Patxi Puñal. Osasunako jokalari ohia

«Bigarren Mailara jaisteak ez du zertan hondamendia izan»

Osasunaren larritasunaz hitz egiteko goizegi dela uste du nafarrak. Normaltzat jo du emaitza txarrek Luis Sabalza presidentea kezkatzea, baina entrenatzailearen etorkizunaz «baldar» aritu dela uste du.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
enaut agirrebengoa
Iruñea
2016ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Erretiroaren talaiatik, futbola beste begi batzuekin dakusa Patxi Puñalek (Uharte, Nafarroa, 1975). Futbola tenorerik zailenean utzi zuen, Osasuna Bigarren Mailara jaitsi zen egun berean, baina, atzera so eginda, ez da damutzen. «Fisikoki eta mentalki akituta nengoen. Gorputzak futbola uzteko eskatu zidan». Garai bateko presioa eta bizimodu frenetikoa atzean utzita, lasai eta sakon hausnartzeko aukera dauka orain. Halaxe erantzun ditu kazetariaren itaunak: patxadaz, eta zorrozki.

Badirudi Osasuna sufritzeko egina dagoela. Denboraldia hasi besterik ez da egin, eta estu dago jada.

Oraindik ez da sufritzen hasi, baina egia da jada urduri dagoela. Dirudien baino zailagoa da futbola. Denboraldiari gozatzeko intentzioz ekin ahal diozu, baina, garaipenak ez badira iristen, azkenean antsietate giroa sortzen da. Porrotekin nekez goza daiteke; areago, bata bestearen atzetik badatoz.

Zazpi partidatan, hiru berdinketa eta lau porrot. Ez al dago gehiagorako mailarik?

Maila badago, noski. Osasunak talde txukuna dauka, lehiakor aritzeko modukoa. Orain arte gauzak ez zaizkio nahi bezala atera, baina uste dut asteen joanean gero eta hobekiago moldatuko dela. Oraindik goizegi da larritasunaz hitz egiten hasteko. Nik sekula ez dut ikusi maila abendurako galdu duen talderik. Azken jardunaldietan erabakitzen da sailkapenaren behealdeko taldeen patua.

Zer gabezia sumatu diozu orain arte taldeari?

Nire ustez, orain arte zorte apur bat falta izan zaio. Zorte gehiagorekin, agian jada garaipenen bat lortua izango zukeen, eta, hartara, egoera dezente ezberdina zatekeen; batik bat, konfiantza aldetik. Lehen Mailan beti izaten dira bolada txarrak, baina txakalaldia hasieran edukitzea ez da batere samurra; areago, igo berria bazara.

Dena den, zorteaz gain, Osasunari beste hainbat gauza ere falta izan zaizkio.

Noski. Emaitza txarren errua ezin zaio soilik zorteari egotzi. Taldeak hainbat alderdi ditu hobetzeko: baloiari ematen dion tratua, defentsako sendotasuna... Uste dut garaipenek ematen duten konfiantzarekin gabezia horiek guztiak desagertuz joango direla. Baina horretarako irabazi beharra dago, noski.

Enrique Martin Monrealen etorkizuna jada kolokan dago. Luis Sabalza presidenteak bi partidako epea aipatu du. Ez duzu uste pazientzia handiagoa eduki beharko litzatekeela?

Martini eskertu egin behar zaio Osasunaren alde egin duen lan guztia. Alabaina, futbola halakoxea da: iraganean egindakotik ezin zaitezke bizi. Horrekin ez dut esan nahi Martinen lana ezbaian jarri behar denik. Lasaitasuna funtsezkoa da futbol zelaian gauzak ongi egiteko, baina uste dut zuzendaritzaren ikuspegia ere kontuan izan behar dela. Taldea gaizki badago, normala da kezkaturik egotea. Ordea, beste gauza bat da hedabideen aurrean baldar aritu eta zure adierazpenekin giro txarra sortzea.

Iragan sasoian eta, batez ere, sasoi honetan askok esana da: Martinek ez du balio Lehen Mailan aritzeko. Zuk zer deritzozu?

Nik uste dut oraindik ez duela denborarik eduki Lehen Mailan nola moldatzen den erakusteko. Zazpi partida baino ez dituzte jokatu. Egun, esan dezakedana da Martin gai izan dela orain arte izan dituen jokalariei zukua ateratzeko. Hori garbi asko ikusi zen iragan denboraldian. Beraz, eman diezaiogun denbora.

Ziurra dena hauxe da: Martinek harrobikoen alde beti egiten duela apustu.

Martinek ongi asko ezagutzen du harrobiko jokalarien izaera, eta badaki haiengana nola iritsi. Haren agindupean, gazteek beren mailarik onenean jarduten dute. Ekainean jokatutako kanporaketetan ongi asko ikusi zen hori. Martinek irmo egiten du apustu gazteen alde, eta horiek modu ezin hobean erantzuten diote.

Udako merkatuan asko mugitu zen taldea; denera, 11 jokalari ekarri zituen. Beharrezkoa al zen hainbeste jokalari fitxatzea?

Denborak esango du erabakiak zuzenak izan diren edo ez. Uste dut maila oneko jendea etorri dela kanpotik, baina oraindik goizegi da balorazioak egiteko. Denboraldiak aurrera egin ahala ikusiko da jokalari horiek guztiak ekartzea merezi izan duen. Hori bai, garbi dut akats larria litzatekeela hainbeste jokalari fitxatu eta lehendik zegoena ez hobetzea.

