Kirolari baten ibilbidea faktore askoren mende dago. Batzuk norberak kontrola ditzake; beste batzuk, aldiz, kontrolaezinak dira. Ez dago haien aurka ezer egiterik. Azken urteotan goi mailako kirolari asko erretiroa hartu osterako planak egiten hasi dira, kiroletik beste lan batera pasatzeko trantsizio hori ahalik eta errazena izan dadin. Badira, euren etorkizuna ikusita, ibilbide profesionala osorik zukutu aurretik lan mundura salto egitea erabaki dutenak ere. Horietako bat da Teresa Gorospe (Gasteiz, 2005). 19 urterekin gimnastika erritmikoa uzteko hautua egin du, medikuntzako ikasketei bidea zabaltzeko.
Uztailean eman zuen erabakiaren berri, taldekako Espainiako Txapelketaren aurretik. Ordutik, omenaldiak jaso eta jaso dabil. Zaragozan (Espainia), Euskalgymen, eta azkena Gasteizen, etxean: «Oso polita izan zen. Askotan izan naiz gala horretan, eta han omenaldi bat jasotzea ederra izan zen. Nire gurasoak, taldekideak, entrenatzailea, lagunak… egunero ikusten ez ditudan pertsona asko zeuden, eta oso hunkigarria izan zen».
Gasteiztarra izan arren, Madrilen bizi da Errendimendu Altuko Zentrora joan zenetik. Halere, ez zuen espero hainbeste ekitalditan agurtuko zutenik: «Nik badakit zer lortu dudan nire ibilbidean, baina oinak beti lurrean izan ditut, eta ez dut olinpikoa-edo izatea erdietsi. Baina eskuratu ditudan lorpenez oso harro nago. Dominez harago, jendearen maitasunak betetzen nau gehien».
Iazko urtarriletik argi zuen bere ibilbide profesionala urte amaieran amaituko zuela. Atzera egitea ez zaio burutik pasatu ere egin hilabeteotan: «Ondo pentsatutako erabakia izan da. Aspalditik nuen buruan, eta ez naiz damutzen. Oso pozik nago nire bizitza berriarekin. Behar nuen aldaketa hau». Inguruko guztiek ondo hartu dute gasteiztarrak hartutako erabakia: «Entrenatzaileek jarraitzeko esan zidaten, beste urte batez saiatzeko, baina nik oso argi nuen». Jokatu dituen azken txapelketak emozioz beteta egon dira: «Lehiatzera igo aurretik malkoak ateratzen zitzaizkidan. Azkenak zirela jakiteak emozio festa sortzen zidan».
«Eskuratu ditudan lorpenez oso harro nago. Dominez harago, jendearen maitasunak betetzen nau gehien»
TERESA GOROSPE Gimnasta ohia
Hautu horren atzean bi arrazoi nagusi daude: lesioak eta medikuntzako ikasketak. «Lesioak tarteko, nik banekien ezingo nuela lau urteko beste ziklo oso bat jasan». Azkenaldian aldakek eman dizkiote buruhauste gehien: «Azken denboraldian aldaketako minez ibili naiz. Arazo asko eman dizkidate, eta ezin izan dut nahi bezala entrenatu». Ikasketek, baina, are pisu handiagoa izan dute: «Gimnastika erritmikoa eta medikuntza bateraezinak dira. Biek denbora asko eta exijentzia handia eskatzen dute. Egunak ez ditu behar beste ordu bi gauzak taxuz egin ahal izateko. Nire amets bat amaitzera zihoala ikustean, beste ametsari eustea erabaki dut».
Izeba Esther medikua du Gorospek, eta hark erakutsi zion mundu hori. Garbi du gimnastikaren egunerokotasun exijente horrek medikuntzako ikasketetan lagunduko diola: «Kirol honek eman didan gauzarik onenetakoa da. Ikasketetan oso diziplinatua naiz, eta ez dut ikasteko edota orduak sartzeko arazorik izan orain arte». Medikuntzako lehen mailan dago, eta orain, gainera, azterketetarako ari da ikasten. Orain arte egindako etsamina guztiak gainditu ditu.
Iragana, oraina eta etorkizuna
13 urte egin ditu gimnastikari lotuta, eta «pixka bat nekatuta» amaitu du: «Oso polita da, diziplina askoko modalitatea da, eta mentalki ahituta bukatu dut. Oso exijentea da, baina, zorionez, taldekideekin ez dut sekula lehiakortasun hori mugaraino eraman, beti poztu izan naiz haien lorpenengatik, eta horrek bide honetan asko lagundu didala uste dut».
Bidelagun horietako bat Salma Solaun da. Gasteiztarrak eta adin berekoak dira biak. 11 urte egon dira elkarrekin: «Ziur nago nire ibilbidea ez zela bera izango Salma nire ondoan egongo ez balitz. Nire lagunik onena da. Ezagutu dudan pertsonarik onenetako bat eman dit kirol honek: langilea da, jatorra… Kirol honetan izan ditudan bizipen guztiak horrelako lagun batekin partekatzea ikaragarria izan da». Bestea Marga Armas entrenatzailea da: «Aspaldi ezagutu genuen elkar, eta berari esker iritsi naiz honaino. Ez ditut berezko dohainak, oinak, esaterako, ez ditut hain zuzenak, baina nire onena ateratzen jakin du, eta oso eskertuta nago».
Lehiatzeari utzi badio ere, gimnastika erritmikoa ez du guztiz utzi. Entrenatzaile izateko ikastaroak egiten ari da, eta dagoeneko hirugarren mailan dago: «Ez da nire lehentasuna entrenatzailea izatea. Medikua izan nahi dut; bigarren plano batean dut bestea, zaletasun modura dut gimnasia, baina etorkizunean ez dakit zer gertatuko den». Oraindik ere badu taldekide ohien berri. Ez da haiengandik aparte bizi, «ia egunero» hitz egiten du haiekin, eta hurrengo denboraldia hasten denean haiek animatzera joango dela dio.