Ez istripurik, ez lesiorik... «Balekoa izan da lehen lasterketa. Oso harrera ona egin didate, eta lasai ibili naiz; kontzentratuta eta adi, baina gehiegizko presiorik gabe». Bi gurpilen gainean eroso zebilen Juanma Garate, bihotzak esaten ziona eginez, baina laurekin oreka mantentzen ikasi beharko du orain, buruari entzunez. Bizikletaren pedalak ahaztu eta Cannondale-Garmin taldearen autoko bolanteari heldu dio irundarrak. Algarveko Itzulitik etxeratu berria da. «Eta Voltara arte atseden hartuko dut orain». Nahiz eta Girona aldera joango den laster. «Taldeko txirrindulari batzuei jarraipena egiteko».
«Motibazioz gainezka» dago gipuzkoarra. 2013ko Vuelta bete-betean Belkinekin lotura luzatu arren, lehiatu gabe igaro zuen 2014a, kontratua tarteko taldearen eta txirrindulariaren artean izandako arazoengatik. 2014ko abenduaren 22an eman zuen agurreko prentsaurrekoa. «Baina ordurako urtebete neraman prestatzen. Espainiako kirol zuzendari titulua atera nuen urte amaieran, eta UCIrena 2015eko urrian». Azken azterketa hori egin eta notaren zain zegoela iritsi zitzaion Cannondalen eskaintza. «Elkarrizketa bat egin zidaten: gustatu egin zitzaien nonbait, eta hemen nago». Urtebeterako kontratua sinatu du AEBetako taldearekin.
Ez zuen ezustean hartu Cannondalen deiak. «Bingenek [Bingen Fernandez, Cannondaleko kirol zuzendaria] aurretik esan zidalako deituko zidatela». Bitxia bada ere, hilabete gutxi lehenago ere jaso zuen bermeotarraren deia. «Vueltan lasterketako irratiko esatari lanak egitea eskainiko zidatela esateko». Garateren hitzetan, «esperientzia aberasgarria» izan zen hura ere. Bizikleta gainean lagun handiak ziren Patxi Vila eta biak, eta bolanteari helduta ibiliko dira orain lehian. Tinkoff-Saxoren autoan beratarra, eta Cannondale-Garminenean irundarra.
Urritik ari da taldearekin lanean; urtarrilean kontzentrazioa egin zuten Gironan, Algarven hasi du beroketa lana, eta ondo zehaztuta dauka denboraldi guztiko egutegia: «Volta, Miguel Indurain Saria, Euskal Herriko Itzulia, Erromandiako Itzulia, Kaliforniako Itzulia, Panamerikar txapelketak, Suitzako Itzulia, Donostiako klasikoa eta Espainiako Vuelta». Egutegi luzea, garrantzitsua... «Eta ona». Zazpi kirol zuzendari dauzka Cannondalek. «Klasikoetarako batzuk, itzulietarako besteak...». Berak esperientziarik ez daukan arren, ekarpenik handiena «itzulietan» egin dezakeela zehaztu du zuzendariak. Zertarako joango naiz ni Paris-Roubaixera?».
Esperientziarik ezari helduta, hala ere, amaitutako 26 itzuli handiak jarri ditu mahai gainean Garatek. «Bai, desberdina da bizikletan joan edo autoan joan. Ados. Baina ziur nago esperientzia hori oso baliagarria izango dela». Noiz? Zertarako? «Txirrindulari izan ez den bati niri baino gehiago kostako zaio mugimendu edo egoera jakin batzuk aztertzea». Oinarria badauka, eta kilometroek emango diote gainerakoa. Lotsarik gabe onartu du «uste baino gogorragoa» dela zuzendariaren lana. «Txirrindularia jabetu ere egiten ez den lan asko egin behar izaten da. Aste guztian gelditu gabe lanean aritzeko adina betebehar dauzka zuzendariak».
«Tentsioa» aipatu, eta irundarrari «Pierre Rolland» etorri zaio berehala gogora. «Rollandekin egin nuen lehen entrenamendua, hura autoari pega-pega eginda zihoala, eta une horretan ohartu nintzen zenbateko ardura neukan». Cannondalen «fitxaketa garrantzitsuetako bat» izan da frantziarrarena. «Eta nire edozein akats txikik eragin nabarmena izango luke txirrindulariarengan». Errespetua, beldurra, ilusioa... Azkenaldian denak elkartuta dabiltza Garateren gorputz barruan. «Tira, beldurrik ez daukat, baina errespetua bai, izugarria, eta ilusioa ere bai, ikaragarria». Baina ezaugarri bat jarri du besteen gainetik: «Umiltasuna. Ikastea tokatzen zait, erabakiak hartzea, eta ezin da ahaztu protagonistak txirrindulariak direla. Laguntzaile hutsak gara gu».
Hiru taldeburu argirekin
Andrew Talansky, Rigoberto Uran eta Rolland izango dira Cannondaleko hiru taldeburuak. «Bultzada txiki bat, motibazioa behar du Talanskyk; eta antzeko egoeran iritsi da Rolland ere Europcarretik. Talde aldaketa behar zuen, eta Tour ona egin dezake, erlojupekoan huts egiten duen arren; Uran, berriz, lider izaerarekin iritsi da taldera. Ea Giroa irabazteko gai den». Txirrindularien zainketatik haratagoko lana da, ordea, kirol zuzendariarena. «Hamasei herrialdetako 30 txirrindularik eta 90 langilek osatzen dugu taldea, pentsa». Txirrindulari bat aukeratzen hasita, hori bai, Tom Jelte-Slagter aukeratu du. «Rabobanken ezagutu genuen elkar, eta neure esanetara izango dut orain. Mutil ona da».
«Lasaitasuna helarazten zidan zuzendaria gustatzen zitzaidan niri», hasi du azalpena zuzendari berriak. «Erantzuna behar nuenean, erantzuna zeukana; nire lana errazten zuena; lasterketaren aurreko egunean, dena delako herrialdean nengoela, hotelera iritsi eta inguruko errepideetan entrenamendua prestatuta edukitzen zuena...». AEBetako taldea izaki, zer moduz ingelesarekin? «Very good, very good [Oso ondo, oso ondo]», erantzun du barrez. «Eskolan ikasi nuena dakit, Quick Stepen hitz egin nuen gutxia, eta Rabobankekoa. Interesa daukadanean, ez naiz txarra hizkuntzekin, eta moldatzen naiz».
Txirrindularitzak «txunditu» egiten du oraindik ere Garate. «Eta berotasun hori nabaritzen jarraitu ahal izango dut». Bi gurpil gehiagorekin, oreka bilatzeko lan zailean.
Juanma Garate
Bihotzak buruari eman dio erreleboa
Txirrindulari ibilbidea amaitu eta urtebetera, Cannondale-Garmin taldeko kirol zuzendari lanetan hasi da Juanma Garate. Algarveko Itzulitik etxeratu berritan, «ikasteko grina handia» dauka irundarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu