Txirrindularitzan, lasaia dirudien etapa bat korapilatu egin daiteke. Esan diezaietela, bestela, Giroa irabazteko hautagai nagusi diren Remco Evenepoeli (Quick Step) eta Primoz Roglici (Jumbo-Visma). Lehena bi aldiz erori zen atzoko etapan, eta bigarrena, behin. Salernoko helmugara iristean, arnasa hartu zuten biek, eguna salbatu zutelako. Atzoko etapako garailea Kaden Groves (Alpecin) izan zen: Jonathan Milanekin izandako esprint estu batean gailendu zen. Arriskutsua izan zen esprinta, Mark Cavendishek (Astana) egindako mugimendu bat tarteko. Hiru esprint eta hiru garaile izan ditu aurtengo Giroak. Lehen postuan dago oraindik ere Andreas Leknessund norvegiarra (DSM).
Txirrindulariek 171 kilometroko bidea zuten aurretik, Atripalda eta Salerno artean. Ibilbidea gorabeheratsua zen, hanketan min egiten duten horietakoa. Halakoak ez dira gustagarriak izaten txirrindularientzat. Euriak, gainera, gogaikarriagoa egin zuen eguna.
Hemezortzigarren kilometroan izan zuen lehen ezustea Evenepoelek. Txakur bat errepide erdira atera, eta flandriarra erori egin zen. Berehala adierazi zuen behatzarekin ondo zegoela, eta, taldekideek lagunduta, tropelera bueltatu zen.
Beste bi sustoak etapako azken kilometroetan ailegatu ziren Giroko oilarrentzat. Zazpi kilometro falta zirenean, erorikoa izan zen tropelean, eta Roglic tartean harrapatu zuen. Bizikleta matxuratu zitzaion, eta Sam Oomen taldekideak utzi behar izan zion berea aurrera egiteko. Hortzak estutu behar izan zituen taldekideenmultzora itzultzeko. Tropela abiadura betean zihoan azken kilometroetan, eta berriro hainbat txirrindulari joan ziren lurrerahiru kilometro baino gutxiago falta zirenean. Tartean zen Evenepoel. Harentzat, eskerrak hor izan zen, eta ez zuen atzerapenik pilatu.
Etapari dagokionez, eguneko ihesaldia Samuele Zoccaratok (Brandiani), Thomas Championek (Cofidis) eta Stefano Gandinek (Corratec) osatu zuten. Lau minutu inguruko aldea ere izan zuten. Baina, ibilbideak gora eta behera egin ahala, aldea galduz joan ziren. Kilometro askoan, bi minutu inguruan egon zen aldea. Baina, 25 kilometro falta zirenean, bere kabuz ahalegindu zen Zoccarato. Champion eta Gandin helmugatik 19 kilometrora irentsi zituen tropelak.
Zoccarato ere harrapatu zuten. Azken metroetan, esprinterrek beren legea ezarri zuten. Groves izan zen bizkorrena. Gaurko etapa Napolin hasiko eta bukatuko da (162 km). Atzo bezala, baliteke esprintean erabakitzea.
Biek izan dute sustoa
Evenepoel bi aldiz erori da Giroko bosgarren etapan, eta Roglic, behin; baina arazorik gabe amaitu dute etapa. Grovesek irabazi du etapa esprintean, eta Leknessund da liderra oraindik ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu