Trinketak inon ospea eta tradizioa baldin badu, hori Ipar Euskal Herrian da. Hango trinketlariak nabarmendu dira diziplina horretan betidanik. Salbuespen bakarra izan da, Agusti Waltaryrena. Kubatarra nagusi izan da urte askoan, eta makina bat txapel irabazi du: seitan banakakoa, eta beste seitan binakakoa, besteak beste.
Baina duela urte batzutik hona, Hegoaldeko zenbait pilotari ari dira Iparraldeko trinketetera hurbiltzen, eta txapelketa nagusiak jokatzen. Mikel Gonzalez izan zen lehena. Berrizkoak (Bizkaia) urteak egin ditu trinketlari onenekin nor baino nor gehiago lehiatzen. Azkenaldian, berriz, Eneko Maiz billabonatarra, Ekhi Ziarrusta dimoztarra eta Inhar Ugarte sopelarra nabarmendu dira.
Luis Sanchez (Iruñea, 1997) da trinketera gerturatu den azkenekoa. Hura da berezkoen bi txapelketa nagusietako batean ari den Hego Euskal Herriko lehen trinketlaria. Oso ondo ari da Bigarren Mailakoan, bi kanporaketa pasatu baititu jada: 40-17 irabazi zion Cedric Lucuri aurrenekoan, eta 40-24 Bixente Cubiati bigarrengoan. Final-zortzirenak jokatuko ditu etzi, Gregory Agirreren aurka, Zuraiden (Lapurdi), 16:00etan.
«Lehen aldia izanda, ez nuen galdu nahi aurreneko kanporaketan, eta jada bi gainditu ditut. Beraz, oso pozik nago. Ea urruti irits naitekeen», esan du. Akuilua badu. «Enpresak [Esku Pilotak] esan dit lan ona eginez gero, martxoan Lehen Mailako Binakako Txapelketan tokia izan dezakedala. Itzela litzateke. Badakit zer egin behar dudan: binakakoan ahal dudan lanik onena egin».
Duela zazpi urte hasi zen Sanchezen eta trinketaren artekoa. Urteak zeramatzan etxe ondoan ezkerparetan jokatzen: Huarten eta Esteribarren (Nafarroa). Baina ez atzera, ez aurrera ikusten zuen bere burua. «Frontoia nire tokia ez zela konturatu nintzen; ezin nuen pilotekin. Gainera, berandu hazi nintzen, eta horrek are eta gehiago zaildu zuen dena».
Trinketean probatzeko gomendatu zioten. «Esan zidaten pilotak ez zirela horren exijenteak, eta horregatik eman nuen pausoa». Pausoa eman, eta katigatuta geratu zen. «Jokatzen hasi, eta ikusi nuen banuela gaitasuna; ondo moldatzen nintzen. Hori gutxi ez, eta orduan eman zuen jauzia hazkundean [1,87 metro da luze]. Denak bat egin zuen».
Segituan hasi zen nabarmentzen, eta garaipen zerrenda polita osatzen: bi Gravnitxapelketa irabazi ditu, eta brontzezko hiru domina eskuratu ditu 22 urtez azpiko eta maila nagusiko munduko txapelketetan eta Munduko Kopan. Konturatu orduko, espezialista onenen aurka ari zen: Battitta Ducassou, Peio Larralde eta Waltaryren aurka, besteak beste. Azkar konturatu zen oraindik «oso urrun» dagoela haiengandik. «Alde handia dago Lehen eta Bigarren Mailaren artean. Bigarren Mailan, nor baino nor gehiago aritu naiteke. Lehen Mailan, aldiz, nekez. Gaur-gaurkoz, iritsezinak dira maila horretakoak. Ducassou da nire eredua: onena da».
«Lehiakorra eta osoa naiz»
«Jokoaren aberastasuna». Hori da trinketaz gehien gustatzen zaiona. «Frontoiarekin konparatuta, askoz jokaldi gehiago egiten dira. Ez da horren monotonoa; bizi-bizia da. Nik gozatu egiten dut».
«Trinketlari lehiakor eta osotzat» jo du bere burua. «Txukun moldatzen naiz arlo guztietan». Atzelaria izanik, oso barneratua du defentsako lana, baina nabarmendu du trinketean atzelarien lana ez dela mugatzen soilik pilotak eramatera. «Erasora ere joka dezaket, eta horrek ere asko erakartzen nau». Teilatutxoak ere aspaldi utzi zion traba izateari. «Hasieran, kosta egiten da, baina jada hartu diot neurria. Baliabide ona da». Halaber, haren ustez, ezkerparetan aritu izanak «mesede» egiten dio zenbait postura hartzeko orduan.
«Asko» du hobetzeko, eta ari da lanean. Iruñean entrenatzen da, Mendillorrin, eta, astean partidarik ez duenean, lan saio bat egiten du Urruñan (Lapurdi), hango taldean, Urruñarrak-en, aritu baitzen bi urtez. 2020tik, berriz, profesionala da. Biologia ikasketak amaitu zituen iaz, eta pilotako monitore izateko ikasten ari da orain. «Nekeza izan zen Unibertsitateko garaia, eta orain, urtebetez, pilotan aritu nahi dut, buru-belarri».
Bide berri bat urratzen ari da
Luis Sanchez atzelari iruindarra da berezkoen txapelketa nagusietan ari den Hego Euskal Herriko lehen pilotaria. Oso ondo ari da Bigarren Mailakoan: bi kanporaketa gainditu ditu, eta final-zortzirenak jokatuko ditu etzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu