Igor Zubeldia. Realeko jokalaria

«Bide onetik goaz, talde ona dugu, eta gauza politak egin ditzakegu»

Hirugarren urtea du Igor Zubeldiak Realeko lehen taldean. Jokalari garrantzitsua da Imanol Alguacil prestatzailearentzat, eta adierazi du «lehia handia» dagoela taldekideen artean, postu bat eskuratzeko.

Jon Ander De la Hoz.
<i>Donostia</i>
2019ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Astebeteko geldirik egon ostean, gainean da Espainiako Ligako beste jardunaldi bat. Hura heldu artean indarrak berritzen aritu da Igor Zubeldia (Azkoitia, Gipuzkoa, 1997), «etxe inguruan», eta gogotsu dago hurrengo neurketa jokatzeko. Azken porrotak ahaztu, eta garaipenaren bidera itzuli nahi du igandean, Betisen aurka.

Lehen zortzi jardunaldien ostean, Reala bosgarren da sailkapenean. Zer balorazio egiten duzu orain artekoaz?

Uste dut hasiera ona egin dugula. Egia da pare bat neurketatan puntuek ihes egin digutela, baina, orokorrean, guztiok sinatuko genukeen egoera da hau. Badakigu bide onetik goazela, talde oso ona daukagula, eta aurten gauza politak egin ditzakegula.

Azken bi partidak galdu egin dituzue. Mina egin dizue sailkapenari begira?

Noski, azken finean guztiok irabazi nahi izaten dugu, eta min egiten du. Azken partidan, Getaferen aurka, irabazten ari ginen, eta gero hamar jokalarirekin geratu ginen. Amaieran puntuek ihes egin ziguten, eta dudarik ez: horrek min egiten du. Orain, hurrengo partidan pentsatu behar dugu, eta hiru puntuak lortzen saiatu.

Aipatu duzu Getaferen aurkakoak min egin zizuela. Zaila izan behar du partida bat gisa horretara galdu eta hurrengoa jokatzeko bi aste itxaron beharrak.

Galtzen denetan denok nahi izaten dugu hurrengoa azkar jokatu. Bi egunera baldin bada hobeto, egoera horri buelta emateko. Halakoetan luze egiten dira geldialdiak, baina atseden hartzeko eta deskonektatzeko ere balio dute.

Partida zegoen bezala, bat gutxiagorekin geratzea zigor handiegia izan al zen?

Baietz esango nuke. Taldeak asko igarri zuen jokalari bat gutxiagorekin geratzea, eta asko eragin zigun.

Bosgarren zaudete, baina tarte bera duzue bigarrenarekiko eta hamahirugarrenarekiko. Korapiloa ez da askatu, ezta?

Bai. Irabazten denean gora begira jar zaitezke, eta, galtzen denean, behera begira. Guk badakigu leku onean gaudela oraintxe bertan, eta talde ona dugula gauza onak egiteko.

Jauzi bat egiteko aukera galdu al duzue azken bi norgehiagokak galduta?

Tira, aurrekoak gertu ikustean beti pentsatzen da: «Hortxe genituen». Baina futbolean guztiok irteten gara irabaztera, etaez diogu horri begiratu behar. Guk gure lana egin behar dugu, eta zertan huts egin dugun ikusi. Horrela hobetu daiteke.

Aurreko geldialdira ere galduta iritsi zineten, eta indarberrituta itzuli. Taldea berriz indartzen aritu zarete?

Ea hala den. Azkenean, geldialdiek okerrak zuzentzeko balio dute, eta gorputzari atsedenemateko ere bai. Athleticen aurkako partidaren osteko geldialditik oso ondo itzuli ginen, eta nahiko genuke oraingoan ere hala izatea.

Akatsak zuzentzeko balio dutela esan duzu. Zuzenketarik edo autokritikarik egin al duzue?

Bai. Partidak jokatu eta gero bideoak ikusten ditugu, bai taldean eta bai indibidualki ere. Horren arabera ikusten dugu zertan ari garen ondo, eta zertan gaizki, eta zuzentzen saiatzen gara.

Iragan astean lagunarteko bat jokatu zenuten Osasunaren aurka, eta bizi-bizi aritu zineten.

Bai. Dinamika onean gaude, guztiok dena ematen dugu entrenatzen, eta hamaikakoan egon nahi dugu guztiok. Taldea oso bizi dabil; badakigu entrenatzaileak zelaian zer nahi duen, eta hori erakusten saiatzen gara. Partida hartan txukun aritu ginen, nahiz eta golik ez sartu.

Imanol Alguacil prestatzaileak beti goraipatzen du zuen entrenatzeko modua. Hainbesterainokoa al da?

