BARTZELONA 3 - 2 WOLFSBURG

Bigarren zatiak eman dio txapela

Bartzelonak irabazi du Txapeldunen Liga, Wolfsburgen kontra 0-2ko bat iraulita. Irene Paredes titulu hori irabazi duen bigarren euskal emakumezko futbolaria da

Irene Paredes Txapeldunen Ligako garaikurra jasotzen. ALBERTO ESTEVEZ / EFE.
ainara arratibel gascon
2023ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Pajorrek (3. min.). 0-2: Poppek (37. min.). 1-2: Guijarrok (48. min.). 2-2: Guijarrok (50. min). 3-2: Rolfok (70. min.)

Futbolak hainbeste zale izateko arrazoietako bat da ustekabeak ematen dituela. Kasu honetan, ez da ustekabea Bartzelonak Txapeldunen Liga irabaztea, Europako talderik indartsuenetako bat baita, eta izarrez betetako multzoa du. Baina bai egin duen modua. Izan ere, atsedenaldian, Wolfsburg 0-2 zegoen aurretik. Bartzelonaren zaleei burura etorriko zitzaizkien iazko Lyonen aurkako finaleko mamuak. Gidoia antzekoa zen. Baina bigarren 45 minutuetan goitik behera aldatu zen dena. Patri Guijarroren bi gol izan ziren neurketaren norabidea hankaz gora jarri zutenak, eta Rolforenak blaugranei eman zien titulua. Txapeldunen artean da Irene Paredes. Legazpiarra Txapeldunen Liga irabazi duen bigarren euskal emakumezko futbolaria da, Damaris Egurrolaren atzetik. Bartzelonak bigarren aldiz irabazi du titulua.

Finalak iazko hasiera berdina izan zuen kataluniarrentzat. Izan ere, Lyonek egin zuen moduan, Wolfsburgek gola sartu zuen. 3. minutuan bere area inguruan baloia galdu zuen Bronzek, eta akatsa ederki aprobetxatu du Pajorrek. Golak bere jokoa egiteko aukera ahalbidetu zion Wolfsburgi, duen kontraeraso zitala baliatzeko. Pajorrek min egin zion eskuinetik Bronzeri, eta Poppek estu hartu zituen Paredes eta Mapi baloi irteeran.

Legazpiarrak izan zuen Bartzelonaren lehen aukera argia, 13. minutuan. Bigarren zutoinean bakarrik geratu zen, baina buruz egin zuen errematea kanpora joan zen. Bartzelonak zuen baloi jabetza. Baina ez zegoen eroso. Izan ere, Aitana Bonmati, Hansen eta Rolfo ez ziren azaldu lehen zatian. Alemaniarrak ondo jarrita zeuden zelaian, eta ondo itxita zituzten. Buruz burukoetan, gainera, nagusi ziren.

25. minutuan Bonmatik gertu izan zuen berdinketa. Baina haren errematea kanpora joan zen. Handik hamar minutura jaso zuen Bartzelonak bigarren kolpea. Alexandra Poppek gola sartu zuen 37. minutuan. Aurrelariak ondo irabazi zien bizkarra blaugranen erdiko atzelariei, eta atzetik etorrita buruz sartu zuen gola. Alemaniarrak oso eraginkor aritu dira bai erasoan zein defentsan lehen zati horretan. Bartzelonak gol bat behar zuen atsedenaldia iritsi aurretik. Paralluelok aukera aparta izan zuen 1-2koa egiteko. Alemaniarren atezainak, Frohmsek, ordea, ondo erantzun zion jaurtiketari.

Bigarren zatian, ordea, Bartzelona bete-betean atera zen, eta bost minutuan bi gol sartu zituen Patri Guijarro. Kolpea izan zen hori alemaniarrentzat. Hansen eta Bonmati gehiago azaldu ziren bigarren zatian, eta Bartzelona hobeto aritu zen erasoan, baloi luzeak eta Geysek aurrean eman zion abiadura baliatuz. Rolfok sartu zuen garaipenaren gola, 70. minutuan, Bonmatiren erdiraketa baten ostean.

20 minutu falta ziren neurketa amaitzeko, eta Bartzelonak ondoen dakiena egin zuen hortik aurrera: baloi jabetza izan, eta jokaldi luzeen bidez partidaren aginte makila izan. Wolfsburg saiatu zen berdintzen. Baina Bartzelona oso nagusi izan zen azken minutu horietan, eta loria harena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.