Athleticek irabazi du Kopako finala

Bizi hasi du partida Athleticek eta nagusi izan da erasoan lehen minutuetan, baina Mallorca ez da kikildu eta 0-1 amaitu dute lehen zatia. Bigarrenean, ordea, berdinketaren gola sartu du Sancetek. Penaltietan erabaki da azkenean partida.

Iker Muniain, Espainiako Kopa eskuetan duela. JULIO MUÑOZ / EFE
ainara arratibel gascon
2024ko apirilaren 6a
23:09
Entzun

40 urteren ostean Athletic Espainiako Kopako txapeldun da. Ostegunean gabarra ikusiko da Bilboko itsasadarrean. Seigarren finala balekoa izan da, loria dastatu du talde-zuri-gorriak, penaltietan Mallorca menderatu eta gero: 4-2. Berenguerrek sartu du gol erabakigarria, eta Julen Agirrezabalak penalti bat geratu du. Sufritutako titulua, baina zinez gozatzekoa. Orain, bai, Athleticek lortu du bere 25. titulua. 

Esperotako hamaikakoa atera du Ernesto Valverdek, eta Julen Agirrezabalak zaindu du zuri-gorrien atea. Bizi hasi da partida, eta Athleticek berehala erakutsi ditu bere asmoak. Nico Williamsek lapurtu du baloia, eta bizkor zuzendu da Mallorcaren atera. Errematea kanpora joan da. Javier Aguirreren taldeak ere erakutsi ditu bere asmoak. Atzean ondo egon, eta baloi luzeekin min egitea Muriqirekin eta Larinekin, Vivian eta Paredes lekutik aterata.

 Lehen minutu horietan bi taldeek elkarren indarrak neurtu dituzte. Tentsioa nabaria izan da, eta ez talde batek eta ez besteak ez dute lortu baloiaren jokoaren ekimena izatea. Baina lehen aukera garbia talde zuri-gorriak izan du, Galarretak ezkerrez egindako erremate batekin, 15. minutuan. Greif atezainak ondo erantzun du. Pixkanaka Athletic nagusituz joan da, eta Mallorcari gero eta gehiago kostatu zaio zuri-gorriek egindako presioa gainditzea.

Baina Mallorca ez da kikildu, eta Muriqiren abisu baten ostean, gola sartu du 21. minutuan. Dani Rodriguezek sartu du, Athleticeko atzelariek baloia aldentzea lortu ez duten korner batean. Kolpea izan da gola, eta hurrengo minutuetan Mallorcak izan du jokoaren ekimena. Ernesto Valverderen taldeak ez ditu zuloak topatzen bizi ateratzeko. Ez dago eroso, baina Sanceten eta Guruzetaren pare bat jaurtiketekin suspertu egin da. Atsedenaldia baino lehen gola behar du. Eta Iñaki Williamsek gertu izan du, baina ez du asmatu buruz buruko jokaldi bat biribiltzen. Epaileak, gainera, baliorik gabe utzi du Nico Williamsen gola, jokoz kanpo zegoelako, 39. minutuan.

Dena den, Mallorca Agirrezabalaren atera gerturatu den aldiro, zalantza egin du Athleticen atzealdeak, batez ere area barruan. Lehen zatia amaitzear zela, beste bi abagune argi izan ditu Athleticek, baina Nico Williamsek eta Guruzetak ez dute asmatu. 

Partidan zerbait aldatzeko asmoz, bigarren zatian Valverdek Vesga zelairatu du Pradosen ordez. Mallorca ia gola sartzear egon da, lehen jokaldian. Agirrezabalak ondo gelditu du Larinen errematea. Baina gola Athleticek sartu du. Golegilea Sancet izan da, Nico Williamsen baloi sakon bat jaso ostean (50. min). Bigarren zati osoa izan du aurretik garaipenaren gola sartzeko. Espero bezala, hortik aurrera nagusitasuna Athleticena izan da, eta atzean utzi du erabat Mallorca. Herrialde Katalanetako taldea ezin baloia atera aritu da. Jokoaren ekimena zuri-gorriena izan da erabat, eta pixkanaka ohikoa duen bizitasunez jokatuz joan da.

Bigarren zati horretan Mallorcaren aurreneko aukera 66. minutuan iritsi da, baina Antonio Sanchezek ez du asmatu. Athleticen, Nico Williams eta Sancet aritu dira ondoen. Williamsen anaia gaztearen buruz buruko jokaldi bat gutxiagogatik joan da kanpora Hurrengo minutuetan, ordea, eta neurketa orekatu egin da. Mallorca saiatu da baloiaren jabetza gehiago izaten, eta neurketaren erritmoa jaisten. Radonjicek egindako beste erremate bat izan da hurrengo abisua. Azken txanparako, Athleticek hauspoa behar izan du, eta areara iritsi. Hala, Unai Gomez zelairatu du Valverdek. Athletic saiatu da, baina aparteko aukerarik sortu gabe. Hala, arauzko denbora bana amaitu da. 

Luzapenean lehen abagunea zelairatu berri zen Muniainek izan du. Errematea, ordea, kanpora joan zaio. Estutu egin du Athleticek, eta Mallorca jokoa trabatzen eta geratzen saiatu da falten bidez. Horietako batean, Muniainek gutxigatik jaurti du baloia kanpora. Luzapeneko bigarren zatia Berengurren abisu batekin hasi da. Baina berriro ere ez da ia ezer jokatu. Athletic nagusi izan da berriz ere. De Marcosen erdiraketa bat barrura bidaltzear egon da Williams, baina ez du asmatu. Abagunerik argiena izan zen hori. Atzetik Agirrezabalak gelditu on bat egin dio Muriqiri. 

Penaltietan erabaki da azkenean partida. Raul Garciak, Muniainek, Vesgak eta Berenguerrek sartu dituzte Athleticen golak, eta haiei esker lortu dute zuri-gorriek Kopako finala ere. Hortik aurrera eromenak hartu du Cartuja.

Valverde: «Titulu honek ez du parekorik»

Partida amaieran hunkituta mintzatu da Ernesto Valverde teknikaria. «Titulu honek ez du parekorik. Ikustea besterik ez dago nola dagoen zelaia, eta zer esan nahi duen titulu honek klubarentzat. Urte asko generamatzan honen bila, eta gauzak bere tokian daudela sentitzen dut». Antzera mintzatu da Mikel Vesga. «Asko sufritu dugu, baina garaipen hau guztiona da. Familiari, lagunei eta urte hauetan titulu hau lortzear egon diren jokalariei eskaini nahi diet. Haiena ere bada».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.