Iñaki Azurmendi. Aizkolaria

«Bigarren txapela, jada, ezin da izan kasualitatea»

Maila Nagusiko txapelak aspaldiko astelehen gozoena eskaini dio Iñaki Azurmendiri. Orain bi urtekoaren berrespena izan da.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2013ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
«Lanean egoteko» plazera eduki zuen atzo Iñaki Azurmendik (Beasain, Gipuzkoa, 1972). «Egin, gutxi egin dut eta...». Bigarrenez irabazi zuen herenegun Maila Nagusiko Aizkora Txapelketa, Elgoibarren, eta, asmo handirik ez badu ere, barneratuta dauka apustu hotsen bat entzun beharko duela.

Ezustekoa hitza ageri da batean eta bestean Iñaki Azurmendi izenaren ondoan. Zuregan konfiantza handirik ez zegoen seinale?

Nik baneukan esperantza. Orain bi urte horrelaxe joan nintzen, eta irabazi egin nuen. Aurten ere oso ondo prestatuta nengoen, gauzak ondo eginda. Normala da gehienentzat faboritoa Nazabal izatea, eta nik ere apustu hori egingo nuen. Baina azken hamar urteotan berak ere eduki ditu lauzpabost ezusteko; 2011n nik irabazi nuen, 2010ean Olasagastik...

Behar zenuen txapel hau «ni ere hemen nago» esateko?

Bai... Berrespena izan da niretzat. 11. finala nuen, eta orain dela bi urte irabazi nuen, bai, baina Floren [Nazabal] min hartuta zegoen orduan; askorentzat kasualitatea izan zen hura. Horregatik dauka garrantzia txapel honek, bigarrena jada ezin delako izan kasualitatea. Biren balioa dauka honek.

Uste baino beheragotik ibili ziren Nazabal eta Otaño bereziki. Zer hitz egin zenuten behin lanak amaituta?

Otañorekin ez nuen gehiegi hitz egin. Nazabalek, berriz, birusen bat-edo zeukala aipatu zuen; ez zegoela bete-betean. Zerbait izango zuen, ez delako normala alde hori ateratzea. Gu baino gehixeago da, baina ez zuen eduki egun onik.

Lasai hasi eta lan erdietara gehiegi bete gabe iristea zen estrategia? 1.35 minutuko denborarekin, atze-atzean ekin zenion finalari.

Ez, ez. Nire lana egitera joan nintzen, baina lehen enborretan, agian, ez nuen asmatu gehiegi aizkorekin eta. Hirugarren-laugarren enborretan, berriz, pare bat adar azaldu zitzaizkidan. Baina hainbeste gorabehera edukita ere aldea hain handia ere ez zela ikusi nuen, eta aurrera egiteko indarra eman zidan horrek. Bosgarren egurrean jada goitik behera aldatu zen finala, bosgarren postutik bigarrenera pasatu nintzelako. Ni egur handien zain egoten naiz beti, eta hortxe egin nuen gora finalean ere.

Minutua galduta iritsi zinen oinbikoetara, eta minutuaren aldearekin amaitu zenituen lan horiek.

Bai, bai. Nire lau oinbikoak ebakita, bederatzigarren egurrean ia lan erdiak eginda nengoen Nazabalek oinbikoetako lan horiek amaitu zituenerako. Enbor hori ebaki nuenean ikusi nuen bera orduantxe ari zela buelta ematen, eta huts larriren bat egin ezean txapela eskura neukala jabetu nintzen. Lanean jarraitu nuen, baina fresko iritsi nintzen amaierara, eta konfiantza handiarekin aritu nintzen azken zatian.

Anjel Arrospidek 1993an baino zortzi minutu gehiago behar izan zenituen lanak amaitzeko, eta hamar minututik gora joan ziren gainerakoak. Hainbeste jaitsi al da maila?

Ez dakit... Maila jaitsi da pixka bat, eta normala ere bada. Lehen diru gehixeago zegoen aizkoran, prestaketak zehatzagoak ziren... Baina egurretan uste dut dagoela alderik handiena. Finalean geneuzkan egurrak 38 minutuan ebakitzea ez dut uste lan txar-txarra denik, egur horiek hain onak ere ez zirelako.

Txapelaren zatirik handiena zuretzat izango da, noski, baina izen gehiago ere egongo dira atzean...

Bai, bai. Urte askoan nire inguruan ibili diren lagun guztiena da txapela, preso daukadan anaiarena, azkenaldian taldean ibili direnena, barruan daudenena, finala ikustera joan nahi bai baina joaterik izan ez zutenena... Aitor Esnaolaren deia jaso nuen, adibidez, Ocañako espetxetik, eta oso hunkigarria izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.