Erorita minik ez hartzen ikasita zegoenean, zutik eman diote kolpe latza Amets Txurrukari (Etxebarria, Bizkaia, 1982). Ikusten ez den ubeldua dauka. «Telefono dei bat izan zen». Igor Gonzalez de Galdeano zegoen telefonoaren beste aldean, taldearen proiektu berriko manager nagusia izango dena. Euskaltel-Euskadiren egitura berrian lekurik ez zeukala esan zion. «Espero ez nuen kolpea izan zen, baina aurrera begiratu nahi dut». Zenbaki hutsak dira txirrindulariak. Puntuak falta zaizkio. Lasai dago, hala ere. «Mundua ez da hemen amaitzen». Txurrukaren lepauztaiak badauka asfaltoaren gogortasunaren berri. Tamalez. Baina harkaitza baino gogorragoa da bizkaitarra. «Asko kosta zaigu honaino iristea, eta horrelako erabaki batengatik ez dut utziko txirrindularitza». Jo daitezkeen ate gehienak jo ditu honezkero. Eta erantzunaren zain dago, epea urriaren 20an amaituko dela jakitun. Uso-paserako garai ona da udazkena... «Baina oso txarra talde bila hasteko».
«Giroan maila ona eman ondoren, Tourrean erori, eta berehala deitu zidan Igorrek [Igor Gonzalez de Galdeano], epeei buruz galdezka. Ebakuntza azkar egin nezan nahi zuen, Vueltara iristeko». Esanekoa da Txurruka. «Nik bakarrik dakit tarte horretan zenbat sufritu nuen, zenbat negar egin nuen, nahiz eta jendeari iruditzen zaion erraz altxatzen naizela lurretik». Iritsi zen Vueltara, eta egin zuen gogotik lan Igor Anton taldeburuaren alde. «Horixe eskatu ziguten Vuelta hasi aurretik, puntuak behar genituela, eta Fuji-ri [Igor Anton] laguntzeko». Txirrindulari gutxi izango dira Etxebarriakoa baino finagoak lan horretan. Baina 2012an Giroko, Tourreko eta Vueltako irteeran egon den txirrindulariari minutu bakarrean eten zioten etorkizuna. «Punturik ez neukanez, proiektu berrian lekurik ez neukala azaldu zidan telefonoz». Ez saiatu azalpenik aurkitzen.
«Zorionez, kontaktu asko dauzkat», aitortu du umil bizkaitarrak. Barloworld taldean eman zuen profesionaletarako pausoa. «Eta Italiako taldeekin daukat harremanik zuzenena». Bere kabuz ari da hizketan askorekin. «Eta baita ezagun batzuekin ere, zuzeneko harremana ez daukadan taldeetan; ahal den leku guztietara iristen saiatzen ari naiz». Euskal Herrian gehienek esan diotena aipatu zioten Italia aldean ere. «Batean eta bestean galdezka hasitakoan, ezin zuten sinetsi taldetik kanpo utzi nindutela. Brometan ari nintzela uste zuten hasieran, baina...». Nahi bai Txurrukak dena broma izatea.
«Dena itxita daukatela erantzun didate leku gehienetatik». Eta normala da, Tourraren jiran gorpuzten direlako talde gehienak. «Gehienez ere, Vueltan egiten dituzte azken kontaktuak». Hori bai, puntu gabezian ere, itxaropenari heldu nahi dio. «Mundu guztiko hainbat talderekin harremanetan nabil, eta ea-ea...». Mahai gainean dauka Caja Ruralen eskaintza ere. Eta oso kontuan hartu du. «Baina Ibanen kasuan bezala [Iban Belasko], erresistentziadun txirrindularia naiz ni, eta itzuli luzeak dira egokienak niretzat. World Tourreko taldeek eskain dezakete hori, hiru handietan parte hartzen dutelako». Caja Ruralekin Vuelta edukiko luke ziurrenik. «Italiakoren batekin Giroa agian; frantziarrekin, Cofidisekin esaterako, Tourrean aukeraren bat edukiko nuke... Aukera guztiak aztertu ondoren hartuko dut erabakiren bat».
«Ez gara lotsagarri aritu»
«Iban eta biok sekula ez gara izan irabazleak», dio, umil. «Baina gure izaerarekin beste lan batzuk egin izan ditugu, eta ez dut uste eman dugun maila txarra izan denik». Taldean «pisu handiagoa» zeukala sinetsita zegoen etxebarriarra. «Lasterketa garrantzitsuetara eramaten ninduten, espreski lesioetatik azkar osatzeko eskatzen zidaten... Ez nuen espero gero, egun batetik bestera, horrela alboratzerik». Ezin du baieztatu kirol irizpideez haratagoko erabakiren bat egon denik tartean. «Ez dakit. Bi arrazoi eman dizkidate niri: puntuak, batetik; eta espero zuten garapenik ez dudala izan, bestetik».
Bi argumentu horiek entzunda, ez zen isilik geratu Euskaltel-Euskadiko txirrindularia. «Egoera errazena ere ez dela izan erantzun nion, erorketa bat izan eta hezur bat apurtu ondoren ez delako erraza hiruzpalau asteren buruan lehiakor egotea». Gorriak ikusi ditu bizkaitarrak Girotik Tourrera, eta, bereziki, Tourretik Vueltara sasoian iristeko. «Eta urte guztian lotsagarri ere ez garela aritu uste dut». Kirol irizpide horiek, beraz, pisu handirik gabeak dira Txurrukaren ustez. «Baina berak jakingo du».
