Urrutik.-Albisu 22-16 Jaka-Arang.

Bigarren garaipena Urrutikoetxea-Albisurentzat

Neurketaren lehen zatian markagailuan atzetik izan dira (3-8), baina azken tantoetan nagusitu dira. Jaka-Arangurenek ez dute garaipenik lortu oraindik.

Erik Jaka sake bat egiten, gaur, Laudion (Araba). ENDIKA PORTILLO / FOKU
2022ko abenduaren 11
19:28
Entzun

Kosta zaie esnatzea, baina Mikel Urrutikoetxeak eta Jon Ander Albisuk lortu dute Binakako Txapelketako bigarren puntua. Horretarako, porrota garesti saldu diete Jaka eta Arangurenek, eta garaitu egin behar izan dituzte (22-16), Laudion (Araba). Jaka-Arangurenek ez dute garaipenik lortu oraindik.

Partidak bi zati izan ditu. Lehenengoan, urdinak izan dira nagusi, eta joko ederra eginez, gainera. Tanto luzeak jokatu dituzte, atzean sendotasuna erakutsi du Arangurenek, eta aurreko metroetan Jakak gehiago asmatu du Urrutikoetxeak baino. 3-8 ere izan dira aurretik.

Tantoek aurrera egin ahala, ordea, gorrien aldera erortzen hasi da balantza. Tantoz tanto, errenta murrizten hasi dira, 15-15 berdindu arte. Hortik aurrera, urdinen hutsegite batzuk tarteko, ia erreskadan egin dituzte amaierara arteko tantoak Urrutikoetxeak eta Albisuk. Erakutsi dute zergatik ziren faborito.

Hirugarren jardunaldiko azken norgehiagoka zen gaurkoa, eta horrela geratu da sailkapena: Elordi-Zabaleta da hiru puntuak eskuratu dituen bikote bakarra; bi dituzte Peña II.a-Mariezkurrena II.ak, Laso-Imazek eta Urrutikoetxea-Albisuk; bat Altuna III.a-Tolosak eta Ezkurdia-Martijak; eta garaipenik ez dute lortu oraindik Peio Etxeberria-Rezustak eta Jaka-Arangurenek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.