo Lasok, eta esker oneko hitzak izan dituGorka Ramonedak esan du bi-hiru eguneko epea hartuko dutela ordezkoa hautatzeko

Iñaki Lasa Etura.
Donostia
2011ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Hunkituta eta malkoei nekez eutsita esan dio agur Pablo Lasok Lagun Aro Gipuzkoa Basket Clubi. Lau urtez izan du Donostia bere etxe entrenatzaile gasteiztarrak, baina maletak hartu eta Madrilera joatea erabaki du, aspaldian norabidea galduta dabilen Real Madril bideratzen saiatzera. Irribarre urduri batekin azaldu zen atzo Illunbeko prentsa aretoan, barreneko sentimenduak gorde ezinda, eta Gorka Ramoneda presidentearen laguntzarekin. Madrileko trena hartzeko zalantzarik izan ez duen arren, gogorra egin zitzaion agurtzea Lasori.

Atzokoa entrenatzaile denetik eman duen «prentsaurrekorik zailena» izan dela aitortu zuen, burura zetozkion bizipen guztiak kontrolatzea zaila egiten ari zitzaiolako. Momentu oro eskuak igurtzitzen eta erlojuarekin jolasean aritu zen, bere burua baretze aldera. Dena den, eskertu egin zuen ezkutuan ibili gabe eta guztia aurpegira esanda agurtzea. «Edozeinek sinatuko lukeen» agurra eduki zuen.

Harreman oso ona izan dute urte hauetan Lasok eta zuzendaritzak. Azken urtean bere lanarenganako kritikak areagotu egin diren arren, konfiantza berretsita bi urterako luzatu zioten kontratua sasoia amaitu aurretik. Elkarrenganako esker oneko hitzak izan zituzten, eta etorkizuneko proiektuetarako zorte ona opatu zuten. Ramonedak eta Lasok duten harreman estuaren isla izan zen prentsaurreko amaieran eman zuten besarkada.

Egindako lanarekin «harro» agertu zen atzo gasteiztarra. Bere aburuz, «talde hau orain dela lau urte zena baino hobea egiten lagundu» du. Oroitzapenen kaxa irekita, orain lau urte Miguel Santos garai hartako presidentearekin kafetegi batean izandako elkarrizketa bat ekarri zuen gogoraLasok. Orduan, «proiektu itxaropentsu» baten inguruan hitz egin zion Santosek, eta lau urte geroago, proiektu hori «bete» egin dela uste du gasteiztarrak. Urteotan tartekatutako momentu gogorrenak eta unerik goxoenak ere gogorarazi zituen. Azken horiek une zailei nagusitu zaizkiela jakinarazi zuen.

Lagun Aroko entrenatzaile izan den bitartean, taldearekin batera «hazi» dela uste du. «Lan ona» egin duelakoan dago, eta zuzendaritzak bere erara lan egiten utzi izana eskertu zuen. Ziurrenik Madril inguruan ez ditu hainbeste erraztasun izango. Halere, berdin jarraituko duela esan zuen: «Nire balioak ditut, nire ideiak, nire esfortzua, nire lana; saskibaloia nire bizia da, eta ez naiz aldatuko».

Lasoren agurra izan zen prentsaurrekoko mintzagai nagusia. Real Madrili buruzko galderarik erantzungo ez zuela azaldu zuen hasi baino lehen, baina, kazetariek etapa berriaren inguruan egindako galderei erantzun zien. Lau urtez Donostian egon eta gero Madrileko aulkian esertzea «erronka handia» dela onartu zuen. Espainiako hiriburuko taldeak enegarren jipoia jaso du azkeneko denboraldian, eta Lasori dagokio hurrengo denboraldia arrakastatsu izatea. «Aurrerapausoa da entrenatzaile gisa. Euroliga jokatuko duen talde batera noa, talde handi batera. Mundu mailako saskibaloian garrantzitsua den talde bat hobetzeko asmoz, nire aldeko apustua egin dute; Florentino [Perez] presidentetik hasita. Beraz, erantzukizun eta erronka handia da aukera hau niretzako».

Real Madrilen eta Lasoren arteko negoziazioa «oso azkarra» izan da. Entrenatzaileak berehala onartu zuen eskaintza, eta Lagun Arok ez zuen oztoporik jarri, oraindik kontratua zuen arren. Ramoneda penatuta agertu zen atzo entrenatzailearen agurrarekin. Harekin lan egitea «oso erraza» izan dela adierazi zuen, eta «ulergarri» jo zuen Lasok bere ibilbidean jauzi bat egitea.

Antzeko profilaren bila

Lasoren agurrarekin, haren ordezko bila hasi behar du Lagun Arok. Zurrumurruen arabera, Txus Bidorreta eta Porfi Fisac taldetik gertu daude, baina Ramonedak ez zuen izenik aurreratu nahi izan. Zuzendaritzak «48-72 orduko epea» hartuko du entrenatzaile desberdinak aztertu ahal izateko. Behin ordezko aproposak hautatu ondoren, ahal bezain laster hasiko dira haiekin biltzen. Aro berria irekitzeko garaia du orain Lagun Arok. Lasoren «antzeko profila» bilatuko dutela aitortu zuen Ramonedak, taldearen ezaugarriei egokitzen den entrenatzaile bat.

Oraindik ordezkoa zein izango den argi ez duten arren, prestatzaileek taldean jarraituko dutela ziurtatu zuen Ramonedak. «Teknikari multzoak kontratua berritu du, eta etortzen den entrenatzaileak talde horrekin egin beharko du lan». Lasoren ordezkoa «oso azkar» aurkituko dutelakoan dago presidentea. Izan ere, bere ustez, «gaur egun Lagun Aro GBC entrenatzea goxoki bat da edozein entrenatzailerentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.