Txirrindularitza egutegiko hirugarren itzuli handia jokatuko da gaurtik irailaren 11 bitartean: Espainiako Vuelta. Taldekako 27,4 kilometroko erlojupekoarekin hasiko da, gaur, Ourensen (Espainia). Esan ohi da garrantzia gutxien duen itzuli handia dela, baina Vueltako antolatzaileek ikuskizunarekin asmatu dute, eta bereizgarri bihurtu dituzte azken kilometroetako aldapa tenteak. Gainera, partaidetza ona egongo da: Frantziako Tourreko lehen biak —Chris Froome (Sky) eta Nairo Quintana (Movistar)— eta Alberto Contador (Tinkoff) ariko dira, adibidez.
Hiru faboritoei gailentzeko hautagaien artean Esteban Chaves (Orica) eta Steven Kruijswick (Lotto) nabarmendu behar dira. Chavesek iazko Vueltan bi etapa irabazi zituen eta elastiko gorria hainbat egunetan soinean eraman zuen —bosgarren amaitu zuen sailkapen nagusian—, eta aurtengo Giroan garbi utzi du itzuli handietan beste pauso bat eman duela, bigarren amaituz. Kruijswickek, bestalde, Giroan lider sendoa zela erakusten ari zela erori zen, hemeretzigarren etapan, Agnello jaisten hasterakoan. Arantza kendu nahiko du, eta sasoi onean iritsiko da.
Gainera, Froomek eta Quintanak Tourraren nekea daramate hanketan, eta Contadorrek, lesioak. Eta haien inguruko zalantzak argitzeko errepideak aukera ugari eskainiko ditu: hamabi erdi eta goi mailako etapa menditsu egongo dira; guztira 51 mendate igoko dituzte txirrindulariek, eta aldapan amaituko dira hamar etapa. Bestalde, Euskal Herritik hiru egunetan pasako da Vuelta.
Euskal ziklistak, etapa bila
Bederatzi euskal herritarrek hartuko dute parte aurtengo Vueltan, eta etapak eta sari bereziak izango dituzte helburu. Mikel Landa azken orduan geratu da Skyren bederatzikotik kanpo lesio baten ondorioz, eta David Lopezek hartu du bere tokia. Beraz gain, Pello Bilbao (Caja Rural), Imanol Erbiti eta Jonathan Castroviejo (Movistar), Omar Fraile eta Igor Anton (Dimension Data) , Haimar Zubeldia eta Markel Irizar (Trek) eta Romain Sicard (Direct Energie) ariko dira.
Bigarren Tourra
Gaur hasiko da Espainiako Vuelta, eta bertan ariko dira Froome, Quintana eta Contador, besteak beste. Erlojuaren aurkako gutxirekin, mendiak erabakiko du garailea, aurten ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu