Lehen saiakera ez da balekoa izan. John Cabangek eta Asier Martinezek ez dute lortu zuzenean 110 metroko hesidunetako finalerdietarako sailkatzea. Aurrera egiteko, euren sailkatze lasterketako lehen hiruren artean egon behar zuten; edo, bestela, sailkatutako atleten osteko lehen hiru denbora onenetako bat egin. Martinezek izan du gertuen, hemezortzi atletek egiten baitzuten aurrera zuzenean, eta nafarrarena denborarik onenetan hogeigarrena izan da: 13.47. Cabangek, aldiz, 13.66 egin du, eta 32. izan da. Asteartean izango dute kale edo baleko lasterketa (10:50). Hor, lehen edo bigarren postuan geratu beharko dute beraien sailkapen proban aurrera egin nahi badute.
Cabang lehiatu da aurrena. Harena izan da jokatu den aurreko sailkapen lasterketa. Estreinako aldia zuen Olinpiar Jokoetan, eta, hesi jauzilariak banan-banan, aurkeztu dituztenean, gogotsu agertu da, etxekoak eta zaleak agurtzen. Baina ez du irteera ona egin, eta kosta egin zaio aurrera egitea. Azkenean, zazpigarren amaitu du. 13.37 zuen urteko markarik onena, eta urruti geratu da hartatik. «Azken asteetan oso ondo entrenatu naiz, baina, atzo, beroketa ariketak egiten ari nintzela, min hartu nuen abduktorean, eta horrek eragin dit». Espero du astearterako hobeto egotea. «Ikusiko dugu zer gertatzen den, baina gogoz hartuko dut. Gainera, hemen egotea jada gauza handia da».
Martinez, berriz, ez da batere konforme geratu egindako lanarekin. «Beroketan ondo ikusten nuen neure burua, gogotsu nengoen. Baina, azken hesietan ezin izan dut ohikoa dudan martxa edo abiadura ezarri, eta, egin dudan denborarekin, banekien ez zela nahikoa izango eta bigarren aukerara joan beharko nuela». Beste hausnarketa bat ere egin du. «Une oro kontziente izan naiz nire jardunaz, eta hori ez da ona abiadura probetan. Ez naiz lehiakor izan, ez markari begira, ezta sentsazioei eta teknikari begira ere». Laugarren amaitu du bere lasterketan, baina lortu duen 13.47ko denbora urruti dago aurten egin duen marka onenetik: 13.29.
Dena den, ondo egindako gauzei heldu, pentsaera aldatu, eta bigarren aukera horretan sailkatzea lortu nahi du. «Ezusterik izan ezean, 13.40 inguruan egongo da sailkatzeko langa». Grant Hollowayk egin du gaur denborarik onena: 13.01. Estatubatuarra da urrea irabazteko hautagai nagusia, eta alde handia atera die gainerakoei. Haren atzetik sailkatu dira Rachid Murakate japoniarra (13.22) eta Jason Joseph suitzarra (13.26).