Bi egun, bi partida, hiru bikote eta finalerdietan sartzeko toki bakarra. Ekuazio bitxia da, binakako txapelketako finalerdietan sartzeko azken aukera lortzeko lehia bezain traketsa. Ligaxkak egoera katramilatsua utzi du, eta, urrunago joan gabe, Urrutikoetxea eta Beroiz, gaur, euren enpresako bikote batek gal dezan desiratzen egongo dira. Berasaluze eta Albisu da bikote hori, eta Xala eta Zubietaren aurka ariko da, Donostian. Iazko txapeldunordeek derrigor irabazi behar dute, finalerdietan sartzeko aukerari eutsi nahi badiote.
Berasaluzek eta Albisuk, baina, irabazteaz gain, Titinek eta Merinok bihar Arrigorriagan galtzea behar dute. Emaitza horiek hiru bikoteren arteko berdinketa emango luke, eta bi partidak irabazi dizkiete korapiloko beste bi hariei. Zeinen aurka galdu behar dute errioxarrek? Urrutikoetxea eta Beroizen aurka, hain zuzen, gaur irabaziz gero finalerdietan sartzeko aukerarik gabe utziko duten bikotearen aurka. Alegia, Urrutikoetxeak eta Beroizek gaur gauean, oso berandu, jakingo dute bihar zerbait jokoan izango duten ala ez, eta, hori gutxi ez balitz bezala, irabaziz gero, aukerarik gabe utzi dituen bikoteari mesede egingo diote. Titinek eta Merinok dute errazen: bihar irabazita, barrura. Gai berean, atzo egin zuten partida horretarako pilota aukeraketa, eta ez zen inolako arazorik egon. Harmailak ia goraino betetzea espero da.
Xalak eta Zubietak gaur ez dute deus ere jokoan, sailkatuta baitaude, baina sasoi oso onean daude. Presiorik gabe ez jokatzeak mesede egin diezaieke, baina, finalerdietako ligaxka hain gertu izanda, eskuak pixka bat zaintzeko tentazioan ere eror daitezke. Lehen itzuliko partidan 22-21 irabazi zuten, alde handiz galduz joan ondoren. Deigarria da, halaber, partida Atanon jokatzea. Aspek Gipuzkoako Federazioarekin elkarlanean antolatu du, eta federazioak hartu du bere gain sarreren salmentaren dinamizazioa, prezioak egokituz. Erritmo onean doa gainera, eta seiehun ikusle inguru espero dira. Mesede itxura galanta du, eta inor ez dadila harritu Aspek finalerdietako bere partidetako bat Donostiara eramaten badu.
Bihar bukatuko da
Gaur irabaztea eta Titinek eta Merinok bihar galtzea, horixe behar dute Berasaluze II.ak eta Albisuk finalerdietan aritzekoXala eta Zubieta sailkatuta daude jada, baina gaur bolada ona luzatu nahiko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu