Bidasoa 24 - 19 Wisla Plock

Bidasoa kanporatu egin dute Txapeldunen Ligatik, nahiz eta ongi jokatu

Irundarrek irabazi egin dute partida, baina Wisla Plockek kontrolpean izan du markagailuko aldea.

Bidasoako Leo Renaud-David Wislako Niko Mindegia geldiarazten, gaur, Artalekun. GORKA ESTRADA / EFE
mikel rodriguez
2020ko otsailaren 29a
18:54
Entzun

Bidasoa ez da Europako hamasei talde onenen artean izanen denboraldi honetan. Irungo taldearen zaleek aste honetan errepasatu egin dituzte nazioarteko lehiaketetan iraganean egindako balentriak, joaneko partidako zazpi golen desabantailari aurre egiteko heldulekuren bat aurkitzeko, baina ez da halakorik gertatu. Hala ere, irundarrek gaur ez dute hain triste utzi Artaleku. Partida ona jokatu dute Wisla Plocken aurka, eta bortz golen aldearekin irabazi diote (24-19). Itxura ona eman dute, eta etxean partidarik galdu gabe utziko dute Txapeldunen Liga. Asobal Ligako talde onenen artean zuen tokia berreskuratu du Bidasoak azken sasoietan, eta gaurko partidak hazten jarraitzeko balioko dio.

Wisla Plockek 32-25 irabazi zuen kanporaketaren joaneko partidan, eta helburu argi batekin etorri da Euskal Herrira: markagailua une oro kontrolatuta mantentzera. Eta lortu du xedea, ez baitu sentitu kanporaketak ihes eginen zionik, nahiz eta azken minutuetan pixka bat urduritu egin diren poloniarrak, Bidasoa, Artalekuko giro beroa lagun, hazi egin baita hiru golen aldea lortuta. Hala ere, Wislak jakin du jokoa hozten, eta gipuzkoarrei denbora motz gelditu zaie epikarako.

Partidak hasiera beroa izan du, harmailetako giroak ere horretara laguntzen baitzuen. Epaileek lehenbiziko sei minutuetan lau jokalari kanporatu dituzte, talde bakoitzetik bi. Wisla erasoan bizkorrago hasi da, eta hiru golen aldea egin du (0-3), baina Bidasoak une bakar batean ere ez du galdu partidaren haria. 3-3 berdindu du, baina poloniarrek berriz ere aitzin hartu, eta irundarrek lehenbiziko zati osoan ez dute lortu berdintzea. Zutoinek —lau aldiz jo dituzte— eta Stevanovic atezainak —hamar geldiketa egin ditu, gehienak lehenbiziko zatian— eragotzi dute hori. Nabarmentzekoa izan da Wislako bidasoar baten lana, Niko Mindegia doneztebarrarena, jokoa banatzerakoan eta banakako aurrez aurrekoetan buruhausteak sortu baitizkie irundarren defentsei.

Denbora falta
Bigarren zatian, ordea, Wisla baino azkarrago atera da Bidasoa, eta lehenbiziko lau minutuetan 4-0eko partzial bat eginda 14-12 paratu da. Hortik partida bukaerara arte irundarrak ez dira gehiago gibeletik paratu markagailuan, baina hamabi minuturen faltan Zoltan Szita hungariarrak norgehiagokako azken berdinketa egin duenean (18-18), nahiko argi ikusi da Bidasoak denbora eskas izanen zuela kanporaketa iraultzeko. Partida irabaztea bihurtu da orduan helburua, eta hiru golen aldea berreskuratuta (21-18 eta 22-19), hori segurtatu dute. Azken hiru minutuetan Wislak jokoa moteldu eta nahasi du, epaileen baimenarekin, eta horrek Artaleku sutu du. Rodrigo Salinasek eta Sergio de la Saludek bortz golen aldea egin dutenerako, segundo eskas batzuk baino ez ziren falta partida bukatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.