«Txirrindulari baten ohiko gorako bidea izan nuen nik, osasun arazo batek bertatik bidali ninduen arte». Txirrindularitza munduan nor izateko ametsa betetzen ari zela sentitu zuen Xabier Usabiagak (Asteasu, Gipuzkoa, 1969) bihotzak herren egin ziola. Villabonako Irrintzi elkartean pedalei eragiten hasi, Hernaniko Kaikura igaro, Clas-Cajasturrekin profesionaletara pasatu, eta Euskadin amaitu. «Herri inguruan jolas moduan hasi, eta pausoka-pausoka iritsi nintzen gora». Baina gaixotasunak jarri zuen bere lekuan.
Ordurako bazekien zer zen kolpeak barneratzea. «18 urterekin, aita hil zitzaigun. Bost anai-arrebetan zaharrena izaki, eta bizikleta gainean zerbait egin nezakeela sinetsita, askoren huts bera egin nuen: eskola alde batera uztea». Zirt edo zart egin beharra zeukan. «Amak ezin zuelako aurrera egin familia guztiaren zamarekin». Ordurako hasita zegoen talde profesionalen deiak jasotzen. «Eta biderik burutsuena agian ez, baina errazena hartzea erabaki nuen».
Bizikletaren aldeko apustua ondo irten zitzaiola esan daiteke. «Profesionaletara iritsi nintzelako». Baina nahi baino lehenago egin zion keinua erretiroak. «Entrenamendu batean zorabio antzeko batzuk sentitu nituen, eta kardiologo batengana joan nintzen». Takikardia txiki batzuk zeuzkala baina arazo hark erremedioa bazeukala esan zioten hasieran. «Madrilera joan, eta ebakuntza txiki batekin konponduko zela jakinarazi zidaten». Baina Usabiagaren gaixotasunak ez zeukan erremediorik. «Bizitza arrunta egiteko ez da gaixotasun larria, baina bizikletan ibiltzeko bai». Ez zeukan lehiatzeko baimenik.
Medikuaren ezezkoa jasotzea eta mundua goitik behera erortzea, biak bat izan ziren. «23 urterekin ezer gabe geratu nintzen. Pikutara joan ziren ordura arteko ametsak». Hutsetik abiatu behar izan zuen berriz. «Baina, egiari zor, inoiz ez nuen ikusi oso etorkizun beltzik». Bidegurutze batean ikusi zuen bere burua. «Eta, izatez oso ekimentsua eta baikorra naizenez, berehala hasi nintzen zer egin nezakeen pentsatzen».
«Eguneroko erronka txikiak»
Zuzendari titulua ateratzerako, Ser irrati katean eta Euskadi Irratian saiotxoak egiten hasita zegoen. «Eta jarraian beste bizpahiru eskaintza iritsi zitzaizkidan». Aukerari heltzea erabaki zuen. «Ustekabean», kazetaritzan aritzeko aukera sortu zitzaion. «Dena arrapaladan gertatu zen. Baina kazetaritzak tropelarekiko lotura mantentzeko aukera eman zidan, eta horrek asko lagundu zidan erretiroa barneratzen». Bizitzaren kolpe gogorrari kazetaritzako proiektu sendo batekin erantzutea erabaki zuen Usabiagak. Eta «eguneroko erronka txikiekin erabat gustura» bizi da orain asteasuarra.
Etxetik ETBren Bilboko egoitzara, eta handik etxera, kazetaritzarekin eta hiru seme-alabekin betetzen du eguna Usabiagak. «Eta, noski, tartean kirol pixka bat egiten ere saiatzen naiz, fisikoki eta psikologikoki garrantzitsua baita barrua askatzea».
Kirolarien erretiroa
Bihotzak herren, ahotsak bor-bor
Bihotzeko arazoek urrundu zuten Xabier Usabiaga txirrindularitzatik, baina kolpe hura aukera gisa baliatu zuen, kazetaritza munduan tokia egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu