Jon Redondo. Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendaria

«Bidea errazagoa da Espainia eta Frantzia ez dauden lekuetan»

Legealdiaren erdia beteta, Jon Redondok ondo hartu dio neurria kirol-zuzendari karguari. Sokatiran euskal selekzioa Munduko Txapelketan lehian ikusita, legearen zirrikituei begira jarraitzen du oriotarrak.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Donostia
2015eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Argazkiak ateratzeko azkar egin du balkoira arteko sartu-irtena. «Gaixo nabil eta...». Elurrak zuritu du kanpoaldea, eta Jon Redondok (Orio, Gipuzkoa, 1979) barruko epelean erantzun die jarritako puntu guztiei. Bi urte daramatza Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendari karguan, diru ezari aurre egiteko lan zailean. Autokritika egin bai, baina, zenbait gaitan, egiteko ere eskatu du.

Bi urte joan dira kargua hartu zenuenetik edo bi urte falta dira legealdia amaitzeko?

Ez dauka zentzu handirik legealdi amaieran pentsatzeak; egiten ari garenari eta egiteko falta zaigunari begiratzen diogu gehiago. Krisi ekonomikoa dela medio, miseria kudeatzea egokitu zaigu. Aurrekontu xumea daukagu, xumeegia. Kirol profesionaletik kanpo, eta emakumezkoetan bereziki, larri dabiltza babesle pribatuak lortzeko, eta hori da gure eguneroko lana. Kolpeei eustea tokatu zaigu orain arte; batzuei aurre egin diegu, baina beste batzuei ez, Euskaltelen kasuan, adibidez.

Irmo adierazi duzu Gabonetako futbol partiden zikloa amaitu dela, nahiz eta abenduan Bartzelonan jokatuko duen selekzioak.

2014ko apirilean selekzioen inguruko txosten juridiko bat egin genuen, eta federazioei eman genien, egungo egoeraz jabetzeko. Izatez, ofizialak gara, baina nazioarteko ofizialtasuna nahi dugu guk. Zentzu horretan, hiru estatutu mota daude. Batetik, estatu federaziorik gabeak; erraztasuna daukagu hor, sokatiraren kasuan, esaterako. Bestetik, estatu federazioa badaukatenak, baina nazioarteko federazioan sartzeko estatua izan beharrik ez dagoena. Eta, azkenik, eta biderik zailena, nazioarteko federazioaren parte izateko estatu propioa behar dutenak, futbola kasu. Gibraltarren auzia dela medio, nazioarteko federazioan sartzeko estatua izan behar dela argitu zuen UEFAk.

Futbolari dagokionez, zer bide egin nahi duzue?

Gabonetan partida bat jokatzeaz gain, beste pausoren bat eman beharra zegoela ikusi genuen. Emakumezkoei ere lekua egin behar geniela adierazi genion Euskadiko Federazioari, eta, gure eskaria aintzat hartuta, ekainean Irlandaren aurka jokatu zuten, eta abenduan Kataluniaren aurka. 2015ean ere bultzada eman nahi diogu bide horri. Bigarren pausoa zein da? FIFA egunak baliatzea eta etxean eta etxetik kanpo partida bana jokatzea. FIFAk leihoak irekitzen ditu selekzioen partidak jokatzeko; asteko bi normalean. Ligarik ez da izaten tarte horretan, eta jokalaririk onenak eskura izateko aukera edukiko genuke, batetik. Aurkari ona edukiko genuke parean, bestetik. Oso zaila eta garestia da abenduan selekzio onak ekartzea, eta, FIFAren egutegiari esker, oso normala izango da Hego Amerikako selekzioren bat Europan egotea. Gure esku bakarrik ez dago, Espainiako Federazioaren presioa ere kontuan hartu behar delako. Baina, gure ustez, Espainiari ez dio kalterik egiten euskal selekzioak FIFA egutegian jokatzeak.

FIFAren egutegian sartzea zer da, hala ere, irtenbidea edo aurreragoko helburu baterako bitartekoa?

Errealistak izan behar dugu. Klub batean sartu nahi dugu guk, baina, noski, klub horrek jartzen ditu baldintzak. FIFAk eta UEFAk estatua eskatzen dute eurekin aritzeko, eta hori ez dago Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzaren esku. Bi aukera dauzkagu, beraz: geldirik egotea edo, baldintzak aldatu artean, bidea egitea. Ez dela nahikoa? Ez. Baina aurrerapausoak dira. Emakumezkoen partidak, atzerrira joatea... Etorkizunerako zirimiri gisakoak dira horiek. Behar morala daukagu hori egiteko.

Ofizialtasunaren bidean, ez diozue aterik itxi «Europako bideari». Amaituta dago txosten juridikoa Europako Batasunera jotzeko?

Horretan ari gara, eta sei hilabeteko epean izango dugu albisteren bat bide politiko hori urratzeko. Europako Batasunera joko genuke bide horretatik, eta Estrasburgoko Auzitegian eduki dezake amaiera. Bere garaian Bosman auziarekin gertatu zen bezala, Europa barneko mugikortasunean selekzio propioa ez izateak ez digula laguntzen diogu.

Zer ikusten da sokatirak ireki duen zirrikitutik?

Bidea errazagoa da Espainia eta Frantzia tartean ez dauden lekuetan, ez dagoelako kontra egingo dizun inor. Beste federazioetako estatutuen azterketa egiten ari gara orain, eta lauzpabost begiz jota dauzkagu, bidea erraz samarra izan daitekeela sinetsita. Nazioarteko federazioetan eskaera egiten saiatuko gara. Presioak izan daitezke, baina sokatiraren kasuan emaitza txukunak lortu ditugu, eta eskaera egina dugu 2018ko Munduko Txapelketa Euskal Herrira ekartzeko. Behin barruan egonda, erakutsi nahi dugu onenak izateko gai garela, bai antolaketan, bai kirol aldetik.

Zein dira begiz jota dauzkazuen lauzpabost federazioak?

Sentimenduak alde batera utzita, buruarekin aztertu behar dira gai hauek. Nazioarteko federazio bakoitzaren estatutuen zirrikituei begiratu behar diegu presentzia izateko. Gurearen antzeko egoeran dauden errealitateei begiratu behar diegu, baina isilean lan egin behar da, esate hutsarekin urduri jartzen delako jendea eta kontrako eragina izan dezakeelako. Argi daukagu, hori bai, ez dugula sokatiran geratu nahi. Beste federazioren batean ezustekoa emateko itxaropena daukagu.

Krisia gora eta krisia behera, baina Anoeta berritzeko hamar milioi euro jarriko ditu Jaurlaritzak. Ulertezina da askorentzat.

Kirol profesionalari dirurik ez ematea erabaki dugu, eta, horren eraginez, egoera txarrean daude saskibaloi taldeak eta txirrindulari talde bat desagertu da. Non jartzen dugu dirua? Azpiegituretan. Zergatik? Inbertsio horrekin lanpostuak sortzen direlako lanek irauten duten bitartean, eta etorkizunean instalazio hori baliagarri egongo delako. Buesa Arenan Jaurlaritza egon zen; San Mames berrian Jaurlaritza egon zen; eta Anoetan ere Jaurlaritzak egon nahi du. Igerileku bat egiteko dirua ematen dugun neurri berean, zergatik ez dugu emango dirurik futbol zelai bat berritzeko?

Erakundeen aldetik ez duzue jaso erabateko babesik, ordea.

Ez dakit zergatik, baina gipuzkoarrok ez gara gai horrelako proiektuak aurrera ateratzeko. Oriotarra izanik, askotan inbidia sentitzen dut ondokoekin. San Mames berria egin bakarrik ez, denak txoratzen egon ziren proiektuarekin. Guggenheim ere egin zuten... Donostian, berriz, autobus geltokia egiteko hogei urte behar dira; ez gara gai erraustegi bat egiteko; kanpo portua alde batera utziko dugu; Anoeta... Zerbait egin beharko dugu, ezta? Pena ematen dit horrela ibiltzeak, baina Realak 2018rako zelai txukuna izango duela uste dut. Beste erakundeekin elkarlanean aritzea gustatuko litzaiguke, Anoetaren gisako gaiek ez luketelako sortu beharko eztabaidarik.

