ERREMONTEA. Denboraldiko lehen txapelketa hasiko da bihar: binakakoa. Hilabete eta hiru aste pasatxo iraungo du, finala abenduaren 29an jokatuko baita. Txapela egongo da jokoan egun horretan, eta bost bikote ariko dira hura jantzi nahian: Urriza-Labaka —azken txapeldunak—; Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.a; Juanenea-Aizpuru III.a; Ansa II.a-Martirena; eta Segurola-Larrañaga.
Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.ak eta Juanenea-Aizpuru III.ak jokatuko dute lehen partida, ligaxkako aurrenekoa. Ondoren, beste bederatzi jardunaldi izango dira, eta jaialdi bakoitzeko txapelketako partida bat jokatuko da. Lehen lau sailkatuek egingo dute aurrera, eta azkena kanpoan geratuko da. Abenduaren 24an, berriz, bi finalerdiak jokatuko dituzte: ligaxkako lehen sailkatua, laugarrenaren kontra; eta bigarrena, hirugarrenaren aurka. Irabazleak finalean ariko dira. Ez da atzerapenik izango, eta baten batek ezin badu jokatu, Oriamendi 2010 enpresak antzeko maila duen batekin ordezkatuko du. Ikusle eta guzti jokatuko dira partidak, baina enpresak aukera izango du osasun egoeraren arabera neurriak hartzeko.
Bihar hasiko da Binakako Txapelketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu