Herbehereetatik irten da aurtengo Frantziako Tourra. Azken urteetan herrialde horretako ziklistek agindu dute emakumezkoen txirrindularitzan, eta gaurkoa nagusitasun horren adierazle izan da: Rotterdamgo helmugan, hiru herbeheretar sailkatu dira lehen hiru postuetan; garailea atzoko bera, DSM taldeko Charlotte Kool. Atzokoa ez zela kasualitatea izan eta sasoi betean dagoela erakutsi du.
Gaur ere Sd Worx taldeak lan bikaina egin du azken kilometroetan. Eta atzo ez bezala, talde horretako esprinterra Lorena Wiebes etaparen lehian sartu da gaur. Bera zen atzoko eta gaurko etapak irabazteko hautagai nagusia, baina Kool indartsu iritsi da Tourrera. Wiebesek abiatu du esprinta, baina Koolek gurpila hartu dio, distantzia neurtu du eta azken unean aurrea hartu dio. Talderik indartsuena eduki gabe ere irabazi daitekeela erakutsi du. Hirugarren postuan, herrialde bereko beste bat: berriki Olinpiar Jokoetan zilarrezko domina irabazi duen Marianne Vos (Visma).
Sailkapen nagusian aldea areagotu du Koolek. Gainsariei esker, jada 14 segundo ateratzen dizkio bigarren sailkatuari, Anniina Ahtosalo (UnoX) finlandiar gazteari. 20 segundora daude txirrindulari gehienak, tartean Tourra irabazteko hautagai nagusi Demi Vollering (SD Worx), baita bi euskal herritarrak ere: Laboral Kutxako Usoa Ostolaza eta Ane Santesteban. Gainera, euskal taldeko Cristina Toneatti italiarrak mendiko sailkapenean lider jarraitzen du.
Eguneko bigarrena, arratsaldean
Frantziako Tourreko hirugarren etapa gaur bertan egingo dute. Goizean, 69 kilometroko ibilbidea osatu dute Dordrecht eta Rotterdam artean; arratsaldean, berriz, 6.3 kilometroko erlojupekoa dute Rotterdamgo kaleetan. 15:15ean irtengo da lehen txirrindularia, eta 17:42an azkena. Olinpiar Jokoetako erlojupeko proban lehen bost postuetan amaitu zuten ziklistak irteera lerroan izango dira, eta horiek dira etapa irabazteko hautagai nagusiak: Grace Brown (FDJ), Anna Henderson (Visma), Chloe Dygert (Canyon), Juliette Labous (DSM) eta Demi Vollering. Horiez gainera, kontuan hartzekoak izango dira maillot horia bera eta Wiebes ere.