Bihotzak agintzen diona

Kirol eta ikasketa kontuak tarteko, udan Galiziara itzuli zen Naiara Egozkue, Guardesera. 34 urte ditu, eta «gertu» ikusten du erretiroa. Horregatik, «gozatzea» besterik ez du buruan.

Naiara Egozkue, jaurtitzeko prest, sasoi honetako partida batean. AT. GUARDES.
Julen Etxeberria.
2018ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Hamahiru urte pasatxo joan dira Naiara Egozkuek (Atarrabia, Nafarroa, 1983) Itxakorekin Espainiako maila nagusian estreinakoa egin zuenetik. Zortzi urtez aritu zen Lizarrako taldean, eta klubaren hazkundea eta amiltzea bizi izan zuen.

Alemanian bilatu zuen ihesbidea, eta bi urte egin zituen Bayer Leverkusenen. Baina 30 urte beteta, etxetik gertuago egoteko eskatu zion bihotzak. Galiziara joan zen, eta bi urtez jokatu zuen Atletico Guardesen.

Baina ez zen nahikoa, gertuago nahi zituen etxekoak, baita berriro heldu utzitako irakasle izateko ikasketei ere. Euskal Herrira itzuli zen, kanpora joan eta lau urtera. Barakaldon (Bizkaia) ariko zen, Zuazon. Asmo handiko proiektua zegoen bertan, eta toki aproposa zirudien erroak botatzeko. Baina urtebete besterik ez zuen egin, eta Galiziara itzuli zen. «34 urte ditut jada, eta badakit ez zaidala asko geratzen eskubaloian. Guardesen pabiloiaren giro beroaz gozatu nahi nuen berriro. Asko betetzen nau giro horrek. Bestalde, berriro irakasle izateko ikasten hasi, eta jabetu nintzen ez zela hori nik nahi nuena. Fisioterapiarenganako interesa piztu zitzaidan, eta Pontevedran, Guardatik ordubetera, fakultatea dago. Bi nahi horiek bat egiten zuten. Adin honekin oso argi dut benetan betetzen didana soilik egin nahi dudala».

Guardan egin beharreko bigarren aldia, gainera, ezin hobeto hasi zen. Izan ere, Galiziako taldeak liga irabazi zuen, eta Txapeldunen Ligarako sailkatu. «Sekulako oparia izan zen. Zazpi urte ziren ez nuela Txapeldunen Ligan jokatzen, Itxakon nengoenetik».

Pozarren, lehen postuan

Guardesek, hala ere, bide laburra egin du sasoi honetan Europan: Txapeldunen Ligan, atarikoan esan zuen agur, eta EHF kopan, jokatu zuen lehen kanporaketan. Hala eta guztiz ere, ez da hartutako erabakiaz damu. «Gozatzen» ari da, eta «pozarren» begiratzen dio sailkapenari, lider baitira, Ro'Casarekin berdinduta, eta Bera Berak baino bi puntu gehiagorekin. «Beti ahal da zerbaitetan hobetu, baina oso ondo ari gara. Halere, oso argi dugu ezin garela lasaitu».

Hain zuzen, liga bigarren urtez jarraian irabazteko helburuan lehia garrantzitsua jokatuko dute gaur, etxean, Bera Beraren aurka. Jokatzeko «irrikan» dago. «Izugarri erakartzen naute horrelako partidek». Aitortu du ez zutela espero azken jardunaldian Donostiako taldeak Malagaren aurka galtzea, baina nabarmendu du horrek agerian uzten duela bete-betean aritu ezean «edozeinek» eman diezazukeela «susto bat».

Ondo ari da Guardes, eta baita ezker hegaleko nafarra ere: batez beste lau gol baino gehiago sartu ditu partidako. «Ondo ikusten ari naiz neure burua, eta eskuin belaunak ez dit sustorik eman oraindik». Baina haren ekarpena ez da bakarrik golak sartzea. Eskarmentu handia du, eta patxada transmititzen saiatzen da gazteenei. «Gaztetan ez nien jaramon handirik egiten beteranoei. Lasai ibiltzeko esaten zidaten, baina ni presaz nintzen beti. Orain, berriz, konturatu naiz arrazoi zutela. Asko akordatzen naiz Andrea Barnorekin [Itxakoko kapitain ohia]. Nik uste dut haren hitz berberak esaten ditudala orain». Gustatzen zaio lana, eta ez du baztertu gerora gazteekin lan egitea; «baina erretiratzean. Orain, une bakoitzaz gozatzea besterik ez dut buruan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.