Denboraldi ahaztezina egin du Bera Berak. Donostiarrek Espainiako Ohorezko liga irabazi zuten iragan larunbatean. Sasoiko hirugarren garaikurra altxatu zuten Imanol Alvarezen jokalariek, aurrez Iberiar Superkopa eta Kopa irabazi baitzituzten. Historian laugarren aldiz lortu du Bidebietako taldeak hiru tituluak irabaztea: 2012-2013an, 2013-2014an, 2015-2016an eta aurten. Denetan egon da Alba Menendez kapitaina (Zarautz, Gipuzkoa, 1991). Denboraldiko helburuak beteta, telefonoaren beste aldetik nabari zaio irribarrea ahotik ezin kendu dagoela.
Elxen irabazi zenuten liga. Nola ospatu zenuten?
Arraroa izan da dena. Elxen hasi genuen ospakizuna. Afaria egin genuen taldeko kide guztiekin. Baina, gero, ordu mordoa egin genituen autobusean etxera itzultzeko. Igandean bazkaltzeko elkartu ginen jokalari guztiak, eta parranda pixka bat gehiago eginez ospatzeko aukera izan genuen.
Bost golen aldea ere izan zuen Elxek. Luzapena jokatuko zenutela uste zenuten?
Ez genuen horretara iritsi nahi. Ez genuen luzapenik jokatu nahi. Atsedenaldian, lauzpabost golen aldea zeukatenean, gertuago ikusi genuen. Baina guk argi geneukan gaizki jokatzen ari ginela, eta gure maila erakustea lortzen bagenuen aurrera egin genezakeela.
Finalerdietan luzapenean irabazi zenuten, eta Elxen bost golen aldeari eman zenioten buelta. Horrek taldearen lehiakortasun maila erakusten du, ezta?
Bai, hala da. Malagan ikusi genuen luzapena oso sufritua dela, fisikoki zein mentalki, eta hori saihestu nahi genuen. Atsedenaldira arteko dinamika hobetzea zen helburua, eta pixkanaka hobera egin genuen. Oso zaila da bost golen aldeari buelta ematea, baina lortu egin genuen. Aurretik lanak ondo egin genituen, eta bagenekien berdinketa batek liga emango zigula.
Askotan azpimarratu duzue fisikoki oso ondo iritsi zaretela garai erabakigarrira. Baina psikologikoki ere bikain iritsi zaretela erakutsi duzue.
Bai, fisikoki oso ondo iritsi gara amaierara. Hori argi ikusi zen Kopan. Baita gerora ligako kanporaketetan ere. Malagan luzapenean lortu genuen finalerako sailkatzea, eta, finalean, bi partidetan eman diogu buelta markagailuari. Ez dugu halakorik lortu beste denboraldietan. Esango nuke heldutasun puntu bat lortu dugula jokalari eta talde moduan, eta gai izan gara erronka horri aurre egiteko.
Neurketa amaitu zenean esan zenuen inor gutxik sinetsiko zuela urtarrilean esan izan baliote horrelakorik lortuko zenutela. Zuek esperantza bazeneukaten garai hartan?
Ba akaso ez. Liga erregularrean zer-nolako jokoa egiten ari ginen ikusita, ziurrenik guk ere ez genukeen sinetsiko. Baina oso lehiakorrak gara, kluba eta jokalariak. Eta nahiz eta geure burua zalantzan jarri, lorpen handiak lortzeko gai gara. Bidea aldapan gora izan arren zailena lortzeko gai gara.
Zuen lekua erreibindikatzeko modu bat izan da hiru txapelketak irabaztea?
Ez nuke halakorik esango. Ez oraindik behintzat. Oso gauza zaila da hiru lehiaketak irabaztea; oso talde gutxik lortu duten zerbait da. Baina oraingoz ez nuke erreibindikazio hitza erabiliko. Akaso hiru aste barru, bai. Nork daki. Ez dugu aukerarik izan burua lasaitzeko eta hausnarketa sakonik egiteko, baina oraingoz ez dut sentitu erreibindikazio bat izan denik.
Zenbaterainoko konfiantza eman zizuen Superkopa eta Kopa irabazteak gero ligako kanporaketei aurre egiteko?
Urruti gelditu zaigu Superkopa, baina Kopa irabaztea oso garrantzitsua izan da gero ligako garai garrantzitsuenari aurre egiteko. Konfiantza berreskuratu genuen, eta, joko ona erakutsita, liga irabazteko gai ginela sentitu genuen. Guregan sinesteko balio izan zigun Kopa irabazteak.
Esperientzia kontua da? Gehiago irabazteak garai garrantzitsuetan hobeto eta lasaiago aritzera eramaten zaitu?
Batzuetan bai, baina ez beti. Bera Berak garaikur asko ditu, baina azkenaldian askotan gertatu zaigu lehia garrantzitsuetan beste taldeak irabaztea. Aurten ere hainbatetan gertatu zaigu azken unean galtzea edo berdintzea. Horrek kontrakoa erakusten du. Esperientzia garrantzitsua da, baina ez da erabakigarria. Garrantzitsuena izan da denboraldian egin ditugun hutsetatik ikasita iritsi garela amaierara, heldutasun puntu bat lortuta.
Laugarren aldiz lortu duzue urte berean Liga, Kopa eta Superkopa irabaztea. Zu lauretan egon zara. Zein desberdintasun ditu aurtengoak aurrekoekin alderatuta?
Geroz eta zailagoa da hiru garaikurrak lortzea. Geroz eta talde indartsuagoak ditugu aurrean, eta liga geroz eta parekatuagoa da. Gainera, orain kanporaketak jokatzen dira. Lehen ez zegoen halakorik. Ez nuke jakingo esaten aurtengoa lauretan zailena izan denik. Baina zailenetakoa, behintzat, bai.
Pertsonalki zer moduzko urtea izan da zuretzat? Kapitaina zaren aldetik, zer izan da zuretzat hiru lehiaketak irabaztea?
Denboraldi gorabeheratsua izan dut pertsonalki. Denboraldian gorabehera asko izan ditut, pertsonalki, fisikoki eta mentalki. Baina garrantzitsuena da sasoi onean iritsi naizela denboraldi amaierara. Ez nuen uste hiru txapelketak irabaziko genituenik, baina gustu handiz hartuko ditut oporrak behin hiru garaikurrak eskuratuta.
Jokalari askok utziko dute taldea orain. Gauzak asko aldatuko direla uste duzu?
Kirolari profesionalak gara, eta, onerako edo txarrerako, ohituta gaude halako kasuetara. Taldea aldatuz doa. Jokalari batzuek alde egiten dute, eta beste batzuk etortzen dira. Ez da aurreneko aldia zazpi jokalari edo gehiago doazena. Halakoa da kirola, eta espero dugu denboraldiaurrean jokalari berriak azkar moldatzea taldera.
Datorren denboraldiari begira, zein da zure egoera?
Beste urtebetez taldean gelditzea da nire asmoa. Hori gustatuko litzaidake, eta, dirudienez, hala izango da. Bera Bera nire etxea da, eta urtez urte pozik nago hemen.