Biek ala biek dute zer emana

Mikel Inuntziagaren eta Reyes Azkoitiaren taldeak prest daude gaur Bilbon jokatuko duten Udako Torneoko finalerako. Batak bestea jo du faboritotzat txapelketa irabazteko

Olatz Arrizabalaga eta Amaia Aldai, nor baino nor gehiago, Laboral Kutxako Udako Torneoko ligaxkako partida batean. EMAKUME MASTER CUP.
Mikel O. Iribar.
2020ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Iritsi da eguna, eta ez dago atzera-bueltarik. Azken txanpan sartu da Laboral Kutxaren Udako Torneoa, Mikel Inuntziagaren (Zornotza, Bizkaia, 1983) eta Reyes Azkoitiaren (Azkoitia, Gipuzkoa, 1952) taldeen artean jokatuko baita finala gaur, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Inuntziagarenean, Arrate Bergarak, Iera Agirrek eta Amaia Aldaik jokatuko dute; Azkoitiarenean, berriz, Olatz Arrizabalagak, Irantzu Etxebestek eta Nora Mendizabalek. Jaialdia 20:00etan hasiko da, eta ETBk diferituan grabatuta emango du ondoren, Plazandreak saioan. Bi taldeek dute zer emana.

Aste lasaia igaro dute bi taldeek. «Ilusioz eta txapelketari amaiera ona emateko gogoz» daudela esan dute Inuntziaga eta Azkoitia kapitainek. «Hori bai, urduritasuna ere areagotu egiten da; kalean gehiago gelditzen zaituzte, eta,egia esan, finalak errespetua ematen dizu», gehitu du Azkoitiak. Urduritasunak urduritasun, gaurko egun garrantzitsurako sei pilotariak fisikoki «arazorik gabe» heldu direla baieztatu dute bi taldeetako gidariek.

Azkoitiaren taldea geratu zen ligaxkan aurrena. Alabaina, galtzak bete lan izan zuten finalerdietan Erlantz Gartziaren taldea mendean hartzeko. «Aurkariak errespetatuz, finalerdiak galdu izan bagenitu guretzat sekulako porrota izango zen», esan du barru-barrutik. Aitortu du finalerako sailkatuta ere sentsazio gazi-gozoarekin geratu zirela, binakako lehia galdu baitzuten. «Partida bat modu horretan galtzen duzunean, uzkurtu egiten zara». Halere, ez dute asko behar izan jaikitzeko. «Ahaztuta daukagu dagoeneko, eta gure onena emateko gogoz eta amorrazioz gaude».

Bestelako aldarte batekin iritsi dira finalera Inuntziaga eta haren pilotariak. «Finalerdietan, irudi oso ona eman genuen, eta hiru partida oso onak egin genituen». Horiek horrela, zornotzarrak uste du finalerako «asko» lagunduko dietela aurreko emaitzek, arlo teknikorako zein psikologikorako, «final bat ez baita egunero jokatzen. Oharkabean, tentsio eta urduritasun handiagoa azaleratzen dira. Zuhurtziaz jokatu beharko dugu, beraz». Hori bai, Inuntziagak zalantzarik ez du Bergarak, Agirrek eta Aldaik «dena» emango dutela eta «irabaztera» aterako direla kantxara.

Bi taldeek txapelketa osoan erakutsi duten maila handia dela eta, bai buruz burukoan bai binakakoan, lehia estua espero dute. Hala, batak bestea jo du faborito. Honela arrazoitu du Azkoitiak: «Finalerdietan onenak haiek izan ziren, eta zerbaitegatik eramango dute soinean elastiko gorria. Argi dago, beraz, zein den faborito». Inuntziagak, aldiz, aurkakoa dio: «Ligaxkan, haiek gu baino hobeak izan zirenez, balantza haien alde dago».

Hain zuzen, ligaxkan elkarren aurka jokatutako bi partidetan berdintasun handia egon zen Arrizabalagaren eta Aldairen artean, gernikarra bietan nagusitu bazen ere. Azkoitiaren arabera, lau eta erdiko norgehiagoketan jokatu duten pilotari guztien artean, bi dira nabarmenenak: Arrizabalaga eta Aldai, bi finalistak. «Bitan garaitu duen arren, horrek ez dizu bermatzen finalean ere Olatz garailea izango denik». Gauzak horrela, haien arteko lehia «ikusteko modukoa» izango dela aurreikusi du. Guztiz bat dator Inuntziaga ere: «Bi pilotari indartsuenak dira, eta, zalantzarik gabe, Aldaik ligaxkako arantza hura ateratzeko eta partida ona egiteko gogoa dauka. Halere, aurkari zaila izango du, Olatz kantxan hazi egiten den pilotaria baita».

Buruz burukoak pilotazaleen artean arreta handien piztuko duen arren, binakako partidari begira jarrita dituzte begiak Azkoitiak eta Inuntziagak. Bi kapitainek aurkariek duten talentua azpimarratu dute. Zornotzarrak azaldu duenez, Etxebestek «oso ondo» jokatzen du aurreko koadroetan. «Bikain bukatzen ditu tantoak». Mendizabalen inguruan zer esan: «Oso sendoa da, eta pilotari erraz eta ondo jotzen dio». Azkoitiak, bestalde, Agirreri egin dio aipamen berezia: «Txapelketa hasi zenetik, gehien hobetu duen pilotaria da». Bergara ere ez du aparte utzi: «Dakiena ongi egiten badu, kontuan hartzeko pilotaria izango da».

Erakusleiho ona izan dute

Ezohiko egoera dela-eta, antolakuntzak hartutako neurriengatik, gehienez 600 ikusle sartu ahal izango dira Bizkaia pilotalekuan. Burua finalean bete-betean izango duten arren, hortik harago, gustura daude txapelketak izan duen harrerarekin. «Txapelketa berritzailea izan da, eta kirol guztietan bezala, gauza berriak probatu egin behar dira. Horri esker, emakumeen pilota munduari ikusgaitasun handia eman zaio», aditzera eman du Inuntziagak.

Azkoitiak, pilotari ohiaren talaiatik, antzeman du emakumeen pilotarien bilakaera «guztiz ona» izaten ari dela. «Txapelketa honek bultzada handia eman digu emakumeoi ». Lehiaketa pribatuetatik pilota «sustatzen» dela nabarmendu du, eta federazioei egin die deia: «Ea gehiago bustitzen diren eta txapelketa gehiago antolatzen dituzten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.