Atseden beharrean zegoen Gerardo Martino (Rosario, Argentina, 1962) uztail amaieran Newel's Old Boys taldea entrenatzeari utzi zionean. «Ez nuen eskaintzarik espero, eta lasai-lasai nengoen». Halako batean, sakelakoak jo zion. Bartzelonako presidentea zen. «Sandro Rosell naiz, nitaz gogoratzen al zara?», esan omen zion aurren-aurrena. Handik ordu batzuetara hedabideei dei egin zien Martinok albistearen berri emateko. Camp Noura zihoan. «Ezusteko harrigarria izan da. Erronkari aurre egiteko gai izango ote garen beste kezkarik ez daukagu», aitortu zuen orduan ohikoa duen zintzotasunaz eta patxadaz.
Realeko jarraitzaileei ez zitzaien arrotza egin Martinoren izena. Lorenzo Juarros Loren kirol zuzendariak hitzordua egin zuen harekin Argentinan, Philippe Montanierrek agur esan eta gero. Martinok liga irabazi zuen Newell'sekin, eta Libertadores kopa lehiatzen ari zen orduan. Ez zuen hori albo batera utzi nahi. Berak presarik ez eta Realak ezin lasai egon. Ezinezko harremana zen.
Martino ez da edonor Hego Amerikako futbolean. Newell'sekin arrakasta lortu aurretik Paraguaiko selekzioarekin gauza handiak egin zituen. Paraguaiarrak 2010eko Hegoafrikako Munduko Kopan final-laurdenetaraino sailkatu ziren aurrenekoz, eta estu hartu zuten koska horretan Espainia. Aurki ohartu zen bere futbol sinismenetan oinarritzen bazen Paraguaiko jokalariek fede gutxi izango zutela beregan. Joko zuzenaren alde egin zuen, zelai erdian elkar hartzerik gabe, bi aurrelari petorekin, eta hegalekoen lana mugatuta. Argentinan, ordea, bere bihotzeko taldera joan zenean, guztiz kontrakoa egin zuen, Kolonbiako federazioaren eskaintzari ezezkoa eman ondoren. Baloia lurrera jaitsi, zaindu, landu, aurrean erreferentzia argirik gabe jokatu…
Kontrajarriak ziren egoeretara egokitzeko gaitasuna erakutsi zuen bi talde horietan, bakoitzaren balio kulturalak aztertu zituen: izaerak ulertu eta errespetatu beste edozeren gainetik. Bartzelonaren eskaintza onartu zuenean, hauxe esan zuen. «Badakigu nora goazen. Haien pentsamolde eta jokatzeko erara egokitu beharko dugu ezinbestean». Horrek bereizten du Marcelo Bielsarengandik. Martino futbolaria zenean bi liga irabazi zituen Athleticeko teknikari ohiaren aginduetara Newell'sen. Bielsaren ikasle fina izan zen, haren balioen mireslea, baina talde bakoitzari zukua ateratzeko bere printzipioak gordetzeko jakituria azal dezake.
Bartzelona gorpuzten
Pep Guardiolaren aroan inoizko jokorik ederrena egin zuen Bartzelonak. Tito Vilanovaren eskutik, gorabeheratsuagoa izan zen kataluniarren jokoa. Jatorrira jo ala garapenari eutsi eztabaidatzen ari da orain Martino, irabazle sena indartzen segitzeko. Hala, ez ditu neurketak goitik behera gobernatzen, eta erasoko jokaldiak antolatzeko orduan, Xavi eta Iniesta ez dira derrigorrezko geldialdiak.
Joan zen larunbatean, Rayok baloi jabetza kendu zion 316 neurketaren ondoren. «Baloirik gabeko lana ez da lehen bezain zorrotza. Arnasa hartzen uzten dizu, ez zaituzte futbolari guztiek batera estutzen». Paco Jemez Rayoko entrenatzaileak aitortu zuen partida amaieran. Martinok onartu zuenez, joa omen da kataluniarren ezagurri nagusia orain. Messiren baliabideak agorrezinak dira neurketak irabazi eta golak bata bestearen atzetik sartzeko, baina Valdesen beharra gero eta handiagoa da. Atezainak erakustaldi bat baino gehiago eman du azkenaldian. Jarraibidea argitzea izango da Martinoren lehentasuna, arrakastaren esanahiaz eztabaidatzeko astirik ez duelako izango.
Bielsaren ikaslerik argiena
Tokian tokiko beharrizanetara egokitzeko ahalmen handia du Gerardo Martinok. Bartzelonan ere ez du ezer berririk proposatuko, eta Pep Guardiola eta Tito Vilanovaren burutazioei eutsiko die, zuhur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu