Igor Gonzalez de Galdeano. Euskaltel-Euskadiko managerra

«Bide zuzena hau dela sinetsita nago»

Errepidean sufrituz gozatutakoa da, eta diziplina hori txertatu nahi die orain taldeko txirrindulariei. Etxekoen indarra eta atzerritarren ekarpena uztartzea du helburu denboraldi honetan.

unai zubeldia
Vila Joiosa
2013ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Argi hitz egiten du Igor Gonzalez de Galdeanok (Gasteiz, 1973). Proiektu berriaren filosofia dela tarteko, egur handia eman diote azkenaldian, baina kiroltasunez onartu ditu iritzi guztiak. «Lasai eta seguru» dago egiten ari denarekin. «Aldatu beharra geneukan», azpimarratu du etengabe. Entrenamendua amaitu, atseden pixka bat hartu, eta afalaurrean erantzun ditu BERRIAren galderak, hitz bakoitza ondo neurtuz.

Denbora dezente igaro da fitxaketak iragarri zenituztenetik. Tarte honetan asko hitz egin da proiektuari eta zuri buruz. Zer moduz zaude?

Lasaiago nago, baina oso lanpetuta. Ia-ia hutsetik ekin diogu proiektu berriari. Arauak asko aldatu dira, lasterketak ere bai, txirrindulari eta lankide berriak dauzkagu… Zaila da dena kontrolpean izatea. Lan asko daukagu orain, baina ea lehiatzen hasten garenean pixka bat lasaitzen garen.

Sei denboraldiren ondoren, 2011n Euskaltel-Euskadi utzi eta gero, noiz erabaki zenuen proiektu berri honen ardura hartzea?

Une jakin batean, txirrindularitza bera eta etorkizuna nola ikusten nituen galdetu zidaten taldekoek. Nire ikuspuntua eman nien, eta hasieratik argi esan nien txirrindularitzak, UCIren ekimenez, globalizazioaren bidea hartu zuela; geroz eta txirrindulari indartsuagoak behar zirela esan nahi zuen horrek, geroz eta lasterketa gehiagotan parte hartu behar zela, eta emaitza hobeak lortu. Ez soilik Tourrean edo Euskal Herrian, denboraldiko proba guztietan geneukala ondo ibili beharra. Filosofia aldatzeaz haratago, proiektua profesionalizatu beharra geneukala adierazi nien. Fundazioaren barruan sartuta, txirrindulari talde baten proiektua baino zerbait gehiago zen Euskaltel-Euskadi, eta talde profesional sendo bat sortzea zen nire helburua. Sei hilabetera deitu zidaten nire hausnarketa aztertu zutela eta zuzen nenbilela esateko. Hor hasi zen gorpuzten proiektu berria.

Tarte honetan esan edo idatzi den zerbaitek mindu zaitu?

Ez… Ni seguru nago. Zerbait egin beharra geneukan, eta bide zuzena hau dela sinetsita nago. Badakit Euskal Herrian jende asko dagoela talde honi begira. Eta zerbait aldatutakoan normala da eztabaidak sortzea. Banekien gerta zitekeela, eta lasai nengoen. Movistarren edo beste talderen batean ez zen ezer gertatuko txirrindulariren bat taldetik kanpo utziz gero, baina proiektu hau desberdina da. Desberdin izate horrek berak, ordea, indarra eman digu askotan, eta, egoera onartuta, aurrera egitea dagokigu guri.

Puntuei segika, gutxi-asko nahi zenuen taldea osatu al duzu?

Bai. Taldeko txirrindularirik garrantzitsuenak etxekoak izatea zen nire helburu nagusia. Askok galdetu zidaten ea zergatik ez nion eskaintzarik egin Joaquim Rodriguez Purito-ri. Baina Purito fitxatuz gero, taldeburuak ez ziren izango Igor Anton edo Mikel Nieve; Joaquim Rodriguez izango zen. Orduan bai, orduan aldatu egingo zen filosofia. Gure arlorik kaskarrenak indartu beharra geneukan, eta taldeko erlojupekoak eta esprintak zeuden esparru ahulenean. Begira hasitakoan, oso urduri ibili nintzen, gureak baino indartsuagoak ez ziren txirrindulariak fitxatu behar nituelako, baina, era berean, puntuak behar genituelako. Bagenekien, gainera, talde gehienak gure mugimenduak zaintzen ari zirela; Argos-Shimano eta Saxo Bank, esaterako. Tarik-ek [Tarik Chaufi] eman digu, azkenean, World Tourrean aritzeko aukera; hurafitxatzea izan da garrantzitsuena.

Zaleek nola erantzungo duten beldurrik badaukazu?

Zaleek, oro har, ulertu dute; hala uste dut. Txirrindularitza gustatzen zaionak badaki zer gertatzen ari den. Beste batzuek Frantziako Tourrari edo Euskal Herriko Itzuliari bakarrik kasu egiten diote gertutik, eta gainerako lasterketetan ez dakite zer ari den gertatzen. Ni ere ez nago ados filosofia aldatzearekin, baina lehen mailan egotea eskatzen ziguten babesleek, eta lasterketarik garrantzitsuenetan parte hartzea; Tourrean, esaterako. Ez geneukan beste aukerarik.

Fitxaketaren batek harritu al zaitu?

Taldera zein erraz egokitu diren ikusita geratu naiz harrituta. Nahiko lasai daude atzerritarrak; aise moldatu dira. Talde honekin World Tourrean gauza politak lor ditzaketela ikusi dute, eta, oraingoz, oso pozik nago.

Momentu zail dezente igaroko zenituen tarte honetan. Zein izan da gogorretan gogorrena?

World Tourreko talde bat egiten saiatuko nintzela esan nuenekoa; saiatu egingo nintzela esan nuen nik, ez lortuko nuela. Oso gogorra izan zen World Tourreko taldea ginela jakinarazi ziguten eguna iritsi arteko tarte hori, bagenekielako 15. postuarekin arriskuan geundela. Hortik aurrera lasaiago aritu gara lanean. Eta, horrekin batera, Euskadi Fundazioarekin daukagun harremana azpimarratuko nuke. Miguelekin [Miguel Madariaga] oso harreman estua eduki dut betidanik, eta, niretzat, oso gogorra da egungo egoera. Niretzat oso gogorra da Miguel hain urduri ikustea. Uste dut oraindik ez dela jabetu taldeak aurrera egin duela, eta kontu horrekin asko ari naiz sufritzen.

Autobusak, autoak, diru kontuak… azken hilabeteotan asko aldrebestu da harremana.

Bai… Historia luzea dauka talde honek, eta inoiz ez da ahaztu behar hori. Guztion artean etapak amaituz joan behar dugu, ordea, eta Miguelek ere ikusi egin beharko luke etapaz etapa proiektu hau aurrera doala. Kostatzen ari zaio horretaz jabetzea, eta, neurri batean, ulertzen dut, bere bizitzaren zutabea izan duelako proiektu hau. Baina oso-oso gogorra izaten ari da. Inork ez du esan Miguelek ez duela lan handia egin; Miguelek egin du dena, eta gure taldea, ziurrenik, hari esker dago dagoen lekuan.

Benetako aukerarik egon al da World Tourretik kanpo geratuta, bigarren mailako talde bat eratzeko?

Diru gutxiago, txirrindulari gutxiago, eta taldean euskal txirrindulari gutxiago esan nahiko zukeen horrek. World Tourra edo Kontinental Profesional maila; bi aukera geneuzkan, eta, bigarren aukera horretan, Tourrera joateko, adibidez, gonbidapenaren zain egon beharra geneukan. Ez zen gure esku egongo. World Tourrak lasaitasun hori ematen du. Eta oso garrantzitsua da hori, bai txirrindularientzat eta bai babesleentzat ere. Oso gogorra da ezjakintasunean bizitzea, gonbidapenen zain egotea, eta horregatik egin genuen World Tourraren alde.

Pentsatzekoa da ez zitzaizula gehiegi gustatuko Euskaltel-Euskadin ibilitako hainbat txirrindularik idatzitako eskutitza…

Eskutitza ez zen izan proiektuaren aurkakoa, Igorren aurkakoa baizik. Bi gauza nahastu dituztela uste dut: Amets Txurruka eta Iban Belasko lagunen egoera, Ametsena bereziki, eta nik manager gisa euren ondoan egindako lana. Diziplina izugarria eskatu izan dut betidanik taldean, eta, eurentzat, sarritan, egoera ez zen izan erraza. Baina uste dut ez direla konturatu Euskaltel enpresak eta Euskadi Fundazioak eman diela profesionaletan aritzeko aukera. Markel Irizarren kasuan, adibidez, Euskaltel egon ez balitz, inoiz ez zen izango txirrindulari profesionala. Ni izango ez nintzen modu berean. Afizionatuetan nengoela, Miguel Madariagak eman zidan niri profesionaletara pasatzeko aukera. Eta pentsa gerora zer lortu nuen. Lehenik eta behin, beraz, eskerrak eman beharko lizkiokete Euskaltel-Euskadiri. Badakite txirrindularitza nola dagoen, eurak zein taldetan dauden, eta talde horiek zer egiten duten. Eta hori jakinda, oraindik ez dut ulertzen zergatik kaleratu duten ohar hori. Baina, tira, eurek jakingo dute zer egin duten. Euskaldun guztiek irekita edukiko dituzte beti talde honen ateak, baina hausnarketa egin beharko lukete.

Taldeko managerra izan daiteke txirrindularien laguna?

Ez. Eta, niretzat, horixe da zailena, txirrindulariekin daukadan harremana. Azken batean, managerra naiz ni, eta helburuak betetzea dagokit. Bide horretan, ezinbestekoa da talde barruko diziplina. Normalean harreman ona izaten dut txirrindulariekin, baina harreman horri muga jarri behar zaio, esanak betearazi behar direlako. Proiektu batean lagun gisa sartuz gero, zaila izaten da diziplinari eustea.

Zenbateraino entzuten zaio txirrindulariari denboraldi osoko egutegia zehazteko orduan?

Taldearen helburuak zehazten dira lehenengo, eta guztiekin hitz egiten da ondoren. Atzerritarren kasuan, urte bakarrerako etorri dira, oraingoz, eta euren plangintza ez dut goitik behera aldatuko, inorentzat ez litzatekeelako ona izango. Samuelek, berriz, 34 urte ditu, eta harekin bestelako motibazio batzuk bilatzen saiatu gara. Betikoa betiko moduan eginez gero, helburuak beteko zituen, bai, baina beste lasterketa batzuetara joanez gero, pizgarri moduan erabil dezake berritasun hori. Igor Antonen eta Mikel Nieveren kasuan, eurekin hitz egin nuen, baina, Samuelen erabakiaren ondoren, aukera handirik ere ez zegoen egutegia zehazteko. 'Nik Giroa nahiago dut' esan zezaketen, baina, ez, ez. Samuelek urte askoan bete ditu Tourreko helburuak, eta beste batzuei dagokie orain pauso hori ematea.

Samuel Sanchezen azken urteotako maila ikusita, zaleek Tourreko helburuak zein diren nahasteko arriskua dago, agian?

Samuelek oso maila ona eman arren, Tourrera inoiz ez gara joan irabazteko helburuarekin. Mendiko maillota, erregulartasunekoa, etapa bat… horiek izan dira beti helburuak. Samueli askotan esan izan diot ahazteko sailkapen nagusia, baina, sistematikoki, kontra egin izan dit momentu horietan. Etapa irabaziz gero, joan dadila sailkapen nagusiaren bila, baina eduki ditzagun argi helburuak. 2011n Luz Ardideneko etapa irabazi zuenean, hotelera bidean berehala galdetu zidan ea orduan jada sailkapen nagusiari begira ziezaiokeen. Baietz erantzun nion, noski.

Itzuli handi bakoitzean etapa nagusia irabazten ari da Mikel Nieve.Non dauka muga?

Ez dakit. Oraingz, argi erakutsi du hiru asteko itzulietarako txirrindularia dela. Vueltan, etapa irabazteaz gain, lehen hamarren artean sartzeko gai izan da; eta Giroan ere bai. Tourrean ere lor dezake. Argi daukat. Baina, aurten, Tourrera ez gara joango sailkapen nagusiari begira. Lehen astea ahalik eta lasaien pasatzen saiatuko gara, erorketarik gabe, eta hortik aurrerako Tourra oso menditsua izango da; bai Mikelek eta bai Igorrek, zeresan handia emango dute eapa horietan; Ion Izagirre eta Romain Sicard ahaztu gabe, noski.

Igor Antonek handiak egin ditu, baina urteetan aurrera doa hura ere. 29 urte ditu jada. Zer egin nahi duzue harekin Vueltako hamargarren postua ona dela errepika ez dezan?

Argi dago bere buruari ez dizkiola zehaztu behar helburu horiek, baina horrelakoa da mutila. Oso jatorra eta umila da, eta adierazpen horiek ez dira aztertu behar ezkortasunetik. Aurreko denboraldian oso ondo antolatu zuen urtea Vueltara bikain iristeko, baina ondoren ez zuen helburua bete. Helburu garrantzitsu bat zehaztu eta bederatzigarren amaitzean, huts egin duzula esaten da sarritan. Baina, kasu honetan, ondorio hori ez dut uste zuzena denik. Gorka Verdugo eta Anton bera lehen hamarren artean sailkatu ziren Vueltan, eta ez dugu ahaztu behar proiektu hau nondik datorren. Igorri, agian, gora egitea falta izan zaio azken urteotan. Baina Zoncolanen, esaterako, Contadorri irabazteko gai izan zen, eta haren garaipen gehienak izugarriak izan dira: Suitzako Itzuliko etapa nagusia, Gaztela eta Leongoa, Espainiako Vueltakoa… Zazpi-zortzi garaipen bikain dauzka. Aurten ere zehaztutako helburuak bete ditzake Tourrean, eta konfiantza eman behar diogu.

Zein dira sasoiko helburu nagusiak?

World Tourrean lehen hamabosten artean sartzea da helburu nagusia. Oso zaila izango da, baina, lortuz gero, izugarria izango da denboraldia. Hasiera-hasieratik, talde honek Tourra eduki izan du buruan, eta aurten ere gorriz markatuta daukagu. Baina World Tourrean jarraitu nahi badugu, denboraldi guztian eutsi beharko diogu maila onari.

Azken hilabeteotan egindako edo egin gabeko zerbaitetaz damutzen al zara?

Kasu batzuetan moduak aldatuko nituzke, agian. Denen antzera, nik ere guztia ez dut ondo egiten, eta tarteka hanka sartu izan dut. Ametsen [Amets Txurruka] kasuan, konturatu naiz gauzak ez nituela, agian, behar bezala egin, baina kirol irizpideak soilik hartu nituen kontuan bera eta Belasko taldetik kanpo uzteko. Ez dago beste arrazoirik tartean.

Lance Armstrongek ere hitz egin du.

Aitortu du dena, eta denentzat hobeto izango da. Ea kontu hau lehenbailehen ahazten dugun, nahiz eta oraindik, benetan, ez dakidan zein ondorio izango dituen. Salaketak daude tartean, baina kontu hauek ahaztu egin nahi ditut. Dopin kontuetan sartuta daudenak joan daitezela behingoz txirrindularitzatik, eta, hortik aurrera, sor dezagun txirrindularitza berri bat, eta, horretarako, erroetara joan behar badugu; has gaitezen, berriz ere, errotik eraikitzen. Kirol honek, txirrindularitzak etorkizuna badauka, baina zaleak oso nekatuta daude dopin kontuekin. Txirrindularitza gustatzen zaie, eta ea, behingoz, horretaz soilik hitz egiteko gai garen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.