RIO16. Olinpiar oroitzapena. Londres 2012

Bigarren sexua

Ez zuen asko pentsatuko Kattalin Miner kazetariak duela lau urte emakumezkoen 800 metroko finalari so egongo zela. Caster Semenyari Berlingo Munduko Txapelketan egindakoek eraman zuten horretara: «Generoaren poliziei gain hartu zien».

Kattalin Miner.
2016ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Inor ez da bigarrenekin oroitzen, edo hori diote behintzat. Baina inor gutxik pentsatuko luke ere orain lau urte neroni telebistari begira egongo nintzenik emakumezkoen 800 metrokoa noiz helduko zain. Atletismoari ez diot sekula askorik erreparatu, baina egun horren aurretik aritua nintzen hainbat lasterketa ikusten, eta konturatua nintzen 800 metrokoan ere gauza harrigarriak ikus daitezkeela.

Kontua da honetan Caster Semenyaren zain nengoela. Ezagutu bainuen Semenya —ez pertsonalki noski— hiru urte lehenago Berlinen ospatutako Atletismoko Munduko Txapelketan Usain Boltek nola, bere kideak atzean utzi eta markak hautsi zituenean. Gogoan dut nola altxatu zituen besoak giharrak erakutsiz, eta gogoan dut gihar horiek berak erakutsi izanak nola piztu zuen gainontzeko korrikalarien haserrea esanez «hori ezin da emakume bat izan». Gogoratzen ditut hurrengo hilabete umiliagarriak, non publikoki hitz egiten zen haren testosterona maila altuaz, haren genitalitate zalantzagarriaz, haren «hermafroditismoaz»… Gogoratzen dut are umiliagarriago, nola jantzi zuten soineko zuri batez eta aldizkarietako portadak betearazi zizkioten haren emakumetasuna berretsi nahian. Eta, azkenean, hainbat mediku eta zientzialarik azaldu zuten «emakume osoa ez bazen ere ez zuela emakumeen kategorian korrika egiteko arazorik».

Horregatik begiratzen nion Londresko Jokoetan telebistari hain urduri. Semenyaren itzulera zen. Hasiera eman zioten korrikaldiari, eta Semenya azken postuan zihoan, lasai itxurarekin, askorik nabarmendu nahi ez duenaren gisan, baina azken metroetan barruko pantera atera, eta gainontzekoak aurreratu zituen, nire bihotzaren osasunaren kontra, eta, errusiarra izan ezik, gainontzekoak aurreratzea lortu zuen bigarren postua lortu arte.

Inoiz gutxi balio izan dit bigarren postu batek hainbeste. Korrikalari hegoafrikarraren azaña ez zen zilarrezko domina hori izan. Haren lasterketa beste bat izan zen: hain zuzen, generoaren polizia horiei gain hartu ziona, genero eta sexu bitasuna zalantzan jarri zuena. Eta bigarren postu horrek gutxi du kirolaren epikotasunetik; asko, ordea, genero identitate eta sexu identitate borrokatik; asko bigarren sexutik—kasu honetan hori ere ez—, eta ezin ahaztuko dut berehala.

ARGAZKIA

Eguna. 2012ko abuztuaren 11.

Ekitaldia. Londresko Olinpiar Jokoak. Emakumezkoen 800 metrokoen finala.

Emaitza. Maria Savinova errusiarra lehenengo (1.56,19), Caster Semenya hegoafrikarra bigarren (1.57,23) eta Ekaterina Poistogova hirugarren (1.57,53). Atzetik aurrera eginda lortu zuen Semenyak zilarra —argazkian—. Haren kirol ibilbideko azken lorpena izan zen. Behera izan zuen gero nabarmen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.