Bigarren urratsa egiteko garaia

Gaur hasiko dira Europako Txapelketako final-laurdenak. Norvegia eta Italia etxera joan izana da multzoen faseko ezuste nagusia

Austriako Marie Hobinger eta Ingalaterrako Georgia Stanway lehian, multzoen faseko partidan. PETER POWELL / EFE.
ainara arratibel gascon
2022ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Datorren uztailaren 31n Wenbleyn Eurokopako garaikurra altxatu nahi duen selekzioak lau pauso eman behar zituen txapelketa hasi zenean. Zortzi izan dira multzoen fasea gainditu eta lehen urratsa egin dutenak. Gaurtik larunbatera bitarte bigarrena egiteko lehian izango dira. Baina soilik lauk lortuko dute, final-laurdenetako kanporaketak gainditzen dituztenek. Kanporaketa politak espero ditu Ainhoa Tirapu Athleticeko jokalari ohiak. Horrekin batera, lehen fasean harmailetan izandako jendetza eta giroa nabarmendu ditu. «Ikusmina handia izan da, eta pozgarria da».

Ustekabeei dagokienez, Tirapuk Norvegia eta Italia kanpoan geratu izana aipatu du: «Norvegiaren kasuan, aurreko txapelketan ere lehen fasean geratu zen kanpoan. Alde horretatik ez da hain ezustea izan. Bai, ordea, egin duen jokoa. Ez du talde gisa funtzionatu. Italia, berriz, atzean erakutsitako sendotasunari esker beti ibili da ondo, baina oraingoan nahiko bigun ikusi dut arlo horretan». Danimarkari ere erreparatu dio: «Zituen jokalariak kontuan hartuta, proposamena nahiko pobrea egin du».

Horrekin batera, ez zuen espero hainbat selekziok atzealdean egindako akatsak egitea: «Selekzio gehienak, oro har, hobeto aritu dira erasoan defentsan baino. Espainiak lehen bi partidetako hasieran egindakoak eta Norvegia eta Italiarenak... ez dira ohikoak».

Baina futbolak memoria eskasa du, eta ezinbestekoa da aurrera begiratzea, final-laurdenetara. «Joko eta emozio aldetik partida politak izatea espero dut. Emakumeen futbolean azken urteetan gora egin du nabarmen jokoaren intentsitateak eta abiadurak, eta txapelketa honetan ere ikusi da. Gainera, kanporaketak iritsi ahala hori areagotu egiten da».

Lehen fasean ikusitakoaren ostean, askok etxeko selekzioa, Ingalaterra, ikusten dute faborito. Ez du horren garbi, ordea, Tirapuk: «Sartu duen gol kopurua eta etxean jokatzen duela kontuan hartuta, baliteke hala izatea. Baina Austriaren kontrako partidan ez nuen hain fin ikusi. Espainiak lanak eman diezazkiokeela uste dut, aukerak izan ditzakeela. Ingalaterrak erasora jokatzen du, eta ez da atzean itxiko; Espainiari ondo datorkio hori».

Alemania eta Frantzia «oso ondo» ikusi ditu: «Alemania beti dago hor. Belaunaldi aldaketak izan arren, txapelketa guztietan lehiatzen da ondo. Zerbaitegatik da Eurokopa gehien irabazi duten selekzioa alde handiarekin». Frantzia, berriz, beti aritu da multzoen faseetan ondo, eta kanporaketetan huts egin izan du: «Beti izan ditu jokalari oso onak bakarkako jokaldietan, baina oraingo honetan multzo moduan ere oso ondo ikusi dut». Ikusteke dago Marie Katotoren faltak nola eragiten dion. Aurrelariak txapelketa utzi behar izan zuen, eskuin belauneko lotailu gurutzatua apurtu baitzuen. «Golegile petoa da, eta kanporaketetan funtsezkoa da. Gainera, multzoarentzat beti da kolpea halako jokalari garrantzitsu bat galtzea».

Frantziak Herbehereak izango ditu aurkari. Egungo txapelduna da selekzio laranja, baina ez da asko hitz egin haren inguruan. «Aldearekin irabazi arren, Suitzaren kontra kostatu egin zitzaion, eta Portugali ere estu irabazi zion. Kanpoan geratu diren selekzioen artean, gehien gustatu zaidana Portugal da. Jokalari oso teknikoak eta interesgarriak ditu. Talde moduan sendoagoa izatea falta izan zaio». Suedia, berriz, faborito ikusten du Belgikaren kontra: «Txapelketen azken txanpara iristen da. Multzo sendoa du».

Euskal futbolarien lana

Eurokopan ari diren euskal futbolariei dagokienez, Irene Paredes «beti bezain ondo» ikusi du. «Gainera, Alexia ez egonda, are liderragoa da zelaian». Lucia Garciak «aukera gutxi» izan ditu bere indarguneak erakusteko: «Nik uste dut hegalean jokatuta gehiago emango lukeela, aurrelari moduan espazio gutxi izan baititu min egiteko». Amaiur Sarriegik minuturik ez jokatu izana «ulertzen zaila» da Tirapurentzat: «Espainiari zerbait falta bazaio, gola da, eta Amaiurrek hori dauka». Baina garbi du Realeko jokalariak oinak lurrean dituela. «Ziur nago buruan izango duen bakarra lanean segitzea izango dela, eta ikastea». Damaris Egurrola «patxadaz» ikusi du: «Ondo aritu da, eta jokalari baliotsuenaren saria eman diote partidetako batean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.