Egun garrantzitsua izango da gaurkoa Aritz Lasarentzat. Irabazten badu behintzat. Beste pauso bat emateko garaia iritsi zaio. Bidea luzatzeko garaia. Buruz buruko txapelketako final-zortzirenetako partida jokatuko du, Asier Olaizolaren aurka, Santo Domingo de la Calzadan (Errioxa, Espainia). Urretxukoak sekula ez ditu gainditu final-zortzirenak txapelketa horretan, eta, horregatik, bere mailarik onena emateko garaia iritsi zaio. Gaur, inoiz baino gehiago.
Kostako zaio, ordea, txapelketa hasierako freskotasuna izatea. Atarikoko bi partidez gain, final-hamaseirenetako neurketa jokatuta dago gipuzkoarra. Ezkurdiaren aurka jokatu zuen lehen atarikoa (22-17). Zubietaren kontra bigarrena, astebete geroago (22-4). Final-hamaseirenetan, berriz, Arretxe II.a kanporatu zuen (22-10). 2011n ere aritu ziren elkarren kontra Arretxe II.a eta Lasa. 22-16 irabazi zion orduko hartan. Final-zortzirenetan, baina, ezin izan zuen askorik egin Bengoetxea VI.aren aurka (22-10).
Gaur iluntzean, Bengoetxea VI.arekin ez, Olaizola I.arekin egingo du topo. Arrazoi bat gehiago bidea luzatzeko garaia heldu zaiola pentsarazteko, ezer gutxi jakin baita Goizuetakoaren inguruan azken hilabeteotan. Duela bi urteko txapelketa nagusian ezustea eman zuenetik, apenas agertu den kantxan. Inor gutxik jakingo du orain nola dagoen, txapelketarako zer moduz prestatu den... Duela bi urte bezala, ezustea emango du gaur ere agian. Final-laurdenetako ligaxkan Bengoetxea VI.a eta Barriola kanporatu zituen, besteak beste. Finalerdietan, baina, ezin izan zion Xalari irabazi (22-14).
Zalantza guztiak gaur gauean argituko dira. Herenegungo pilota aukeraketan ezer gutxi antzeman ahal izan zen. Urretxuarrak aukeratutako bi pilotek 105 gramo pisatzen dute. Pilota gogorrak dira Olaizola I.ak aukeratutakoen aldean. Goizuetarrak 104,4 eta 105,4 gramoko pilotak aukeratu zituen. Ez dirudi oso azkarrak direnik. Gaurko irabazleak Idoateren aurka neurtuko ditu indarrak final-laurdenetan.
Bidea luzatzeko garaia iritsi zaio
Aritz Lasak sekula ez ditu gainditu final-zortzirenak lehen mailako buruz buruko txapelketa batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu