ARRAUNA. EUSKOTREN LIGA

Bigarren posturako hautagai sendoa

Hasiera zaila izanda ere, Donostiarra gai izan da sentipen onak berreskuratzeko. Puntu batera du bigarren postua, baina lehia ziurtatua du.

Donostiarra taldeko trainerua Lekeitioko estropadan JON URBE / FOKU
Donostiarra taldeko trainerua Lekeitioko estropadan JON URBE / FOKU
pettan uralde
2024ko uztailaren 30a
05:00
Entzun

Donostiarrari aho zapore ona utzi dio azken asteburuak: bigarren postua lortu du Getxon, eta hirugarrena Lekeition (Bizkaia), eta, hala, geroz eta hobeto ari dela berretsi. Denboraldia gaizki hasi bazuen ere, Rufo Urtizberearen traineruak asmatu egin du azken asteetan, eta Euskotren ligako bigarren postua lortzeko hautagaia da. Alaitz Olarte arraunlaria (Oiartzun, Gipuzkoa, 1994) pozik dago bere taldearen mailarekin, eta baieztatu du goranzko bidean jarraitzeko asmoa dutela.

«Liga hasieran ez genuen asmatzen, eta, orain, geroz eta hobeto ari gara. Asteburuko emaitzarekin ikusi dugu lehia areagotzen ari garela, eta, nahiz eta Arraun Lagunak lehen postuan finkatu den, beste hiru ontziak hortxe gaude, Hondarribia barne. Batetik, gustura gaude asteburuan emandako mailarekin, baina, bestetik, ez gara konformatzen, eta gehiago nahi dugu», adierazi du Olartek azken asteburua hizpide hartuta. 

Donostiarrak erabat murriztu du sailkapenean Oriorekin eta Tolosaldearekin zeukan tartea. Liga herena baino gehiago geratzen den honetan, puntu baten aldea baino ez diote ateratzen bi traineru horiek. Olartek gehiago nahi du. «Liga hasieran ez ginen kontentu, ez baikinen asmatzen ari. Azkeneko estropada hauetan beste talde bat gara, eta estropada guztietan eman behar dugu gure onena. Edozein taldek egin ditzake hanka sartzeak, eta denok dauzkagu geure hutsuneak. Bagenekien traineru guztiak oso lehiakorrak izango zirela, eta, orain gu hobetzen ari garen bezala, haiek ere gora egingo dute azken hilabetean».

Liga amaierara sasoirik onenean iristea izaten da talde guztien helburua. Olartek berretsi egin du hori, eta Donostiarraren emaitzek ere bai. «Ligako dinamika hartu dugu, eta geratzen zaizkigun sei estropadetan sailkapeneko bigarren postua lortzen saiatuko gara. Horren ondoren, Kontxa dator, eta, hori ere ahalik eta hobekien jokatzeko, gure onena eman beharko dugu».

Zierbenan (Bizkaia), Oriok aurretik amaitu zuen, segundo baten aldearekin; Sestaon (Bizkaia), hogei ehunen besterik ez ziren izan bi ontzien artean, eta Getxon, berriz, 40 ehunenengatik lortu zuen Donostiarrak postu bat gorago geratzea. Ohorezko txanda inoiz baino estuago dago, eta Olartek badaki nolako garrantzia duen segundo bakoitzak. «Traineru gehienak parez pare gaude, oso tarte txikian. Ehunen horiek puntuak balio dituzte, eta ezin dugu arraunkadarik oparitu».

Amorrua akuilu

Donostiarrak Getxon baino urrunago izan zuen estropada burua Lekeition, baina lortu du asteburuko bi estropaden artean erregular izatea. «Talde guztiek dakigu litekeena dela nekea sumatzea igandean, larunbateko ahaleginarengatik. Gure helburua barruan dugun guztia ematea da beti, eta egia da azken asteetan lortu dugula erregular izatea. Eta ez badugu lortzen, eta larunbata txarra ateratzen bada, oraindik ere amorru handiagorekin joan behar dugu igandeko estropadara. Bigarren postua oso garesti dago, eta dena eman behar aurkarien aurretik geratzeko».

Amorru hori izan da Donostiarraren gakoa denboraldi hasierako bolada txarra eten eta bete-betean sartzeko ohorezko txandako traineruen lehian. «Zaila da ikustea beste taldeek liga ondo hasi dutela eta bitartean zu ezin asmatuz zabiltzala. Bagenekin lehiakorrak izango ginela, baina tekla egokia sakatzea falta zitzaigun. Laugarren postuak ez gaitu betetzen, eta azkenengo estropadetan amorru hori atera dugu lehiakorrak garela erakusteko». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.