Bide bertsua, era desberdina

Jose Luis Mendilibarren eta Gaizka Garitanoren ibilbideek antzekotasun asko dituzte. Besteak beste, Eibar eta Athletic zuzendu dituzte. Gaur aurrez aurre izango dira.

Jose Luis Mendilibar aginduak ematen. CARLOS CARDENAS / EFE.
haritz gallastegi
2020ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
«Gogor saiatzen denarentzat ez dago mugarik»,kantatu zien Gaizka Garitanok Eibarko udaletxeko balkoitik zaleei. 2014ko ekainaren 2a zen. Untzaga plaza lepo zegoen. Eibar Lehen Mailara igo zela ari ziren ospatzen. Inork inoiz amets egin ez zuena egia bihurtu zuen taldeak. Bigarren B Mailatik gorengo mailara igo zen Eibar errenkadan. 27.000 biztanle inguruko herri txiki bateko taldearen miraria izan zen. Orduan hasi zen gerora Su Ta Garrek sortutako kantuari bide eman zion aroa: Ezina Ekinez.

Eta hala jarraitzen du Eibarrek: ezinezkoa dirudiena egi bihurtuz. 2015ean, Jose Luis Mendilibarrek hartu zuen Garitanoren lekukoa Ipuruako aulkian. Batak zein besteak ohorezko lekua dute Eibar bizitzen ari den unerik gozoenean. Gaur, elkar ikusiko dute Ipuruan jokatuko den derbian.

Mendilibarren eta Garitanoren kirol ibilbideak oso antzekoak dira. Futbolari eta, batez ere, teknikari gisa. Biak dira bizkaitarrak. Biek eman zituzten lehen urratsak Lezaman. Athleticen altzoan hazitako futbolariak dira. Baina ez zuten lehen taldean tokia egitea lortu. Mendilibarri ez zioten debutatzeko aukerarik eman;Garitanok, berriz, partida bakarra jokatu zuen elastiko zuri-gorriarekin. Etxetik kanpo erakutsi behar izan zituzten euren dohainak. Mendilibarrek Bigarren Mailan eman zuen bere onena. Sestaon aritu zen zortzi urtez. Garitanok gorengo mailan jokatzea lortu zuen. Realean aritu zen hiru denboraldiz. Eibarren egindako lan onak zabaldu zizkion talde txuri-urdineko ateak.

Urrezko aroa hasi zen arte, 2004-2005 denboraldia izan baitzen Eibarren historiako onena. Lehen Mailara igotzear egon zen. Orduan egin zuten bat Garitanoren eta Mendilibarren kirol ibilbideek. Mendilibar entrenatzailea zen, eta Garitano taldeko kapitaina.

Entrenatzaile gisa ere antzeko bizipenak izan dituzte. Biak behe-behetik hasi ziren lanean. Mendilibarrek Arratian eman zituen lehen urratsak, eta Garitanok Eibarren bigarren taldea zuzendu zuen lehena. Biek dakite zer den proiektu bat hasi eta ia garatzeko astirik izan gabe maletak egin behar izatea. Era berean, inguruak asko zaindu dituzten esperientziak ere bai.

Teknikarien pareko taldeak

Bien izena lau klubetan ageri da. Athletic B zuzendu dute biek. Halaber, goragoko mailetan Athleticen, Valladoliden eta Eibarren aulkietan sentitzen dena ere ezagutu dute. Valladoliden asko maite dute Mendilibar. Haren izena duen zale talde bat ere badauka. Garitano, berriz, bota egin zuten bederatzigarren jardunaldirako. Athleticen kontrakoa gertatu zitzaien. Zaldibartarra izan zen bederatzi jardunaldi iraun zuena. Derioztarrak emaitza hobeak lortu ditu. Athletic Espainiako Kopako finalerako sailkatu du, eta beste urtebeteko kontratua izenpetu berri du. Eibarren izan dute arrakasta biek. Garitano taldea Lehen Mailara igo duen teknikaria da, eta Mendilibar inoizko emaitzarik onenak eskuratu dituen taldearen entrenatzailea da.

Gaurko derbia Ipuruan jokatuko da; biak asko maite dituzte han. Baina oso entrenatzaile ezberdinak dira. Hasteko, euren izaeran dago aldea. Mendilibar zuzena da. Burura etortzen zaiona bota egiten du. Ingurukoei gustatu edo ez, esan beharrekoa esan egiten du. Garitano zuhurragoa da. Ondo neurtzen du esan beharreko guztia. Etengabe azalpenak ematen aritu beharra da egungo futboletik gutxien gustatzen zaion kontua.

Baliteke euren izaerak zerikusi zuzena izatea entrenatzen dituzten taldeek zelaian erakusten duten jokoarekin. Mendilibarren taldeak ausartak dira,teknikaria mikrofono aurrean den gisakoa. Presioa aurrean egitea du gustuko. Aurkariaren zelaian jokatzearen aldeko apustua egiten du. Metro gutxitan jokalari asko pilatzen ditu. Horretarako, atzeko lerroa asko aurreratzen du. Apustu arriskutsua da. Ondo eginez gero, aurkaria itotzea lortzen da, baina pitzadura txiki bat nahikoa da atezaina salduta lagatzeko. Aurten aurreko denboraldietan baino gehiago ari zaio kostatzen taldeari bere jokoa azaleratzea.

Garitano zuhurragoa da. Erasora jokatzea eta kontrarioaren zain egotea tartekatzea du gustuko. Partidaren bilakaeraren eta bere taldearen unearen arabera bide bat edo bestea hartzeko agintzen du. Erritmo aldaketak egiten ditu talde zuri-gorriak. Bide bat edo bestea aukeratu, argi dago bai Garitanok, baita Mendilibarrek ere, gorengo mailan entrenatzeko gaitasuna dutela. Arrakasta oso modu ezberdinetan lor baitaiteke.

Gaurko neurketari begira, Mendilibarrek uste du «psikologikoki indartsuen dagoen taldeak» lortuko duela garaipena.«Guk asko dugu jokoan. Joko zuzeneko partida izango da». Gonzalo Escalante berreskuratuko du, eta litekeena da igandean jokatu zen Jose Angel eta Enrich hasieratik aritzea.

Neurketa «gogorra eta lehiatua» espero du Garitanok. «Ezin diegu zelai erdian egiten duten jokoa egiten utzi». Hamaikakoaz galdetuta, adierazi zuen ez duelataldea guztiz aldatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.