Ez du arrazoi faltarik. Guztiok piztuta gaude, eta bera gure gainean egoten da geure onena ateratzeko. Uste dut horretarako balio duela Imanolek. Gero, minutu gutxiago izaten dituztenekin ere topera entrenatzen du, beren aukera dutenetan ondo aritu daitezen. Uste dut hori dela talde baten gakoetako bat. Guztiok prest egotea, batek huts egiten duenean bestea sartu eta hark ere ondo egiteko.

Igandean Betis hartuko duzue etxean. Berriz ere bide onean kokatzeko aukera ona al da?

Ez izan dudarik. Gainera, gure zaleen aurrean ariko gara, eta aurreko partidaren ondoren itxura hobeagoa emateko gogoz gaude. Partida zaila izango da; guk geure lana ondo egin beharko dugu ondo ateratzeko, baina orain arteko jokoari helduz gero uste dut ederki ibiliko garela.

Bost neurketako sail bati helduko diozue orain. Nola egingo diozue aurre partida multzo horri?

Ez gara horretan pentsatzen jarri; zenbat partida geratzen zaizkigun. Neurketaz neurketa joan behar dugu, partida oro ahalik eta onena eman, eta ahal ditugun guztiak aurrera atera. Jokatzeko eraz guztiok dakigu zer nahi dugun; emaitza horiek lortzea falta zaigu.

Ligako zortzi partidetatik zazpitan aritu zara. Imanolek kontuan hartzen zaitu hamaikakoa osatzeko garaian.

Bai, nik badut entrenatzailearen konfiantza hori. Halere, egia da lehia handia dagoela postu guztietan, eta jokalariok badakigu hori. Baina bai, nik sentitzendut badudala Imanolen konfiantza.

Gaztea zara, baina dagoeneko pisua duzu taldean. Zuk ere hala sentitzen duzu?

Bai. Hau hirugarren urtea dut lehen taldean, eta aurreko denboraldian aurrerapausoa eman nuen.Garrantzitsu sentitu nintzen. Orain, atzealdean eta erdian nabil, gora eta behera, baina pisua sentitzen dut. Halere, agian, aurreko denboraldian zertxobait gehiago sentitzen nuen diozun pisu hori.

Atzeko lerroan edo zelai erdian jokatzea duzu nahiago?

Zelai erdian, zalantzarik gabe. Nire automatismo guztiak postu horretan ditut, eta egia da atzeko lerroan nagoenean nire zalantzak ditudala. Nire postu naturala euskarriarena da, eta hor moldatzen naiz ondoen.

Zelai erdian aritu daiteken jokalari kopuruarekin, lehiak izugarria izan behar du, ezta?

Dudarik gabe. Egunerokoan dago lehia hori; lehen esan dudan moduan. Konpetentzia izugarria dago, eta guztion artean harreman oso ona dugun arren, bakoitzak ahal duen guztia ematen du entrenamenduetan. Prestatzaileak hortik ateratzen du partida eguneko taldea.

Min hartuta dago postu horretako jokalari esanguratsu bat: Asier Illarramendi. Asko nabaritzen duzue?

Bai, noski. Illarramendi taldeko kapitaina da, eta pisu handia du taldean. Asko ematen digu. Denok nahi dugu ahalik eta azkarren itzultzea. Halere, bera ez dagoenean ere taldeak funtzionatu izan du, eta uste dut hori ere seinale ona dela.

Sasoi honetan batu da taldera Martin Odegaard, eta ligako jokalaririk onena izendatu zuten irailean. Zer ikusi diozu zuk?

Aurten etorri da, baina aurretik ere ezagutzen nuen, nahiz eta ez izan orain ezagutu bezala. Asko harritu nau, bai pertsona gisa, baita jokalari gisa ere. Lan handia egiten du erasoan eta defentsan, eta baloiarekin oso ona da. Kalitate handia du, denoi gustatzen zaigu halako jokalariak ikustea. Izugarrizko etorkizuna du.

Ez zara lehendabizikoa pertsona gisa dituen ezaugarriak azpimarratzen. Zer du, bada?

Eguneko 24 orduetan futbola du buruan. Bai entrenatu aurretik, eta bai entrenatu ondoren. Gehienok dihardugu hala, baina harena izugarria da. Izaera aldetik ere ona da; isila, umila eta oso jatorra. Oso jende arrunta da.

Euskal selekzioak Argentinaren aurka jokatu behar zuen iragan astean, baina tirabirak tarteko ez da jokatu. Pena duzu?

Jokatu izan balitz, gustura joango nintzateke. Ez naiz joan sekula; gazte mailetan bai. Ez dakit zer gertatu zen, eta ea etorkizun batean aukerarik dugun. Argentina izan, edo beste talde bat izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.