Alexandre Leautek, Heidi Gaugainek eta Eduardo Santasek domina bana jantzi dute gaur, Clichy-sous-Bois-en jokatutako erlojupeko proban. C2 mailan, Leaute izan da azkarrena 14,2 kilometroko ibilbidean, eta bi segundo hobetu du Ewoud Vromant belgikarraren denbora. Santasek, aldiz, behetik gorakoa egin du zilarra eskuratzeko C3 mailan. Thomas Peyroton-Dartet frantziarrak soilik gainditu du nafarraren denbora. Emakumezkoetan, berriz, Gaugain lapurtarrak oso atzean utzi du hirugarren sailkatua (38 segundo), baina ezin izan du Sarah Storey britaniarraren denbora hobetu, eta bigarren izan da, 4,69 segundora.
Bi kirolari lapurtarrek berriro lortu dute domina Parisko Paralinpiar Jokoetan; bigarrena du Gaugainek, eta hirugarrena Leautek. Gaugainek zilarrezko domina lortu du berriz, joan den igandean bigarren geratu baitzen C5 kategoriako 3.000 metroko banakako jazarpen proban. Leautek ez dauka bigarrena, hirugarrena baizik. Bretainian jaiotako txirrindulari horrek uztailaren 30ean urrea jantzi zuen C2 kategoriako 3000 metroko bakarkako jazarpeneko proban, eta hurrengo egunean brontzea lortu zuen C1 kategoriako 3 1.000 metroko erlojupekoan.
Gaugainek beste zilar bat lortu duen arren, irabazitako azken honek beste aho zapore bat utzi dio txirrindulari gazteari. Hilaren 1ean, negarrez amaitu zuen C5 kategoriako 3000 metroko banakako jazarpenaren finala, bi segundo eskasean ihes egin baitzion urreak. Banakako erlojupekoan ere gertu izan du urrea, lau segundora, baina Storey britainiarra idoloa da harentzat, eta pozik dago zilarra lortzeagatik. Le Parisien egunkarian egin ditu adierazpenak zilarra jantzi orduko, eta pozik dagoela berretsi du. «Storey mito bat da, harekin parez pare jarri naizen arren. Handia izatean, hura bezalako mito bat izan nahiko nuke. Errespetu handia diogu elkarri, eta podiumaz gozatu egingo dut».
Emakumezkoen proba amaitu orduko hasi da gizonezkoena, eta Gaugainek iragan larunbatean jaso zuen kolpea Leautek eman dio bigarren sailkatuari. Bi segundorengatik eskuratu du urrezko domina, Parisko Paralinpiar Jokoetan bigarrena. Leaute ere guztiz asebeteta sentitzen da medaila preziatua lortuta, Le Parisien egunkariari adierazi dion moduan. «Ezin naiz gehiago poztu lortutakoaz. Gaurkoa oso zaila izan da, eta eta nire esfortzua ahalik eta hobekien kudeatzen saiatu naiz. Lehen fasera atzerapenarekin heldu naiz, baina ez naiz gogogabetu, eta dena eman dut azken zatian».
Azken emaitza horiekin, Leautek zazpigarren domina olinpikoa lortu du, Tokion lau lortu ostean. Gaugain gazteak domina anitz lortu ditu munduko txapelketetan, baina lehen Paralinpiar Jokoak ditu, eta Parisen estreinatu du palmares olinpikoa.
Haien jarduna oraindik ez da amaitu Parisko Paralinpiar Jokoetan. Heidi Gaugainek azken aukera izango du beste domina bat eskuratzeko, C4-5 mailako errepideko lasterketan. Ostiralean jokatuko du, zilarra lortu duen ibilbide berean. Leauteri ere errepideko lasterketa jokatzea geratzen zaio oraindik. C1-3 mailan egingo du, brontzea lortu zuen kategoria berean, eta Clichy-sous-Bois-en ere jokatutako da.
Santasek, berriz, bigarren domina lortu du gaur. Txirrindulari nafarrak brontzezkoa lortu zuen Rion, 2016an, taldekako abiadura proban. Gaur, berriz, <ilarrezkoa lortu du C3 mailan, banakako erlojupekoan. Clichy-sous-Boisen lehiatu da hura ere, eta behetik gorakoa eginda lortu du domina. Bosgarrena zen lehen bi mugarrietan, eta postu bat egin du aurrera hirugarrenean. Bertatik helmugara bitartean eman du bere onena txirrindulari nafarrak, eta laugarren postuan egotetik bigarren postuan amaitzera igaro da. Thomas Peyroton-Dartet frantziarrak soilik hobetu du Santasen denbora. 43 segundo bizkorrago amaitu ditu lanak garaileak.
Hamaika domina guztira
Hiru txirrindulariek lortu dituzten dominekin hamar dira, dagoeneko, euskal kirolariek lortu dituzten dominak. Hala ere, hamaikagarren bat ere ziurtatuta dauka Ander Cepasek. Donostiarra mahai teniseko finalerdietara sailkatu da. Larunbatean lehiatuko da, banakako C9 mailan, baina, gutxienez, brontzea lortuko du.