FUTBOLA

Bide ezberdina, helburu bera

Espainiak eta Ingalaterrak Eurokopako finala jokatuko dute gaur, Berlinen. Espainia hiru aldiz izan da txapeldun; Ingalaterrak, ordea, ez du sekula irabazi.

Lamine Yamal eta Jude Bellingham. RONALD WITTEK-FRIEDEMANN VOGEL / EFE
Lamine Yamal Espainiako selekzioko jokalaria eta Jude Bellingham Ingalaterrakoa. RONALD WITTEK-FRIEDEMANN VOGEL / EFE
Iñaki Berastegi.
2024ko uztailaren 14a
05:10
Entzun

Oso txapelketa ezberdina eginda, baina biak finalera ailegatu dira. Luis De la Fuenteren Espainiak eta Gareth Southgateren Ingalaterrak Eurokopako finala jokatuko dute gaur Berlingo Olinpiar Estadioan (21:00, La1 eta TF1). Ingalaterraren bigarren Eurokopako finala izango da, eta Espainiarentzat, berriz, bosgarrena. Hiru lehoien selekzioak duela hiru urte jokatu zuen lehen finala, Londresko Wembley estadioan, eta Italiaren aurka galdu zuen penaltietan. Espainia, berriz, 1964an, 2008an eta 2012an izan zen txapeldun, eta 1984ko finala galdu zuen Frantziaren aurka.

Txapelketako selekziorik onena izanda eta bidean mota guztietako aurkariak gaindituta ailegatu da Espainiako selekzioa finalera. Ligaxkako hiru partidak irabazi zituen, eta final-zortzirenetan Georgiaren aurrean gailendu ostean, bi aurkari zein baino zein gogorragoak menderatu behar izan ditu: Alemania eta Frantzia. De la Fuentek txapelketa hasieratik hamaikako eta joko ideia baten aldeko apustua egin du, eta horrek identitatea eman dio taldeari; defentsan sendo aritu da, zelai erdian sormen handia izan du, eta hegaletan Nico Williams eta Lamine Yamal gazteak geldiezinak izan dira. Bi gazte horiek beste maila batean jarri dute De la Fuenteren taldea. Joko gustagarria egin ez ezik, atzerago defendatu eta lehiakorrak izaten badakitela ere frogatu dute. Finala irabazteko hautagai nagusia da. «Aurrealdean min handia egin dezaketen jokalari oso erabakigarriak dauzkan selekzioa da Ingalaterra. Harry Kane munduko aurrelaririk onenetako bat da, onena ez bada», nabarmendu zuen Dani Vivian Athleticeko jokalariak finaleko aurkaria Ingalaterra izango zela jakindakoan.

Mikel Merinoren gola Alemaniari, final laurdenetako 119. minutuan. ALBERTO ESTEVEZ / EFE
Mikel Merinoren gola Alemaniari, final laurdenetako 119. minutuan. ALBERTO ESTEVEZ / EFE

Txapelketa hasierako eta finalerdietako Ingalaterrak, aldiz, zerikusi gutxi du. Gareth Southgateren selekzioak oso ligaxka eskasa jokatu zuen, baina partidak aurrera joan ahala hobera egin du. Bereziki, Suitzaren aurkako neurketan eta Herbehereen kontrakoaren lehen zatian jokatu du hobeto. Hein batean, Southgatek proposatutako hamaikakoari eta partidako planei egotz dakieke errua: kontserbadoreegia izan da askotan. Azkenerako, hautatzaileak egindako pare bat aldaketari esker, taldeak askoz ere hobeto jokatu du, eta oldarkorragoa izan da defentsan zein erasoan: Kobe Mainoo Declan Riceren alboan kokatzea, eta Phil Foden hegalean jarri beharrean barrutik jokatzea gako izan dira hobekuntza horretan. Hurrengo jauzia egiteko, baina, oraindik ikusi ez den Kaneren bertsiorik onena behar dute, eta Jude Bellinghamek azken laurdenean gehiago parte hartzea. Bukayo Saka ere erabakigarria izan daiteke.

Hiru urte atzera ez bezala, Ingalaterrak ez du finala etxean jokatzearen zama gainean izango, eta horrek mesede egin diezaioke. «Partida oso zaila izango da. Espainia futbol selekzio bikaina da, esperientzia eta maila handiko jokalari zerrenda luzea dute. Gure bizitzako partida izango da», esan zuen Ollie Watkins aurrelari ingelesak, finalerdietako heroia izan ostean.

Oliver Watkinsen gol bati esker sailkatu zen Ingalaterra finalera. GEORGI LICOVSKI / EFE
Oliver Watkinsen gol bati esker sailkatu zen Ingalaterra finalera. GEORGI LICOVSKI / EFE

Ingalaterrak eta Espainiak 27 aldiz jokatu dute elkarren aurka, eta balantzea hiru lehoien selekzioen aldekoa da: hamahiru aldiz gailendu da Ingalaterra, hamar aldiz Espainia, eta lau aldiz berdindu dute. Dena den, txapelketakoak zortzi baino ez dira, eta, Eurokopan elkarren aurka aritu direnean, beti irabazi du Ingalaterrak; 1996an, azkeneko aldiz, finalerdietan.

Finalera begira, De la Fuentek finalerdietan zigortuta zeuden Dani Carvajal eta Robin Le Normand berreskuratuko ditu, eta ia ziurtzat jotzen da hasieratik jokatuko dutela. Southgatek, aldiz, denak dauzka jokatzeko moduan. François Letexier bretoia izango da finaleko epaile nagusia.

ARGENTINA ETA KOLONBIA AMERIKA KOPAKO FINALEAN

Argentinak eta Kolonbiak Amerika Kopako finala jokatuko dute bihar, Miamiko (AEB) Hard Rock estadioan (02:00, Movistar Plus). Beraz, Leo Messik etxean jokatuko du finala, eta bere ospea are eta gehiago handitzeko aukera izango du. Argentinak jokatu dituen azken hiru txapelketak irabazi ditu, eta hamaseigarren aldiz izan nahi du Amerika Kopako txapeldun. Aurrean, James Rodriguezek gidatutako Kolonbia izango du. 23 urteren ostean jokatuko dute kolonbiarrek beste final bat; hain zuzen, 2001ean irabazi zuten lehen eta azken aldiz Amerikako Kopa. Argentina eta Kolonbia lehen aldiz ariko dira elkarren aurka final batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.