Kanpotik etorritako gehienek nahiz harrobiko gazteek gauza komun bat dute: eskarmentu falta Lehen Mailan. Zenbateko garrantzia dauka esperientziak?

Handia. Eskarmentuak lasaitasuna eta presentzia ematen dizu. Mundu guztiak errespetatzen zaitu esperientzia baduzu: taldekideek, aurkariek, epaileek... Zelaian diferentziak markatzen dituen ezaugarrietako bat da eskarmentua.

Hortaz, Osasuna gaztez beteriko taldea izaki, normaltzat jo daiteke sasoi honetan egokitzapenak luze hartzea.

Noski. Horregatik da ezinbestekoa neurketa bat lehenbailehen irabaztea, gazteek ikus dezaten bide onetik doazela, eta gai direla Lehen Mailan lehiatzeko. Nortasuna indartzen joateko giltzarriak dira konfiantza eta lasaitasuna, eta horiek soilik garaipenen bidez lortzen dira.

Taldeari ez litzaioke gaizki etorriko Patxi Puñalen lidergoa eta eskarmentua...

Garai onetako Patxi Puñal ez litzaioke gaizki etorriko, ez. Baina oraingoak ez luke askorik lagunduko [barrez].

Duela bi urte futbola utzi zenuenean, taldeak bere lider nagusia galdu zuen. Hutsune hori betetzea lortu dela uste duzu?

Uste dut azken bi urteetan gauza garrantzitsuak ikusi direla alderdi horretan. Miguel Flañok, kapitain bezala, eta Oierrek, lider natural legez, zuk aipatutako hutsune hori betetzea lortu dute. Nortasun aldetik, uste dut Oier klubak iraganean izandako liderren mailan dagoela.

Futbolaren falta sumatzen duzu, edo pozik zaude erretiro osteko bizimoduarekin?

Pozik nago, baina ez dizut gezurrik esango: futbolaren falta sumatzen dut. Beste irtenbiderik ez neukalako utzi nuen futbola. Azken urtea oso zaila izan zen niretzat, Bigarren Mailara jaitsi baikinen; oso akituta bukatu nuen, bai fisikoki, eta baita mentalki ere. Orain, futbolaren falta sumatzen dut, baina egun dudan bizimoduaz ez naiz kexatzen. Arazo neurologikoak dituzten pertsonak artatzen dituen zentro batean ari naiz lanean. Oso gustura nabil.

Inoiz damutu zara une hartan erretiratu izanaz?

Ez, gorputzak futbola uzteko eskatzen baitzidan. Noski, jakin izan banu orduan jaitsi behar ginela, sasoi bat lehenago erretiratuko nintzatekeen. Baina denboraldi hartan lan txukuna egin genuen, mailari eutsi genion, eta neure burua ondo ikusten nuen. Beraz, une hartan futbola uztea baztertu nuen. Azkenean, ez nuen Osasuna Lehen Mailan uzterik izan. Baina ez naiz damutzen hartutako erabakiaz.

Ezberdinak al dira zuk utzitako Osasuna eta gaur egungoa?

Bai, alde handia dago. Egungo taldearen batez besteko adina askoz baxuagoa da. Nik utzi nuen Osasunan kanpoko jokalari asko zegoen. Talde hark egungoak baino esperientzia handiagoa zuen. Baina hori normala da, denborarekin blokeak aldatuz joaten baitira; areago, tartean jaitsiera bat edo igoera bat badago.

Batetik bestera, bi urteren aldea baino ez dago, baina a zer bi urte. Osasuna auziaren zirimola kluba suntsitzear izan zen.

Une oso zailak izan ziren, bai klubarentzat, eta bai niretzat. Horrelako egoera batean sekula egon gabea nintzen, eta, egia esan, halakorik ez diot inori opa. Kasua oraindik auzitegietan dago. Dena ahal den azkarren bukatzea espero dut.

Partida adosteetan izaniko ustezko parte hartzeagatik inputatua izan zinen. Nola bizi izan zenuen egoera hori?

Niretzat ezusteko galanta izan zen. Sergio Garciarekin Espanyolen aurkako partidaren emaitza adostu izana leporatzen zitzaidan. Zur eta lur gelditu nintzen albistea jasotzean, nik ez bainuen Espanyoleko inorekin hitz egin. Oraindik ez dakit zerk bultzatu zuen Bizkai [Angel Bizkai, Osasunako kudeatzaile ohia] esan zituen gezur guztiak esatera.

Garai ustez oparoetan, jokalariek ez zenuten usaintzen gauzak gaizki egiten ari zirela?

Kanpotik ez dakit nola ikusten den, baina jokalariek entrenatu eta jokatu, besterik ez dute egiten. Apenas duten harremanik zuzendaritzako kideekin. Gure taldean, sasoi-aurrean kapitainak presidentearekin biltzen ginen, sari kolektiboez eta bestelakoez hitz egiteko, baina, bestelakoan, ez genuen ia harremanik zuzendaritzako inorekin.

Egungo zuzendaritzak ezinbestekotzat dauka Lehen Mailari eustea. Horrek ez al du handitzen iraganeko akatsak errepikatzeko arriskua?

Funtsezkoa da iraganeko akatsetatik ikastea. Bigarren Mailara jaisteak ez du zertan hondamendia izan; ez, bederen, gauzak neurriz eginez gero. Egia da Lehen Mailan irauteak garrantzi handia duela Osasunarentzat, batik bat diru sarrera aldetik, baina lehen gauza oinarri sendoak eraikitzea da. Goikoek kluba behar bezala kudeatzen badute, Bigarren Mailara jaisteak ez du zertan hondamendia izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.