Kontratu Ebazpenen Organoak behin-behinean gelditu egin du lehiaketa publikoa.

Hasieran, pertsona batek helegitea jarri zion Donostiako Udalaren arautegiari, lau iskinetan eraiki beharreko merkataritza guneei eta hotelei etekina atera nahi zitzaielako. Egoera baretuta zegoela zirudienean, lehiaketarako oinarriak atera zituen udalak, Europako Batasunera eraman zituen, eta, adjudikazioaren amaiera iristear zenean, Reala soilik aurkeztuta zegoenean, Madrilgo enpresa batek jarri du helegitea. Ez dut sinesten kasualitateetan, eta hemengo norbaitek Madrilgo enpresa horri aginduren bat eman dion seinale. Helegite hori ezerezean geratuko den itxaropena daukat, hala ere, eta urtea bukatzerako lanei ekitea espero dut.

Bera Berak uko egin behar izan dio Txapeldunen Ligari.

Zentzuduna izan da erabakia. Hartu-eman estua daukagu Bera Berarekin; Basque Team fundazioaren gune estrategikoaren parte da taldea, erreferente argia delako. Aurreko denboraldian ikusi genuenean Europako Txapelketan egoteak zer-nolako kolpea eman zion klubaren ekonomiari, argi geneukan uko egin beharra zegoela. Eurek ere bazekiten hori. Aurrera eginez gero, kolokan jarriko genukeen taldearen bideragarritasuna. Bera Berak ate asko jo ditu babesle pribatuen bila, baina oso gutxik erantzun diote. Tristea da erabakia, baina...

Inork ez luke ulertuko, hala ere, Realak edo Athleticek Txapeldunen Ligari uko egitea.

Ez. Baina herritar moduan egingo dugu orain kritika. Zenbat jende joaten da Bera Bera ikustera? Zenbat jende Anoetara edo San Mamesera? Askotan, ahoa betetzen zaigu emakumezkoen kirolei eta kirol gutxituei lagundu behar zaiela esanez, eta ados nago. Baina joaten al gara gero ikustera? Zenbat daude prest sarrera ordaintzeko? Ezin dugu gauza bat esan eta beste bat egin.

Gutxi izan eta ezin elkar ulertu. Zentzurik badu Munduko Pilota Batzarrak eta Euskal Pilota Federazioak banatuta jarraitzeak?

Ez. Guk zaintzen ez badugu, inor ez da etorriko pilotari laguntzera, eta geure artean ika-mikan hasita, ez daukagu etorkizunik. Uler dezaket diru asko dagoen lekuan interesak egotea, baina miserableen kontua da miseria dagoen tokian ika-mika hastea. Askotan eskatu diet bat egiteko Patxi Jauregi Euskadiko Federazioko presidenteari eta Txema Aldamiz-Etxeberria Munduko Pilota Batzarreko presidenteari. Bi aldiz elkartu ditut, eta jada ezin naiz ibili ume txikiekin bezala. Zesta-puntaren kasuan ere proiektu bateratu bat sortu ezinik gabiltza, Galarreta begira nola dagoen, pala zer esanik ez... Liskar gehien arraun munduan izaten zela uste nuen, baina nahastuta nengoen.

2020ko Eurokopako lau partida Bilbon jokatuko dira, eta, hasiera batean, Espainiak bi partida jokatuko ditu bertan.

Euskal selekzioak jokatzea eta irabaztea gustatuko litzaiguke guri, baina Euskadik ezin badu, zer egingo dugu, txapelketa ez antolatu? Ezin dira ukatu Eurokopak daukan oihartzuna eta sortzen duen erakarpen turistikoa. Saskibaloiko Munduko Txapelketan ikusi berri dugu zenbateko onura eragin duen. Eta futbola are erraldoiagoa da. Luxua da horrelako txapelketa bati uko egitea, nahiz eta Espainia etorri. Nik Espainia edo Frantzia animatuko ote dudan? Ez. Ez dira gure selekzioak, baina Alemania etorriko den bezala etorriko da Espainia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.