Andoni Gorosabel. Realeko jokalaria

«Bigarren taldeko Imanol bera ikusten dut orain ere»

Reala ligako liderra da egun, eta Andoni Gorosabelek argi dauka hori Zubietan egunero osatutako «lan gogorraren fruitua» dela. Gustura da denboraldi hasieran egindako lanarekin, baina nabarmendu du hilabete asko geratzen dela amaitzeko.

JON URBE / FOKU.
inigo lasa fresneda
2020ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Aurtengo ligako ezusterik handienetako bat izan da Andoni Gorosabel (Arrasate, Gipuzkoa, 1996). Lehen Mailan jokatzen duen lehen denboraldia ez bada ere, zer maila duen erakutsi du sasoi honetan. «Konfiantzaz gainezka» dago, eta horrek zelaian inoiz baino gehiago gozatzea ekarri dio.

Orain dela astebete baino gehiago, orkatila bihurritu zenuen. Zer moduz duzu orkatila?

Nahiko ondo. Oraindik pixka bat geratzen zait, baina, pixkanaka-pixkanaka, lesioa osatuz joatea espero dut.

AZ Alkmaarren aurkako partidaren beroketan hartu zenuen min. Imanolek zelaiaren egoera txarrari bota zion errua, eta aste honetan bertan Anoetan soropila aldatzen hasi dira. Denbora asko al zeneramaten zelaiaren egoeraz kexatzen?

Bai, zelaiak denbora asko zeraman egoera txarrean. Biguna zegoen, eta asko altxatzen zen. Horrek gu irristatzea ekartzen zuen. Zelaia aldatzea erabaki ona dela uste dut, bai guretzat, baita klubarentzat ere. Guretzat onuragarria izango da zelaia egoera ezin hobean egotea.

Hurrengo partidara iritsiko al zara?

Nik ez ditut epeak kontrolatzen. Nik kasu egingo diot medikuek eta fisioterapeutek esaten didatenari, eta hori ahalik eta hobekien betetzen saiatuko naiz. Ahalik eta azkarren bueltatzea gustatuko litzaidake, baina noiz bueltatu, hori nire orkatilak esango dit.

Zuk min hartu, eta Joseba Zaldua osatu da. Lekua galtzeko beldurrik?

Nik beti gauza bera esaten dut zentzu horretan: konpetentziak mesede egiten digu, eta hobetzera behartzen gaitu biok. Zure postuan beste jokalari on bat edukitzea biontzako da onuragarria. Gure onena ematera behartzen gaitu. Oso gauza naturala da konpetentzia, eta hori taldearentzat ona dela uste dut.

Lesioak sasoi hasiera on bat egiten ari zinetela harrapatu zaitu. Gogorra egin al zaizu horrelako hasiera eta gero gelditu behar izatea?

Bai. Egia da min hartzean beti hartzen duzula pena, edozein dela garaia. Baina bai, ni gustura nenbilen futbol zelaian; oso ondo nengoen jokatzen, eta izorratu egiten du lesio batengatik gelditu behar izateak. Gauzak horrela suertatzen dira, eta orain taldearen dinamikara ahalik eta azkarren bueltatzen saiatu beharra daukat.

Sasoi honetan jokatu dituzun partida guztietan maila bikaina eman duzu. Jende asko harrituta geratu da zure sasoiarekin. Espero al zenuen hain ondo ibiltzea?

Nik badakit zer motatako jokalaria naizen, eta zer eman dezakedan. Gauza hauek egunero eta denboraldiro egiten ditut. Gauza da gero berdegunean gauzak ateratzen zaizkizun ala ez. Egun, konfiantza handiarekin ari naiz jokatzen. Oso pozik nago taldea laguntzen ari naizelako.

Udan prestaketa bereziren bat egin duzu hain ondo egoteko?

Aurtengo denboraldi-aurrea berezia izan da, ohi baino motzagoa. Baina nik klubak bidalitakoa bete dut; ez dut ezer berezirik egin nire kabuz.

Eman duzun itxura ona dela-eta zaleak dagoeneko hasi zaizkizu ezizenak jartzen. Gorosalves da indar gehien hartu duena. Nola jaso dituzu jarri dizkizuten ezizen horiek?

Iritsi zaizkit, bai [barrez]. Barre asko egiten dut ezizen horiekin, eta umorez hartu ditut. Azken finean, ezizenak besterik ez dira, eta nik horrela hartu ditut.

Zu ez ezik, taldea ere sasoi bikainean da. Taldea ligako liderra da egun, eta laudorioak jaso besterik ez duzue egiten.

Oso pozik gaude. Egunero-egunero Zubietan egiten dugun lanaren fruitua da. Orain arte bezala jarraitzen badugu lanean, emaitzak gure aldekoak izango dira. Berdin jarraitu beharra daukagu.

Futbolean ondoen jokatzen duen ligako taldea al zarete?

