Bigarrena ere zaila da

Lagun Arok Unicaja ahaltsuaren aurka jokatuko du, Illunben, bigarren aldiz irabazteko asmoz (18:00)

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Alde ederra dago garaipenen kutxatxoan 0 bat ikusi edo 1 bat ikusi. Garaipenarekin, edo garaipenik gabe. Manresako itzulera gozoa izan zela aitortu du Sito Alonso Lagun Aroko entrenatzaileak, jokalarien aurpegiek beste poz bat zutela, beste lasaitasun bat islatu zutela. Bolada txarrean murgilduta dagoenarentzat zailetan zailena da lehen garaipena erdiestea, eta behin lortuta, besteak errenkadan etortzen omen dira. Akaso horrela izango da, baina Lagun Arorentzat, bigarren garaipen hori, zulotik ihes egitea baimenduko liokeen garaipen hori, lehena bezain zaila da. Illunbera datorren aurkaria oso gaiztoa delako: Unicaja.

Ostegunean egin zuen azken indar erakustaldia Malagako taldeak, Euroligan Chalon Sur Saone taldea menderatu baitzuen Chalonen bertan (Frantzia). Egiari zor, Jasmin Repesaren taldea hobeto ari da Euroligan ACB ligan baino. Etxeko lehiaketan bi norgehiagoka galdu ditu Andaluziako taldeak, azkena joan den igandean, Bilbon. Muturreko handi samarra hartuta, gainera: 82-65. Banan-banan begiratuta, sekulako taldea dauka Unicajak. Hasi joko antolatzaile eta eskoltekin, hegalekoekin jarraitu eta pibotekin bukatu arte.

Earl Calloway, Zoran Dragic eta Marcus Williams bikain ari dira, eta Txemi Urtasun eta Krunoslav Simon ere jaurtitzaile trebeak dira. 3-4 postuan min handia egiten dute erasoko errebotean James Gistek eta Carlos Jimenezek, eta saskipeko hirukoak beldurra ematen du: Luka Zoric, Perovic eta Fran Vazquez.

Eta horren aurrean, zer? Unicaja oso talde arriskutsua dela esan du Alonsok. «Baina kontrako egoera askori buelta emateko gai garela erakutsi dugu Estudiantes, Gescrap eta Fuenlabradaren aurka. Ez dakit irabaziko dugun edo ez, baina ziur nago ez gaituztela berehalakoan belaunikaraziko».

Alonsok ez daki Jermaine Taylor iritsi berria jokatzeko moduan egongo den edo ez: «Nire edo taldearen baitan ez; haren baitan dago hori. Nahitaez ikasi behar diren arau txiki batzuk ikasi behar ditu, bestela taldeari berari egingo baitio kalte. Nik garbi dut, gaur-gaurkoz, taldea edozein jokalariren gainetik dagoela. Salgado, Neto, Papamakarios eta besteak dira orain garrantzitsuak, eta ez Taylorrek minutu batzuk izango dituen ala ez zehaztea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.