Denboraldia aulkian hasi zuen Ane Etxezarreta Realeko jokalariak. Baina lanean jarraitu, eta Gonzalo Arkonadaren konfiantza lortu du. «Sasoiko boladarik onenean» helduko dio Sevillaren aurkako biharko finalerdiari.
Bihar da eguna. Zein sentipen duzue partidarako?
Ilusio eta gogo handiz gaude, bihar lor dezakeguna gauza handia eta berezia baita, bai klubarentzat, bai taldearentzat: lehen aldiz final baterako sailkatzea, gure zaleen aurrean... Jakitun gaude zer dugun jokoan. Denak gaude prest, eta hori da inportanteena. Jokatzen duenak jokatzen duela ere, oso ondo arituko da. Levanteren aurkako asteazkeneko lehian erakutsi genuen hori.
halako partida bat jokatu duen jokalari bakarra dago taldean: Sandra Ramajo. Asko hitz egin dizue 2011ko Bartzelonaren aurkako finalerdi hartaz?
Zerbait aipatu edo hitz egin dugunean, arreta eta ilusio guztiarekin entzun dut, beti ikasten baita zerbait. Baina nik nahiago arreta osoa biharkoan jarri.
Psikologikoki nola prestatzen da jokalari bat halako lehia baterako? Lanketarik egin al duzue?
Egunerokoa ahalik eta normaltasun handienaz egiten saiatu gara, bai talde gisa, bai bakarka, eta emozioak ondo kudeatzen. Batzuetan ez da erraza, familiak eta lagunek ere ilusio eta emozio bera dutelako. Baina haiei ere lasai egoteko esaten diet.
Zuk nola egin duzu lanketa hori?
Partida nola izan daitekeen aurreikusiz: jokaldiak, partidaren erritmoa, izango den giroa... Horrek, gerora, egoerei aurre hartzen laguntzen dizu, eta gauzak beste modu batera hartzen.
Noiz egiten duzu hori?
Ez dut momentu zehatzik. Baina egunean zehar izaten da. Behin ohera sartu, argia itzali, eta denaz ahazten saiatzen naiz.
Baduzu motibatzeko kantu, liburu edo halakorik?
Musika, batez ere. Kantu alaiak entzutea gustatzen zait. Partidetara Nerearekin [Eizagirre] joaten naiz autoan, eta aurreko igandean Oihana [Aldai] ere etorri zen gurekin. Huntza eta Xabi Solano entzun genituen.
Aurreko igandean Athleticen aurka egin zenuten partidaren ondoren, ematen du gainditu duzuela Anoetan jokatzeak eragiten zizuen urduritasuna. Hala dela uste duzu?
Bai. Aurreko igandeko norgehiagoka bultzada handia izan zen guretzat: indar eta konfiantza handia eman digu. Haiek intentsitate handiz atera ziren, eta lehen minutuetan nagusi izan ziren. Baina lehen zatiko erdialdetik aurrera gai izan ginen horri buelta eman, gure erritmoa ezarri eta denboraldian egiten ari garen jokoa egiteko. Nor baino nor gehiago lehiatzeko gai izan ginen. Hori guztia lortzeko, funtsezkoa izan zen emozioak ondo kudeatzea. Azken batean, sasoi osoan heldutasun handia lortuz joan da taldea, eta aurreko igandean horren emaitza ikusi zen. Bigarren zatian, batez ere, nabarmena izan zen. Bihar bide horretatik segitu nahi dugu, taldeak halako partidak jokatzeko heldutasuna lortu baitu.
Athleticen kontra baino zale gehiago biltzea espero duzue?
Aurreko igandean bizi izan genuena izugarria izan zen, eta igande honetan ere hala izango da. Final bat dugu jokoan, eta ziur nago, zaleek hori kontuan hartu, eta aurreko igandean baino jende gehiago etorriko dela Anoetara.
Heldutasun hori lortzeaz gain, zein izan da denboraldi honetan taldeak eman duen aurrerapausorik handiena?
Egiten ditugun laguntzetan asko hobetu dugu, bai baloiarekin, bai baloirik gabe. Aurkariari presioa egiten ere asmatzen dugu. Oreka bat lortu dugu defentsaren eta erasoaren artean,eta hori funtsezkoa da. Baina hori ere gure heldutasunagatik lortu dugu. Ligak hori eskatu digu, txapelketa gero eta parekatuagoa delako, eta ondo erantzun dugu. Aurreko sasoian, ordea, hori falta izan zitzaigun, eta gugan gehiago sinestea, ziurrenik.
Sevilla azken postuan dago ligan, eta jokatu dituzuen bi norgehiagokak irabazi dizkiezue denboraldi honetan. Dena den, azken egunetan behin eta berriz esan duzue ez zaretela fio.
Halaxe da. Argi dago Bartzelonaren eta Atletico Madrilen aurka jokatu baino nahiago dugula Sevillaren kontra jokatu. Baina haiek ere gauza bera pentsatuko dute. Aurkaria gutxiestea da futbolean egin dezakezun gauzarik okerrenetakoa. Ligan irabazi egin genizkien bi partidak, baina partida oso gogorrak izan ziren, eta biharkoa ere hala izango da. Gainera, sailkapenean azkena egon arren, puntu bakarrera dute salbazioa, eta bost puntura hamargarren postua. Berdintasun handia dago. Entrenatzailea aldatu zutenetik, bestalde, beren ohiko jokoa eta nortasuna berreskuratu dituzte [Cristian Toro da orain teknikaria].
Jokatzeko modu horren ezaugarria izan da defentsako lana, eta aurkariaren baloi irteeran presio estua egitea. Nola egingo diozue aurre horri?
Haien indargune nagusia da defentsako lanean eta baloirik gabe oso batuta egoten direla, aurkariaren baloi irteerari presioa egin, hura berreskuratu eta kontraerasoan bizkor irteteko. Gainera, asko sinesten dute egiten duten lanean. Horregatik, guk pazientziaz jokatu behar dugu, presio hori gainditu eta hortik aurrera bizkor jokatzeko. Nahiz eta gola sartzea kostatu edo atzetik jarri, lasai egon behar dugu, eta gure jokoa egiten jarraitu. Gauzak dakigun bezala eginez gero, aukera asko izango ditugu sailkatzeko.
Erdiko atzelaria zara, eta Sevillako aurrelariak zaintzea egokituko zaizu. Zer nabarmenduko zenuke haietaz?
Oso bizkorrak eta indartsuak direla. Normalean, Jenifer Morillak eta Toni Paynek jokatzen dute. Morilla nahiko garaia da, eta buruz baloi asko luzatzen ditu; Paynek, berriz, joko zuzena egiten du, eta luzatutako baloiak baliatzen ditu bigarren jokaldietan. Zelai erdian ere oso jokalari biziak ditu.
Lanik ez zaizu faltako. Nola zaude zu?
Taldekide guztiek bezala, Levanteren aurkako partida oso nekatuta amaitu nuen. Intentsitate handiko lehia izan zen. Gainera, partida egunean eta biharamunean oso goiz jaiki behar izan genuen bidaiatzeko. Baina ostegunean bertan indarberritze saio bat egin genuen, eta gogo handiz nago.
Denboraldi hasieran ez zenuen asko jokatu, baina orain funtsezko jokalaria zara Gonzalo Arkonadarentzat. Pozik egongo zara, ezta?
Bai, oso pozik, denboraldiko boladarik onenean bainago. Egia esan, lehen itzulian ez nuen nahi beste jokatu, eta gogorra izan zen. Sentipen onak nituen, eta ez jokatzea kolpea da beti. Baina baikorra izan nintzen, eta burua ez nuen estutu. Borroka horretan segitu nuen. Taldekideen babesa eta laguntza funtsezkoa izan ziren horretarako. Orain, denboraldiaren bilakaera ez nuke ezertarako aldatuko. Iruditzen zait aldeak bezala heldutasun handia lortu dudala. Ginga finala jokatzea litzateke, bai niretzat, bai taldearentzat. Egin dugun lanarengatik eta une zailetan sufritu dugunarengatik, merezi dugu halako partida bat jokatu ahal izatea. Baina zelaian erakutsi behar dugu.
Ane Etxezarreta. Realeko jokalaria
«Biharkoa bezalako norgehiagokak jokatzeko heldutasuna lortu dugu»
Estreinakoz Espainiako Kopako final baterako sailkatzeko aukera izango du bihar Realak, Anoetan, Sevillaren kontra. Ane Etxezarretak nabarmendu du taldeak merezi duen zerbait dela: «Azken urteetan lan asko egin dugu halako zerbait lortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu