Bigarrenean lortu du garaipena

Mohoricek azken kilometroetan lortutako tartea baliatu du, eta Vueltako zazpigarren etapa irabazi. Froome da lider oraindik, eta faboritoek lasai hartu dute etapa

Bigarrenean lortu du garaipena.
Gorka Intxausti Aranguren.
2017ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Matej Mohoricek(UAE) irabazi zuen atzo Espainiako Vueltako zazpigarren etapa. Bosgarrenean ere ihesean ibili zen, eta laugarren postua lortu zuen. Atzo kendu zuen arantza. Hamasei segundo atera zizkien Pawel Poljanski bigarrenari (Bora) eta Jose Joaquin Rojas hirugarrenari (Movistar). Sailkapen nagusiaren lehian,ihesaldian ibili zen Jetse Bol (Manzana Postobon) zazpigarren postuan jarri da, Chris Froomek (Sky) baino 8.29 gutxiago behar izan baitzituen helmugaratzeko. Wilco Keldermanek (Sunweb), berriz, denbora galdu zuen. Cuencara sartu aurretik gurpila zulatu, eta ezin izan zuen liderraren taldera bueltatu. Hamazazpi segundo geroago iritsi zen.

Hamazazpigarren kilometroan, hamalau txirrindulari aurreratu zitzaizkion tropelari. Haien artean zeuden herenegun ihesaldian egondako Jose Joaquin Rojas (Movistar), Pawel Poljanski (Bora) eta Thomas de Gendt (Lotto Soudal). Kilometroak pasatu ahala, tartea handitu egin zuten iheslariek, eta bederatzi minutu inguruko abantaila ere izan zuten, helmugatik kilometro gutxira. Azken mendatera iritsi baino bost kilometro lehenago hasi ziren elkarri erasoka. Thomas de Gendt izan zen lehena mugitzen, eta haren ondoren ahalegindu ziren ihesaldiko besteak.

Gazteluko gainean lau txirrindulari nabarmendu ziren ihesaldian: Rojas, Mohoric, Poljanski eta Thomas de Gendt (L. Soudal). Faboritoen artean, Miguel Angel Lopez (Astana) izan zen ihes egiten saiatu zen bakarra, baina Skyk berehala harrapatu zuen. Egun lasaia izan zen sailkapen nagusian lehiatzen ari direnentzat. Orain datozen etapak ikusita, ez da aukerarik txarrena indarrak gordetzea.

Gaina pasatu eta beherantz hasi aurretik egin zuen ihes Mohoricek. Rojas, Poljaski eta De Gnedt atzean utzi, eta tartea zabaldu zuen, berehala. Azken horiek ez ziren oso ondo konpondu elkarrekin. Nahiko zuhur jokatu zuten erreleboetan, eta hasieran ezereza zirudien tartea asko handitu zuen Mohoricek. Nahikoa izan zen beheranzkoan aldeari eusteko, eta bakarrik helmugaratu zen.

Gaurko etapak ia 200 kilometro ditu, eta Hellin eta Xorret de Cati artean jokatuko da. Helmugatik 3,3 kilometrora dagoen Xorret de Catik erabakiko du —5 kilometro,%9ko batezbestekoa eta %18ko aldapa gogorrena—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.