Benfica, Limoges, Ystads… Hainbat izan dira Bidasoak denboraldi honetan Europako ligan aurrean izan dituen taldeak. Oraingoan, final-laurdenetan, Alemaniako Melsungen taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak. Gaur jokatuko dute joaneko partida, Alemanian (18:45, ETB4); itzulikoa, berriz, datorren asteartean, Artalekun. Eneko Furundarenak azaldu du taldea «ilusioz» dagoela: «Denbora asko daramagu momentu honen zain, eta taldea indartsu dago. Jende gutxik espero zuen honaino iritsiko ginenik».
«Oso denboraldi ona» ari dira egiten alemaniarrak. Ligan bigarren postuan daude, Fuchse Berlin liderrarengandik bi puntura; Alemaniako Kopan txapeldunorde izan ziren, finala Kiel taldearen aurka galduta; Europako ligan, berriz, final-laurdenetan dira, multzoen fasea bigarren postuan amaituta. «Nik uste dut ezustekoa ematen ari direla Alemaniako Ligan. Oso talde ona da, jokalari onez osatua. Haiek garaitzeko, partida oso ona egin behar izaten da beti».
Furundarenak azaldu duenez, Melsungenek «jokalari desberdin asko» ditu. «Alde batetik, jokoa ondo irakurtzen duten jokalariak dituzte, eta, bestetik, jokalari fisikoagoak ere bai». Partida irabazteko gakoez galdetuta, argi mintzatu da: «Gakoa jokalari bakoitzari dagokion defentsa egitea izango da. Ezin dituzu berdin defendatu Erik Balentziaga eta Dainis Kristopans, esaterako». Beste gakoetako bat «haien intentsitatea berdintzea» izango dela adierazi du: «Astearteko [gaurko] partidan normalena markagailuan atzetik joatea izango da, eta, bi partidako kanporaketa izanik, garrantzitsua izango da eustea: haiek momentu onetan ahalik eta abantaila txikiena ateratzea, eta gure momentu onak ondo aprobetxatzea». Hala, emaitza ona lortu, eta Artalekun erabaki nahi dute kanporaketa.

«Taldeak erakutsi du bi txapelketak uztartzen dituenean jokatzen duela ondoen; beraz, horri heldu behar diogu, eta datozen aste hauetan gauza bera egiten saiatu» ENEKO FURUNDARENA Bidasoa taldeko jokalaria
Punta-puntako jokalariak ditu MT Melsungen taldeak: Dainis Kristopans, Rogerio Moraes, Nebojsa Simic, Adrian Sipos… Horien artean dago Erik Balentziaga zarauztarra. Furundarenak 2021-2022ko denboraldian jokatu zuen haren aurka, Balentziagak Okzitaniako Tolosan jokatzen zuenean, eta «nahikoa» sufritu zutela berretsi du. «Oso jokalari azkarra eta argia da. Ezinbestekoa izango da Erik kontrolatuta edukitzea, taldeko iparrorratza baita».
Meritu handiko denboraldia
Larunbatean Granollersi 30-28 irabazi ostean, Bidasoa hirugarren postuan dago Asobal ligan, Herrialde Katalanetako taldetik puntu bakarrera. Soilik lau partida falta dira liga amaitzeko, eta borroka bizia dago bigarren postu hori eskuratzeko. Granollers, Bidasoa eta Torrelavega dira lehia horretan dauden taldeak. Ligan egiten ari diren lanaz azpimarra hau egin du Furundarenak: «Kaskar samar hasi ginen, baina gerora gure jokoa egitea lortu dugu, eta segida eman ahal izan diogu horri. Iruditzen zait meritu handiko denboraldia egiten ari garela».
Ez da lan samurra izaten Asobal liga eta Europako liga uztartzea. Bidasoaren kasuan, ordea, ez dirudi zaila egiten ari zaienik. Are gehiago, emaitza hobeak lortzen ari dira bi txapelketak uztartzen dituztenean. Batez ere urrian eta otsailean tokatu zaie bi txapelketak batera jokatzea, eta, hain justu ere, bi hilabete horiek izan dira mailarik «onena» eman duten hilabeteak. «Taldeak erakutsi du bi txapelketak uztartzen dituenean jokatzen duela ondoen; beraz, horri heldu behar diogu, eta datozen aste hauetan gauza bera egiten saiatu», esan du Furundarenak.
Aldaketa denboraldia izan da Bidasoaren aulkian. Iazko udan, zortzi denboraldiren ondoren, Jacobo Cuetarak taldea zuzentzeari utzi zion, eta Alex Mozas fitxatu zuten Torrelavegatik. Furundarenak azpimarratu du «oso entrenatzaile desberdinak» direla Cuetara eta Mozas, eta bakoitza bere estiloarekin emaitza «onak» lortzen ari direla. «Cuetarak bere sistema du, eta soilik horretan sinesten du. Ez da hortik ateratzen. Mozasek, berriz, aurkariaren arabera aldatzen du bere estiloa», gaineratu du. Mozasekin «gustura» daudela berretsi du: «Ligan bigarren posturako borrokan eta Europako final-laurdenetan egoteak esan nahi du ulertu dugula haren lan moldea, lortu dugula haren ideiak kantxan erakustea».
Furundarenak 2027. urtera arte du kontratua Bidasoarekin. Etorkizunerako asmoez galdetuta, Bidasoan «oso gustura» dagoela azpimarratu du, eta printzipioz «jarraitzeko» asmoa duela. Esan du «txapelketa bakoitzean ahalik eta ondoen geratzea» dela denboraldia amaitu bitarteko helburu nagusia: ligan, bigarren postuan amaitzea; Europako ligan, Lauko Finalean sartzea; eta Espainiako Kopako azken fasean, «ezustekoren bat» ematea. Hain zuzen ere, Kopako azken fase hori etxean jokatuko dute, Irunen, ekainaren 6tik 8ra bitartean.