«Bihotza ez dut egurrezkoa»

Enrique Martin Monreal ez da gogor mintzatu Osasunako zuzendaritzaren aurka, baina bai agertu da kritiko kargugabetzea jakinarazteko izandako moduekin

Enrique Martin Monreal Osasunako entrenatzaile ohia, agurreko pentsaurrekoa amaitu berritan, atzo, Sadarren. IVAN AGINAGA / EFE.
enaut agirrebengoa
Iruñea
2016ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Ikusmin handia sortua zuen Enrique Martin Monreal atzo ematekoa zen prentsaurrekoak. Iragan astelehenean kendu zuen teknikari kargutik Osasunak, modu oso traketsean —telefonoz, Madrilen taldea ordezkatzen ari zela—, eta, astebete publikoki mintzatu gabe eman ondotik, atzo hitz egin zuen. Entrenatzaile ohiak klubeko agintarien kontra gogor egitea espero zen, baina uste baino lasaiago agertu zen. Zuzendaritzak hartutako erabakiari ez zion buelta askorik eman nahi izan, eta nabarmendu zuen ez dela «inor» deliberazio hori epaitzeko. Zernahi ere, erabakia jakinarazteko modua deitoratu zuen: «Eliteko futbolean emaitzak dira nagusi. Emaitzak ez badira lortzen, kito. Hori leku guztietan gertatzen da. Baina bihotza ez dut egurrezkoa. Normala al da deia gidatzen ari nintzela egitea? Autoarekin istripua edukitzear izan nintzen».

Taldeak berriki jasandako norabide aldaketa izan zen Osasunako teknikari ohiak kritikatu zuen beste gauzetako bat. Haren aburuz, maila batean edo bestean egoteak ez luke taldea baldintzatu beharko. «Sentipena daukat diruak jende asko hondatzen duela. Orain, ezinbestekotzat jotzen dute Lehen Mailari eustea, eta horrek kalte handia egin digu». Bigarren Mailara jaistea ez litzatekeela hondamendia izan beharko nabarmendu zuen igoera lortu berritan, eta atzo antzera mintzatu zen. «Jaisten bagara, ez da ezer gertatzen. Gure errealitatea onartu eta barneratu beharra daukagu, eta ez saltoka ibili. Orain, urte bakarrean kitatu nahi dugu zorra. Ez dago presarik. Duela gutxi Bigarren B Mailaren atarian geunden».

«Noizbait erabakitzeko gaitasuna badut, beti izango naiz esaten dudanarekin kontsekuentea. Ez da posible egun batean zuria izan eta hurrengoan beltza izatea. Espero dut Osasunak garbi izatea jarraitu beharreko norabidea. Denon onerako izango da», azaldu zuen, zuzendaritzaren diskurtso aldaketa jo puntuan jarriz. Horretaz landa, harrobiaz eta beronen erabileraz ere hitz egin zuen. «Osasunaren %80 haztegia izatea» nahiko luke, baina zehaztu zuen hori zaila dela «egungo futbol globalizatuan».

Egindakoaz harro

Taldeko hainbat jokalarirekin harreman txarra zuela zioten zurrumurruei dagokienez, garbi mintzatu zen: «Batzuk gauzak kakazten saiatu dira, inongo funtsik gabe, baina atez nahastu dira». Jokalariekin giro «paregabea» zuela nabarmendu zuen behin baino gehiagotan, eta iragan astean taldearekin izaniko afaria erabili zuen argudio nagusi gisa. «Jokalariekin harreman txarra izango banu, uste duzue afari batera gonbidatuko nituela? Ika-mika txikiak beti izaten dira talde baten egunerokoan, baina hori gauza oso normala da 25 pertsonako multzo batean».

Osasunaren liga hasiera kaskarraz galdetuta, adierazi zuen horretan zeresan handia izan zuela sasoi berriaren planifikazioak. Haren hitzetan, ez zuten espero Lehen Mailara igotzea, eta hori «oztopo handia» izan ei da denboraldiaren hastapenean. «Gure taldea Bigarren Mailan irauteko zegoen prestaturik. Gainera, kanporaketak oso berandu bukatu genituen. Berandu genbiltzan, eta, diru aldetik, ezinezkoa zen jokalari batzuetara iristea. Fitxaketen ardura genuenak lotuta geunden. Azkenean, betiko: entrenatzailea etxera».

Edonola ere, denboraldi honi baino, nahiago izan zuen aurretik egindakoari begiratu. Soa atzera botata, Osasunak emaniko aukera ekarri zuen gogora lehenik. «Jasotako coaching prestakuntza talde profesional batean jarri nahi nuen praktikan, eta, hara non, nire bihotzeko taldeak aukera hori eman zidan». Denboraldi hartan kinka larrian zegoen Osasuna, Bigarren B Mailara jaistear, baina Martinen gidaritzapean hondamendia saihestu zuen. «Oso hunkigarria izan zen esperientzia hura. Hurrengo denboraldia taldea Bigarren Mailan pausatzeko xedearekin hasi genuen, baina, azkenean, handia egin genuen, igoera lortuta. Kanporaketetako lau partidak irabazi genituen. Hori ez du sekula beste inork lortu. Meritu handia ematen diot egindako lanari».

Martinen aburuz, igoerari esker jendearen atxikimendu are zabalagoa lortu du Osasunak. Haren hitzetan, Lehen Mailara bueltatzea «sekulako eztanda» izan zen. «Osasunari sentimenduz beteriko txertoa jarri dion mediku moduan sentitzen naiz. Oso pozik nago, Nafarroan nehork lortu ez duena erdietsi baitu talde honek: ideologia ezberdineko jendea batzea».

Etorkizunari so, uste du berak hasitako bideak bere horretan segituko duela bera kargugabetua izanagatik. «Helburua da 2020an Osasuna Lehen Mailan egotea. Orain, beste orkestra zuzendari bat dago, baina xedea berbera da: 100. urteurrenean gorengo mailan egotea. Eta hori ez da bakarrik entrenatzailearen gauza. Klubaren inguruko pertsona guztiek dute zeresana». Horren harira, babesa erakutsi zion Joaquin Caparrosi, «haren zortea klubarena izango delako».

Horretaz aparte, nabarmendu zuen ez duela baztertzen noizbait Osasuna entrenatzera itzultzea. Ideia hori «ilusioz» dakusala adierazi zuen. Hori bai, iragarri zuen oraingoz ez duela klubari lotuta segitzeko intentziorik: «Giroz aldatu nahi dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.