Ligako bandera guztiak irabazita iritsi da Arraun Lagunak Kontxako lehen jardunaldira. Faborito argiak ziren, eta ez zuten hutsik egin. Estu hartu zituen lehen txandan lehiatu zen Oriok, baina badia barruan triskantza eragin zuen Lugañene traineruak. Bederatzi segundorena da aldea, eta lortutakoarekin «oso pozik» dago Aiora Belartieta taldeko aurrekalaria (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 2002).
Joan da lehen jardunaldia. Zer moduz zaudete?
Oso ondo. Uste dut estropada izugarria egin genuela, denboraldiko onenetako bat. Hasiera-hasieratik bukaeraraino egin genuen arraunean. Izugarria izan zen.
Amestutako aldea lortu zenuten lehen jardunaldian.
Bai, uste dut arraunlari guztiek desiratzen duten zerbait dela; Kontxako Banderaren lehen jardunaldian horrelako aldea izatea. Batzuetan hiru segundoren aldea mundu bat iruditzen zaigu, eta orain bederatzi ditugu. Oso pozik gaude, egoera oso zaila baita hobetzen.
Askotan esaten da bandera ez galtzea dela lehen jardunaldian izaten den helburua. Zuek, berriz, aldea lortzera irten zineten.
Bai, hori da. Hori zen gure helburua, ahalik eta alderik handiena lortzea bigarren sailkatuarekin. Ederki egin genuen gure lana, eta oso harro gaude. Bizpahiru segundo izan zitezkeen, eta astea oso urduri igaroko genukeen. Egia da urduri egongo garela, noski. Bidea egin dugu, baina bandera eskuen artean izan arte ez dut ezer sinetsiko.
Banderen lehian ari zaretenetik, lehen aldiz izango duzue hainbesteko aldea bigarren ontziarekin.
Bai, eta horrek astea lasaiago igaroaraziko digu. Oso gogoan dut iaz oso gaizki igaro nuela aste hau. Denboraldi osoko okerrena izan zen, lau ontzi geundelako oso segundo gutxian. Eta edozer gerta zitekeen. Behintzat, aste honetan urduritasun horiek guztiak ahaztuko ditut. Baina badaukat urduritasun puntu bat.
Oriok estropada ona egin zuen lehen txandan. Bazeneukaten haien denboraren berri?
Ez, Andreari [Astudillo, patroia] esan genion ez genuela ezer jakin nahi. Bagenekien txanda irabaziko zutela, beste hiru ontziak beste liga batean ari direlako. Orain, pentsatzen hasita, esango nuke erabaki egokia hartu genuela, Oriok erakustaldia eman zuelako. Zoriontzeko moduko estropada egin zuten.
Eta estropadan zehar patroiak eman zuen erreferentziarik?
Bai, datuak esaten zituen. Oriorekin parean geundela esaten zigun estropadaren lehen erdian. Itzulerakoan ere jaso genuen lauzpabost segundo aurretik geundela, eta gero erreferentziak emateari utzi zion. Badia barruan geundenean nire baitan pentsatu nuen segundoak ateratzen ari ginela. Badakigu hor oso indartsuak garela.
Albokoak gertu ikusten zenituzten?
Tolosaldea eta Donostiarra errespetu handia diedan bi talde dira. Ligan gure ondoan aritu dira, nahiz eta atzetik gelditu diren beti. Baina Kontxan ezin zara inorekin fidatu. Emozioak eta gogoa tarteko, edozer gerta daiteke. Hala ere, baldintzak ikusita, irabazteko aukera asko genituela uste dut. Halako baldintzetan oso indartsuak gara, eta nahi genuena gertatu zen, azkenean.
Brankaz luzearen bigarren erdian egin duzue min gehien aurten. Atzo ere bertan hasi zineten Orio atzean uzten.
Orio gure aurretik aritu zen hasieran, eta zuk aipatu duzun une horrexetan hasi ginen egoerari buelta ematen. Hor hasi ginen lehen aldeak lortzen, eta ziabogaren ostean biribildu genuen lana. Baina bai, lehen luzearen bigarren erdi horretan oso ondo ari gara moldatzen.
Irlatik helmugara ere bikain moldatu zineten. Badia barruan handitu zenuten aldea.
Estropada honek lasaitasun puntu bat sorrarazten dit, badakidalako badia barruan abantailatxo bat daukagula. Sailkapen estropadan ere antzeko zerbait gertatu zen; Aquarium inguruan segundo baten aldea geneukan Tolosaldearekiko, eta, azkenerako, zazpi izan ziren. Azken bi minutu horietan min handia egin dezakegu.
Liga aspalditik irabazita zeneukaten, baina ez zarete lasaitu.
Beti gehiago nahi duen talde bat da gurea. Nahiz eta ligako bandera guztiak irabazi, hurrengo entrenamenduak oso onak izan dira. Eta Kontxarako, zer esanik ez. Arraunlari guztien ametsa da Kontxa irabaztea, eta ez genuen pizgarririk behar.
Liga lehenago amaitzen duzue zuek. Bi aste igarotzen dira ligako azken estropadatik Kontxako lehen igandera. Arretagunea gal daiteke?
Aste luzea izaten da sailkapen estropadara bitartean. Moldaketa batzuk egiten dira, baina berdin-berdin entrenatzen gara. Neguan ohituta gaude asteburuetan entrenatzen, eta ez da ezer berririk guretzat. Baina bai, luze xamarra egiten da tartea. Nik nahiago dut liga amaitu eta hurrengo astean Kontxa jokatu.
Dena irabazi duzue aurten. Baina dena irabazi beharraren presiorik sentitu duzue noizbait?
Presioa izan dugu, bai. Baina talde honek izan du aurretik presio hori; 2022. urtean. Hor ez genuen jakin egoerari aurre egiten, baina asko ikasi genuen. Geroztik presioa ondo kudeatzen dugula esango nuke, eta horren ondorioz gaude gauden tokian.