Izen berri bat idatziko dute Euskal Duatloiaren garaileen zerrendan. Bihar jokatuko dute bigarren aldiaren finala, Azpeitiko (Gipuzkoa) zezen plazan (12:00, ETB 1). Irabazten duenak Ugaitz Mugertza egungo txapeldunari hartuko dio erreleboa. Mutrikuarrak uko egin dio aurten lehiatzeari, Eneko Otañoren aurkako aizkora apustua prestatzen ari baita —martxoaren 26an jokatuko dute—.
Sei lagun lehiatuko dira, eta haietako bat izango da txapelduna. Kirolari bikainak bilduko dira plazan: Arkaitz Jauregi, Eneko Saralegi, Oier Kañamares, Suharri Rodriguez, Ibai Soroa eta Xabier Zaldua. Jauregi bigarren izan zen iaz; Saralegi, hirugarren; eta Kañamares, laugarren.
Aizkoran eta korrika aritzen dira duatloian, probak uztartuta. Aurreneko proban, 45 ontzako lau enbor ebaki beharko dituzte, ohiko eran: etzanda. Saltaka ariko dira gero, lau kilometro osatu arte —plazari 40 itzuli dira—, eta egurra moztuko dute azken proban ere: beste lau 45 ontzako, zutik jarrita.
Iaz, Mugertzak 32 minutu eta 31 segundoan ezarri zuen marka, eta hura hobetzen saiatuko dira gaur finalean ariko diren sei herri kirolariak. Lanak bizkorrago egitea da horretarako modu bakarra, baita txapela eskuratzeko ere.
Bi txandatan banatuta
Azpeitiko finalak bi txanda izango ditu: Saralegi, Zaldua eta Rodriguez ariko dira lehenbizikoan. Aldiz, Kañamares, Soroa eta Jauregi ohorezko txandan lehiatuko dira. Hala deitu diete antolatzaileek txandei, otsailean jokatutako kanporaketaren arabera antolatu dituztelako. Orduan denbora onenak egin zituztenak ariko dira azkeneko txandan.
Hain justu ere, Kañamaresek irabazi zuen finalaren atariko proba. Aroztegikoa (Nafarroa) izan zen bizkorrena, Soroaren eta Jauregiren aurretik: «Duatloiko hiru probak berdintsu prestatu ditut. Neure burua ondo ikusi nuen kanporaketan, eta ez dut aldaketa handirik egin. Kanporaketan egin beharreko lanak halako bi dira finalekoak, eta entrenamenduak apur bat luzatu ditut, baina prestaketa antzekoa egin dut».
Jaialdia eguerdian hasiko da, baina ordubete lehenago egingo dute egur loteen zozketa, zezen plazan bertan.
Bigarrena nork jantziko
Euskal Duatloiaren finala jokatuko dute bihar, Azpeitian. Gerta ahala gerta, txapeldun berria izango da, Ugaitz Mugertzak uko egin baitzion aritzeari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu