Bihotza bere tokitik ateratzear

San Juan eta Deustu hutsagatik sailkatu dira Kontxako Bandera jokatzeko, eta tentsio hori traineru barrutik bizi izan dute Endika Perez patroiak eta Nagore Alvarez arraunlariak

San Juango arraunlariak ahalegin batean, herenegun, sailkapen estropadan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2017ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Leher eginda bukatzen du arraunlariak estropada, bihotz taupadak bizi-bizi dituela. Gehitu neke horri emaitzaren kezka, Kontxako Bandera jokatzeko sailkatua den edo ez ezin jakitea. Horrela egon ziren herenegun San Juango eta Deustuko arraunlariak, besteak beste, sailkatze estropada bukatu eta ezin jakinda barruan ziren edo ez. Azkenean, jakinarazi zieten baiezkoa, eta orduan askatu zituzten estropadako tentsioa eta pilatutako kezka.

Endika Perez joan zen San Juanen txopan, patroi, ohi duen bezala. Bere ardura izan zen kanpotik Etxabe entrenatzaileak ematen zizkion erreferentziak kudeatzea: zer esan, nola, eta zer ez esan arraunlariei. «Bitxia ematen du, baina erreferentzia guztiak onak izan ziren guretzat, eta estropadan zehar ez genuen estutasun handirik izan alde horretatik». Kanporako luzean beharrik ere ez, kasik: «Oso ondo joan zen trainerua, eroso, eta ziabogako denborak erakusten du hori. Zazpi aurrenen artean ginen, baita gero sailkatu egin zen Zierbenaren aurretik ere». Denborei begiratuta, barrurako luzean egon zen zapuztekotan San Juan aurreko lan guztia, baina Perezek ez zuen halakorik nabaritu ontzia gobernatzen ari zela:«Ez ginen ari arraunean gozatzen barrurako luzean, baina nahiko ondo gindoazen. Jakinaren gainean ginen, gainera, luze hori nahiko gogorra izango zela, eta aurreikusitakoaren baitan gindoazen. Kontua da beste talde batzuek sekulako denborak egin zituztela bigarren luzean, eta hor sortu ziren gure kezkak».

Erreferentzia onekin, aitortu du taldea, agian, lasaitu egin zela: «Badiara heldu aurretik eginda bezala ikusi genuen». Baina estutu egin behar izan zuten gero: «Entrenatzaileei entzun nien belarriko gailutik beraien artean ari zirela kezkati antzean hizketan, baina ez zidaten ezer adierazi. Pentsatu nuen gehiago estutu behar nituela mutilak, eta badia barruan gozoago etorri ginen».

Helmuga pasatu eta gero hartu zuen taldeak sustoa: «Cabori bi segundo bakarrik atera genizkiola jakitean, ez ginela sailkatuko pentsatu genuen». San Pedro eta Tiran zituzten aurkari lehia horretan, eta Pasaiko beste ontzia hiru minutu geroago sartu zen helmugan. «Gu segundo bat hobeak izan ginela esan zidaten belarrira entrenatzaileek, baina ez zen denbora ofiziala, eta zain egon behar». Tiranekoek berehala jakin zuten barruan zirela, lanak bukatu eta gero, eta horrek gehiago zabaldu zuen kezka San Juanen baitan: «Une txarra izan zen. San Pedro edo gu ginen. Lau bat minutu luze igaro ziren gu helmugan sartu eta denbora ofizialak ematerako, eta orduan lehertu zen poza traineruan».

«Patroiari esker, barruan»

Tentsio jasanezin hori minutu batzuk lehenago bizi izan zuten Deustukoek. Nagore Alvarez arraunlariak azaldu duenez, lanak bukatu eta Donostiako porturako bidean jakin zuten sailkatuak zeudela:«Helmuga igaro eta segituan esan ziguten Cabo baino ehunen batzuk hobeak izan ginela, baina ez zen behin betiko denbora, zuhurtziaz hartu genuen berria».

Zuhurtasuna poz bilakatu zen gero, eta Alvarezek lehen aldiz egingo du arraun Kontxako Banderan. Hori gertatzeko, nabarmendu egin du Aiala Uribelarrea patroiaren lana: «Erreferentziekin ez gintuen estutu gehiegi, tamainan erabili zituen, eta haren esperientzia funtsezkoa izan zen. Bera da taldeko gidaria». Caborekin une batez atzetik egon zirela kontatu eta gero goraipatu du patroiak sailkapen estropadan egindako lana: «Taldeak burua galtzea galarazi zuen, eta oso ondo eraman gintuen».

Bestalde, Donostian jokatuko dute gaur (19:00) KAE ligako kanporaketako lehen jardunaldia, eta bigarrena eta azkena bihar, Portugaleten (17:00). Portugalete eta Orio B ariko dira KAE 1 ligari eutsi nahian, eta behetik gora egiteko asmoz, San Juan B eta Hibaika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.