Orain artean Galdeanorekin «harreman normala» eduki izan duela aitortu du Etxebarriakoak. «Aurten taldean ez zegoela esan zuen, bazihoala, eta, beraz, ez dugu harreman handirik izan. Gorkarekin [Gorka Gerrikagoitia] eta beste zuzendariekin hitz egiten nuen. Baina harremana ona izan da bestelakoan». Hiru aldiz bakarrik hitz egin omen du aurten Galdeanorekin. «Tourretik lepauztaia hautsita iritsi ondoren, Vueltara derrigor joan behar nuela esanez deitu zidanean; Vuelta hasi aurretik Igorrekin [Igor Anton] puntuak lortzen saiatu behar genuela esateko azaldu zenean; eta taldetik kanpo nengoela esanez deitu zidanean».
Moduekin dago haserre Txurruka. «Niretzat aldaketa bat egokia izango zela esan zidan». Amorruaren irribarrea marraztu dio aurpegiak. «Aldaketa bat? Bai... Garaiotan?». Txirrindularitzan hotz egiten du jada urrian. Eta 30 urte betetzera doa bizkaitarra. «Oraindik ere urte on batzuk badauzkadala uste dut». Hamabi itzuli handi hasi ditu. «Bukatu, gutxiago; Tourrean, esaterako, azken hiruretan nahi baino lehen itzuli behar izan dudalako etxera. Baina bost Vuelta eta Giro bat ere hor daude».
Zaleen kutunetako bat da Txurruka. «Eta izugarri eskertzen diet babes hori, bai zaleei, eta baita txirrindularitzaren munduko jendeari ere; talde barrukoen deiak, zazpi txirrindulari horiek atera zuten oharra, Euskadi Fundazioarena... Babes keinu asko jaso ditut, eta indarra ematen dit horrek. Guk gauzak gaizki ez ditugula egin erakusten dit horrek; beste zerbait pasa da». Ondorio biribila atera du. «Momentu gogor hauetan konturatzen zara benetako lagunak beti hor egoten direla, taldekoak zein kanpokoak».
Gertukoetako bat Miguel Madariaga Euskadi Fundazioko presidentea du Txurrukak. Ez zuen alferrik bat egin Fundazioarekin 12 urte zeuzkanean. «Miguelekin ere hitz egin dut, bai, eta berak ere ez zuela espero esan dit; ez duela ulertzen, eta, beregatik balitz, taldean jarraituko nuela». Proiektu berriaren ondorioak dira hauek. «Nik ezin dut ezer egin».
Puntuek ez daukate sentimendurik. Memoriarik ere ez. UCI World Tourrak ez daki Txurruka 2007ko Tourreko txirrindularirik lehiakorrena izan zela; ez daki 2010eko Euskal Herriko Itzulian euskal zale guztiak mutu utzi zituela Oriora bidean, Aian izandako erorketak; ez daki aurten hiru itzuli handietan lehian aritu dela... «Puntuak, agian, ez, baina uste dut asko eman diodala taldeari». Adibide batekin argitu du azalpena. «2010eko Vueltan Mikel Nieve eta Juanjo Orozekin egin nuena daukat oso gogoan. Talde guztia egurrean ibili ginen; San Lorenzon erasoa jo, Nieve aurreraino eraman, eta gero berak irabazi zuen etapa. Nik irabazi izan banu bezala ospatu nuen».
Sentimenduak dira horiek denak. Puntuetan ez daudenak. «Eta berdin iazko Vueltan. Verdugorekin jo nuen erasoa orduan, eta gero iritsi zen Nieve, sailkapen nagusia hankaz gora jarri nahian. 17. postuan zegoela uste dut, eta lehen hamarren artean sartzea lortu genuen. Izugarri bete naute horrelako egunek, nahiz eta nire emaitzetan halakorik ez agertu». Ziur dago txirrindularitza «benetan» gustatzen zaienek gozatu egiten dutela horrelakoetan.
Txirrindularitza «berekoia»
Txirrindularitza modernoa esaten dioten horrek ez du halakorik nahi, ordea. «Txirrindularitzak asko galduko du puntuen kontu honekin. Ez du funtzionatuko talde moduan». Azalpena erraza da. «'Zertarako egingo dut lan beste baten alde, urte bukaeran dauzkadan puntuen arabera baloratuko banaute'? Hori pentsatuko dute denek». Taldeburuak arduradunei benetan lanean ari diren txirrindulari horiek kontuan hartzeko eskatzea bakarrik da, Txurrukaren ustez, bere gisako tropeleko langileen irtenbide bakarra. «Bestela, bakoitzak berea egingo du beti, eta inork ez du hartuko sailkapena hankaz gora jartzeko arriskurik. Oraintxe, arriskatzeak baino gehiago balio du hamargarren helmugaratzeak». Galdera batekin amaitu du hausnarketa: «Bertako txirrindulari onak kanpoan utzi, kanpotarrak ekartzeko?».
Bihotzean dauka ubeldua
Euskaltel-Euskadiren proiektu berritik kanpo geratu da Amets Txurruka, eta World Tourreko talderen baten bila dabil orain. «Mundua ez da hemen amaitzen», dio, baina badaki zaila dela urrian talderen bat aurkitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu