Bigarren aukeran lortu dute, eta nola gainera. Iñaki Artolak eta Ander Imazek Binakako Txapelketako finalaurrekoetako ligaxka jokatuko dute, Peña II.ari eta Albisuri 22-20 irabazita. Gogotik borrokatu, eta Bilboko Bizkaia pilotalekuko markagailua irauli dute, 9-17 eta 17-20 atzetik joan ostean.
Biderik zailena eginda, saria eskuratzear izan dira Peña eta Albisu. Ostiralean 22-15 irabazi zieten Elordiri eta Rezustari, eta gutxi falta izan zaie bigarren kanporaketa ere gainditzeko. Galdu dituzten hamazazpi pilotek kondenatu dituzte, ordea.
Hasieran, Imaz izan da normalean baino akats gehiago egin dituena, eta Artola ere tantoa amaitu ezinda ibili da aurreko koadroetan (0-6). Joan den ostiraleko garaipenak hauspotuta, berriz, sendo zebiltzan Peña eta Albisu. Gorriek lanean jarraitu dute, eta, denboraren poderioz, urdinak desegin egin dira. Akats ugari egin dituzte, eta aurkariak adi ibili dira horiek baliatzeko. Imaz, bereziki; Artolak tanto bakarra egin du norgehiagoka osoan, eta irabazteko nahikoa izan da.
Irabazleek astebete izango dute finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldia prestatzeko. Larunbatean Iruñeko Labriten jokatuko dute Jakaren eta Mariezkurrenaren aurka; igandean, berriz, Peio Etxeberria-Zabaleta Altuna-Martijaren aurka ariko dira Gasteizko Ogetan.