Denboraldi honetan beste urrats bat egin nahi zuen Baionak, eta, ligako lehen herena jokatuta, Lapurdiko taldeak aurrerapausoa eman duela esan daiteke. Gregory Patatek zuzendutako taldeak sei garaipen erdietsi ditu lehendabiziko bederatzi jardunaldietan, eta, denera 26 puntu bilduta, sailkapeneko laugarren postuan kokatu da. Alegia, ligako titulurako kanporaketak jokatzeko aukera ematen duten sei postu horien barnean dago gaur-gaurkoz. Bide egokian da, beraz.
«Denboraldiaren lehenengo zatia oso ona izan da. Agian, espero baino zertxobait hobea. Gauza asko lortu ditugu lehen partida multzo honetan», azpimarratu du Alex Moon Baionako bigarren lerroko jokalariak (Ipswich, Ingalaterra, 1996). Izan ere, talde xuri-urdinak etxeko neurketa guztiak irabazi ditu, etxetik kanpo ere garaipen bat erdiesteko gai izan da, eta, gainera, aurreko bi denboraldietan ez bezala, Donostian jokatutako partida irabazi zuen. «Etxetik kanpoko lehen garaipena goiz lortzeak indarra ematen dizu aurrera begira. Aurreko sasoian, taldeak garaipen bakarra lortu zuen Jean Dauguerretik urrun. Donostian irabaztea ere garrantzitsua izan da azken denboraldietan gertatutakoa gertatu ostean; garaipen handia izan zen».
Arroxelari Anoetan irabazi eta gero, Racing 92, Lyon eta Okzitaniako Tolosa menderatu zituen Baionak. Horiek horrela, azken lau partidak elkarren segidan irabazi ondotik ailegatu zen ligako lehen etenaldia. «Seguruenik ez genuen nahi etena orduan izatea, sasoi oso onean baikeunden. Asteon ondo entrenatu gara, eta ea gai garen bolada on horri jarraipena emateko. Uste dut denbora asko igaro dela klubak azkenekoz Top14an lau garaipen kateatu zituenetik. Gainera, lau garaipen horiek talde indartsuen aurka lortu ditugu».
Moon «gozatzen» ari da Baionan duen bizitzarekin, eta «eroso» sentitzen da taldeak jokatzeko duen moduarekin. «Northampton Saintsen jokatzeko modua antzekoa zen: baloiarekin asko jokatzen dugu, eta erasoan ahalegintzeko askatasuna dugu hemen ere. Joko hori egiteko Top14 ligako jokalari onentsuenetako batzuk ditugu. Horrez gain, kontaktuetan eta borroketan ere talde ona gara, osoa». Dena den, badute oraindik zer hobetu. «Bereziki, aurkariaren 22 metroetako marra gainditzen dugunean, eraginkorragoak izan behar dugu. Pazientzia handiagoz jokatu behar dugu baloia zelaiaren zati horretan izaten dugunean».
«Europan, helburua kanporaketetara ailegatzea da; taldeak erakutsi du gai dela neurketa horietan lehiatzeko»
ALEX MOONBaiona errugbi taldeko jokalaria
Paueren, Bordeleren eta Clermonten zelaietan galdu du Pataten taldeak. «Denboraldi hasierako neurketa guztietan hamar minutuko deskonexio bat izaten genuela iruditzen zait. Bordeleren aurkakoan, adibidez, haiek baino hobeak izan ginen ia partida osoan, baina atsedenaldi osteko hamar minutuetan partidatik at egon ginen, eta neurketa galdu genuen. Partidak jokatu ahala sendoago aritzea lortu dugu».
Beste hamar partida
Gaurtik aurrera, egutegiko bigarren partida multzoari ekingo dio Baionak. Denera, hamar neurketa izango dira elkarren segidan, sei Top14 Ligakoak eta lau Challenge kopakoak. «Europan, helburua kanporaketetara ailegatzea da. Aurreko sasoian baino txapelketa apalago batean lehiatuko gara, eta uste dut taldeak erakutsi duela gai dela neurketa horietan lehiatzeko».
Ligan ere helburua berbera dela esan daiteke, eta, oraindik goiz bada ere, Baiona ondo kokatuta dago aurreneko sei sailkatuen artean amaitzeko, orain arte bezala jarraituz gero. «Etxean edozein talde menderatzeko gai gara, eta, orain, etxetik kanpo talde indartsuenei ere irabazteko gai garela erakustea falta zaigu. Edonola ere, ez dut uste goiko postuetan amaitzeko etxetik kanpoko neurketa guztiak irabaztea beharrezkoa denik, hori guretzat ez bailitzateke errealista».
Toulonen zelaian ariko dira gaur (14:30), eta Moonek garrantzi handia eman dio partidari. «Oso talde ezberdinak gara. Mugarri handia litzateke Toulonen zelaian irabaztea. Talde hauen aurka garrantzitsua da markagailuan atzetik joan arren aldea gehiegi handitzen ez uztea. Hori eginez gero, partida amaieran neurketa irabazteko aukera izan dezakezu».