ARRAUNA

Bidea argituko dien eguzki printza

Hondarribiak Eusko Label ligako lehen garaipena lortu du asteburuan, Orion. Bigarren txandatik irabazi du bandera, ezustean, eta hirugarren jarri da sailkapenean.

Battit Ondikola aurrekalaria arraun txikia uretan sartzen, Orion. ANDONI CANELLADA / FOKU
Battit Ondikola aurrekalaria arraun txikia uretan sartzen, Orion. ANDONI CANELLADA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko abuztuaren 6a
05:05
Entzun

Ezusteko galanta eman zuen Hondarribiak igandean, Orioko (Gipuzkoa) estropada irabazita. Bigarren txandan egin zuen arraun Ama Guadalupekoa-k, eta haizea harrotu zela baliatu zuten denboraldiko lehen bandera astintzeko. Hodei beltzen artean argi printza aurkitu du Hondarribiak, eta zintzo hitz egin du Battit Ondikola arraunlariak (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1994): «Horrelako garaipen baten beharra geneukan; irudietan argi ikusten da atera genuen amorrua».

Hondarribiak estropada «ona eta konstantea» egin zuela nabarmendu du Ondikolak: «Mikelek [Orbañanosek, entrenatzaileak] arraun lasaiago egiteko eskatu zigun, denbora gehiago emateko, alegia, eta lortu genuen. Trainerua ez zen biziki fite ibili, baina lasaiago arraun eginda errendimendu konstante bat lortu genuen».

Bigarren txandatik lortu zuen bandera Hondarribiak. Sailkapenean bosgarren zegoen, eta larunbatean seigarren izan zen Castro Urdialesen (Espainia). Horregatik aritu zen bigarren txandan. Baina zortea lagun izan zuen, haizea aldatu egin baitzen. «Ez dakit haizeak zenbaterainoko garrantzia izan zuen, baina egia da, normalean, ohorezko txandakoek askoz alde handiagoak ateratzen dituztela. Beharbada, Bermeok ez zuen beste egun batzuetako nagusitasuna erakutsi, eta hor egon zen gakoa. Haiek beste egun batzuetan egin duten estropadaren pareko bat egin izan balute, irabazteko aukera izango lukete».

Bigarren txandatik bandera irabaztea ez da ohikoa izaten, baina poza ikaragarria izaten da. «Berezia izaten da bigarren txandatik irabazten delarik; gero, azken txandari begira egoten zara, eta tentsioa handia da». Bertan aritzearen alde onak eta txarrak ere aipatu ditu aurrekalariak: «Bigarren txandan asko laguntzen du lehen minutuetan alde egiteak. Gure arraunketa hartzea errazagoa izaten da erlojuaren aurka aritzeko, eta gure lanean zentratzen laguntzen du. Baina, kontrara, txarra izaten da bigarren txandakoak lehen hiru minutuetan parean dituzunean. Orduan iristen dira zalantzak eta presak».

«Azken ziabogan parean geundela ikusteak estutu egin gintuen, eta azken bospasei minutuak oso luzeak egin zitzaizkigun; isil-isilik geunden denok»

BATTIT ONDIKOLAHondarribiako arraunlaria

Igandean estutu egin zituzten Getariak eta Isuntzak, baina, hala ere, fin aritu ziren arraunean hondarribiarrak. Garaipenak, ordea, ezustean harrapatu zituela onartu du Ondikolak: «Azken estropadetan ohorezko txandakoek gure denborak hobetzen zituztela ikusita, ez genuen espero irabaztea. Baina haizea altxa zela ikusi genuen, eta Mikel zodiaketik erreferentziak ematen hasi zen. Azken ziabogan parean geundela ikusteak estutu egin gintuen, eta azken bospasei minutuak oso luzeak egin zitzaizkigun; isil-isilik geunden denok».

Orbañanosek estropada amaitu berritan onartu zuen garaipenak zeukan garrantzia, eta adierazi zuen garaipenari esker etorkizunari baikor begiratzeko aukera izango dutela. Ondikolak ere bat egin du entrenatzailearen hitzekin, eta orain arte egindakoaren azterketa bat egin du: «Aurrekoengana hurbiltzeko helburuarekin bizpahiru segundo hobetu nahi izaten genuen, eta horrek, askotan, bost segundo inguru galtzea ekarri digu. Presa txarra izaten da beti». Pisua kenduta, orain lasaiago ariko direla uste du, gainera: «Banderak lasaitasuna emango digu, eta lasaitasun horrek errendimendua hobetzea ekarriko du. Oraindik urteko estropadarik politenak gelditzen zaizkigu». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.