Athletic

Jon Uriarte: «Bide onetik goaz, baina oraindik ez dugu ezer lortu»

Athleticeko presidenteak eta Mikel Gonzalez kirol zuzendariak taldearen lanaren eta neguko merkatuaren balorazioa egin dute.

(ID_13147223) ESPAÑA FÚTBOL ATHLETIC CLUB
Jon Uriarte Athleticeko presidentea, artxiboko argazki batean. JAVIER ZORRILLA / EFE
pettan uralde
2024ko otsailaren 5a
13:52
Entzun

Ekaineko azken balantzearen aurretik, denboraldi erdiak utzi duenaren inguruan balorazioa egin dute gaur Jon Uriarte Athleticeko presidenteak eta Mikel Gonzalez kirol zuzendariak. Ligako txapelketa hasi aurretik, gizonezkoen lehen taldea Europako postuetan amaitzea jarri zuten helburu, eta emakumezkoen lehen taldeak aurreko sasoiko hamargarren postua hobetzea. Oraindik asko geratzen bada ere, «balorazio positiboa» egin du Uriartek bi taldeen egoeraren inguruan.

«Denboraldi hasierako helburua Europako postuetan egotea zen; beraz, balorazioa positiboa da», esan du Uriartek. Liga «funtsezko lehiaketa» dela adierazi du, eta klubak «lehentasun» duela ligan emaitza onak lortzea. Baina Espainiako Kopan lortutako emaitza azpimarratu du: «Kopan finalerdietarako sailkatu gara aurten ere, aurkari zailak kanporatu ondoren. Jaten ematen digun lehiaketa da, eta ezinbestekoa da guretzat».

Balorazio orokorra amaitzeko, inkonformismo puntu bat erakutsi du presidente zuri-gorriak. «Bide onetik goaz, baina oraindik ez dugu ezer lortu. Egin behar dugun bidea oso luzea da oraindik. Denboraldiko bigarren zatia geratzen zaigu, eta gogoz eta umiltasunez egin behar diogu aurre».

Emakumezkoen lehen taldearen inguruan, azpimarratu du helburua dela aurreko denboraldian lortutako hamargarren postua hobetzen jarraitzea. «Lehen zortzi taldeen artean egon nahi dugu. Bederatzigarren gaude, oraingoz, zortzigarrenarekin berdinduta; beraz, kasu honetan ebaluazioa positiboa den arren, gehiago egin dezakegula uste dut».

«Aurreko denboraldian baino hamabi puntu gehiago ditugu oraingoz, eta jokalari gazte asko lehen taldean finkatu dira».

MIKEL GONZALEZ Athleticeko kirol zuzendaria

Uriarteren ondoren, kirol zuzendariak hitz egin du. Neguko merkatuaren inguruko ondorioak azaldu ditu Mikel Gonzalezek, lehen bi talde nagusienak, baina baita harrobiko taldeenak ere. Gizonezkoen lehen taldean, Peru Nolaskoainen eta Nico Serranoren mugimenduak baino ez dira egon. «Nolaskoain gutxi ari zen parte hartzen, eta aukera ona zen harentzat Eibarrera itzultzea. Berreskuratzeko aukera gorde dugu, eta hobari bat jasoko dugu Eibar Lehen Mailara igotzen bada». Serranoren kasua ere antzekoa zen, gutxi ari zen parte hartzen. «Genituen aukeren barruan, Racing Ferrol zen onena, baina bigarren partidan lesio bat izan zuen sorbaldan».

Gainontzeko fitxaketen inguruan, Gonzalezek berretsi du Athletic «anbizioz» ari direla, bai gaur egungo plangintzari begira, baita etorkizunera begira rtr. «Lehen taldeak, iragan denboraldiko dinamikari jarraitu,z pauso bat gehiago eman duela uste dugu. Jendea taldearekin identifikatuta sentitzen da. Aurreko denboraldian baino hamahiru puntu gehiago ditugu oraingoz, eta jokalari gazte asko lehenengo taldean finkatu dira».

Azkenik, emakumezkoen taldearen inguruko iritzia eman du Gonzalezek. Haren ustez, orain arte «bi aurpegi desberdin» erakutsi ditu David Aznarrek zuzentzen duen taldeak. «San Mamesen edo Lezaman talde ausarta da, eta emaitza onak lortzen ditu. Gainera, gazteek protagonismo handia lortu dute. Minutuen %75 24 urtez azpiko jokalariek jokatu dituzte. Baina, kanpoko partidetan beste talde bat ikusi dugu, eta uste dut partida batzuetan gehiago lor genezakeela». Bukatzeko, deia egin die zaleei, asteazkenean taldea bultzatu dezaten: «Tenerife jasoko dugu Espainiako Kopan. Erronka polita dugu aurretik, eta finalerdietan sartu nahi dugu, aurreko denboraldian egin genuen bezala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.