Hori bakoitzaren gustu futbolistikoen araberakoa da. Guk futbolean jokatzeko modu jakin bat daukagu, futbol horretan sinesten dugulako. Ikusten ari gara horrela jokatuta emaitza positiboak lortzen ari garela, eta berdin jarraitu beharra daukagu.

Geldialdi honek sasoirik onenean harrapatu al zaituzte?

Baietz uste dut. Ez da berdin geldialdi bat izatea dinamika txar batetik zoazenean, edo, guk bezala, bost garaipen jarraian lortzen dituzunean. Halere, geldialdiak on egingo digula uste dut. Partida asko jokatu ditugu aste gutxitan, eta jokalari askori ondo etorriko zaigu, pixka bat deskantsatu eta indarberrituta bueltatzeko.

Taldeak ba al du zer hobeturik?

Beti dago zerbait hobetzeko. Egia da aurten oso ondo ari garela jokatzen, eta gauzak ondo ateratzen ari zaizkigula, baina beti dago zerbait hobetzeko.

Zer esparrutan hobetu dezake?

Xehetasun txikiak, esate baterako. Bai aurrean, baita atzean ere ondo ari gara, baina bi esparruetan hobetu dezakegula uste dut.

Europan gol gehien sartzen dituen taldeetako bat da Reala, eta egiten duzuen erasoko jokoan jarri da azpimarra. Baina atzean ere oso gol gutxi ari zarete jasotzen.

Denon lana izan da hori. Aurrelarietatik hasi eta atzelarietaraino. Guztiok batera egindako lana da hori. Egia da golak aurrelariek sartzen dituztela, eta gure lana kontrarioek golik ez sartzea dela. Baina, orokorrean, guztion lana da. Guk aurrelariei gola sartzea errazten diegu, eta haiek guri defentsa lanetan laguntzen digute. Talde lana da gakoa.

Europa ligan, bi garaipen eta porrot bat lortu ditu Realak. Nola ikusi duzu taldea multzokako faseko lehen hiru partidetan?

Nik ondo ikusi dut taldea. Oso partida onak egin ditugula uste dut. Ez genuen merezi Napoliren aurka galtzea, baina, orokorrean, oso itxura ona eman dugu.

AZrekin eta Napolirekin batera, berdinduta zaudete multzoaren buruan. Multzoak ezin du parekatuago egon.

Hasieratik genekien multzo zail bat izan behar zuela gureak. Talde onak dira, eta edozeinek irabaz diezaioke edozeini. Partida guztietan ondo jokatu beharra daukazu hiru puntuak eskuratu nahi badituzu. Azkeneko partidaraino borrokatu beharko dugu sailkatzeko. Gure lana ondo eginez gero, aukera asko izango ditugu hurrengo fasera pasatzeko.

Zer helburu jarri diozue zeuen buruari denboraldi honetarako?

Ez dugu helburuez hitz egin. Partidaz partida goaz, eta beti irabazteko asmoarekin ateratzen gara zelaira. Gure errendimenduak esango digu non dagoen gure sabaia. Baina sasoi amaieran gauza politengatik lehiatzen egotea da gure asmoa.

Lehen taldeko jokalari askok harrobian elkarrekin jokatu zenuten. Imanol bera ere harrobian bertan ezagutu zenuten. Gauzak ondo egin direla argi dago. Zein izan da arrakasta horren gakoa?

Realean, Zubietak garrantzi handia du. Harrobian kalitate handiko jokalari asko dago. Kluba lan ona egiten ari da arlo horretan. Sekretua lana egiteko moduan dago. Zubietatik atera garenok oso harro gaude harrobian egiten den lanaz.

Imanolek bigarren taldean zuen entrenatzeko modu berberarekin jarraitzen du, ala aldatu egin du futbol profesionalera pasatzean?

Nik bigarren taldean ezagutu nuen Imanol bera ikusten dut orain ere. Futbola asko gustatzen zaio; egunero lan asko egiten du, eta entrenamenduetan oso sartuta egoten da. Asko exijitzen duen entrenatzaile bat da, eta horrek beti aktibo egotera eramaten du taldea. Eta hori oso garrantzitsua da hainbeste partida eta jokalari dituen talde batean.

Gehien markatu zaituen teknikaria al da?

Bai, baliteke. Orain, nire sasoirik onenean nago, eta bera aulkian dela gertatzen ari da hori. Bigarren taldean geundenean ere, oso sasoi onean aritu nintzen. Hobetzen laguntzen dizu.

Realean jokalari gazteei jokatzeko aukerak emateaz gain, kapitainaren besokoa emateko beldurrik ere ez dago. Zuk zeuk ere jantzi zenuen, denbora gutxiz bada ere. Zer sentitu zenuen?

Reala bezalako klub baten besokoa eramatea oso berezia izan zen niretzat, oso momentu polita. Besokoa, baina, urteen poderioz eta aldagelaren errespetuarekin irabazten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.